Gehiago eman nahi du

Athleticek Europako Ligan eman gura dio buelta emaitza txarren boladari

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Athleticek ez du garaipenik eskuratu jokatu dituen azken bost norgehiagoketan. Inor ez da harritu zuri-gorriek berdegunean erakutsi dutena ikusi ostean. Talde gorabeheratsua da Athletic. Tarteka-marteka joko ona eta eraginkorra egiteko gai dela erakutsi du. Beste askotan, ordea, aurkari mugatuenari irabazteko gai ez dela ere ikusi da. Joaquin Caparrosen taldeak dituen aurpegi biak dira, hain zuzen ere, taldekideen eta ingurukoen kezka iturri nagusia. Partidaz partida erdipurdiko maila erakusten duen taldea izango balitz, ez litzateke eztabaidarako arrazoi txikiena egongo. Ahal duena egiteko eskatuta nahikoa litzateke. Baina gehiago eskatu behar zaio, azken neurketetan egin duen jokoa hobetzeko gaitasuna duela erakutsi baitu behin baino gehiagotan.

Talde bati berea ematea kostatzen zaioenean zergatiak aurkitzea izaten da eman beharreko pausorik egokiena. Arrazoi asko egon daitezke, baina bi dira beste guztien gainetik aipatzen direnak. Bat Caparrosek aipatu zuen atzo, Lezaman egindako lan saioaren ostean. «Atzean banakako hutsegite asko egiten ditugu. Beraz, defentsako lanean indartsuak izan behar dugu, erasoan min egiteko gaitasuna daukagu eta». Arrazoia dauka. Eta, egiari zor, ez dagokio maila goreneko entrenatzaile bati akats horiek konpontzea. Gauza batzuk elitera iritsi aurretik ikasi behar dira. Banakako akatsek kalitate faltarekin dute zerikusi zuzena.

Hala ere, ez da Athleticek daukan gabezia bakarra. Beharbada larriagoa izan daitekeen beste bat badauka: ez dauka jokatzeko era garbirik. Ez dauka estilorik. Eta jakinekoa da zein den gaitz horren erantzule nagusia: entrenatzailea. Caparrosen hirugarren denboraldia da Athleticen. Beraz, ez dauka aitzakiarik. Nahiko denbora izan du jokalarien artean berak gura duen joko era barneratzeko. Jokalarien mailak edo eta ezaugarriek ez badute entrenatzaileak gura duen futbola egiteko aukera ematen, entrenatzailea izan beharko da bere aginduetara dituen jokalariekin egin daitekeen joko aproposena lantzeko ardura duena.

Bide egokia aurkitu ezinik

Caparrosek, oraingoz, ez du bide egokia aurkitu. Gaur Nacionalen aurkako partidan ikusiko den Athleticek, esaterako, ez du zerikusirik izango joan den igandean Sportingen kontra ikusitakoarekin. Jokalari asko berriak izango dira, eta futbolari horiekin egin behar den jokoa ere guztiz diferentea izango da. Horretaz guztiak ohartzeko ezinbestekoa da euskarrian arituko diren futbolarien ezaugarriak aztertzea. Igandean Javi Martinez eta Gurpegi aritu ziren. Indarra, eta lanerako gaitasuna dira bi jokalarien ezaugarri nagusiak. Gaur, berriz, Yeste eta Orbaiz ariko dira -joan den sasoian sei aldiz jokatu zuten elkarrekin eta Athleticek bost partida galdu zituen-. Bi jokalariok baloiaren jabe direnean dira eraginkorrak. Zein da, beraz, egungo Athleticen estiloa? Inork ez daki. Balio duen bakarra azken emaitza da. «Emaitza ona behar dugu. Bolada txarrarekin amaitzeko ezinbestekoa delako, eta irabaziz gero, aurrerapauso handia emango dugulako ligaxkan».

Jokalari eta entrenatzaileen ustez gaurko aurkaria da kontrario nagusia. Europan talde ezezaguna izan arren, gertutik jarraitzen dutenek badakite zer egiteko gai den. Joan den sasoian ezusteko nagusia izan zen Portugalgo Ligan -laugarren izan zen- eta denboraldion jokalari garrantzitsu asko galdu arren, lehiakorra izaten jarraitzen du. Beraz, gaurko neurketan eta Funchalen jokatu beharreko partidan erabakiko da Werder Bremenekin batera aurrera egingo duen taldea. «Badirudi Nacional izango dela aurkari nagusia. Beraz, euren kontrako partidak garrantzitsuak izango dira. San Mamesen irabazten badugu, eta Werder Bremenek gaur Vienako Austria mendean hartzen badu, abantaila handia lortuko dugu», adierazi zuen atzo Joseba Etxeberriak. «Ez da erraza izango. Nacional aurkari gogorra izango da. Joko alaia egiten du. Neurketa osoa jokatu beharko dugu irabazteko», gaineratu zuen.

Sei aldaketa egingo ditu Caparrosek hasierako hamaikakoan. Yesterekin eta Orbaizekin batera Gabilondo izango da zelai erdiko aldaketa nagusia. Lana eta estrategia jokaldietarako ezker bikaina eskainiko dizkio donostiarrak Athletici. Aurrean, berriz, Etxeberriak jokatuko du Llorenterekin batera. Atzeko lerroan Ustaritz eta Castillo dira Etxeitaren eta Koikiliren partez jokatzeko aukeratutako futbolariak.



San Mames berria «bai edo bai» egingo dela dio Jose Luis Bilbaok

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak atzo nabarmendu zuen Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan edo ez izan, San Mames eta Guggenheim berriak «bai edo bai» egingo direla. Bilbaok Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileari erantzun nahi izan zion. Mendiak herenegun esan zuen Jaurlaritzak ez zuela San Mames berria diruz lagunduko, haren erabilera publikoa izan ezean. Bilbaok bakarrik ez zuen hitz egin atzo gaiaren inguruan. Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak adierazi zuen San Mames berriak erabilera publikoa izatea «bermatu behar» dela. Julia Madrazo Bilboko Udaleko Hirigintza eta Ingurugiro zinegotziak, berriz, Jaurlaritzak «jarrera nahasia» duela salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.