Berasaluze-Zubieta 22. Bengoetxea-Barriola 17

Gehiago iraun die erregaiak

6-14 atzetik joan arren, Berasaluze VIII.ak eta Zubietak ez dute etsi, eta Donostiako feriaren finalerako sailkatu dira

Berasaluze VIII.a pilota jotzear, atzoko partidan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Iraupena. 101 minutu.

Pilotakadak. 606.

Sakez. Berasaluze VIII.ak bi, eta Bengoetxea VI.ak bat, eta falta bat.

Markagailua. 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-7, 5-7, 5-11, 6-11, 6-14, 13-14, 13-15, 17-15, 17-17 eta 22-17.

Bestelakoak. Jende dezente bildu zen Donostiako Atano III.a pilotalekuan: 600 ikusle inguru. Partida hasieran, dirua parean atera zen. Bero izugarria egin zuen kantxa barruan, eta pilotariek askotan hartu zuten aldageletarako bidea.

Bukatu da leitzarren bolada. Berdintzeko ia ezinezkoa den bolada. Enpresa ezberdinetako pilotariak izan arren, Bengoetxea VI.ak eta Barriolak askotan jokatu izan dute elkarrekin bikotea osatuz, eta sekula partidarik galdu gabeak ziren atzora arte. Atzo, baina, etsi beharrean gertatu ziren. Bederatzi garaipen bazituzten, baina hamargarrenik ez zuten lortu. Berasaluze VIII.ak eta Zubietak eragotzi zuten hori, Donostia Hiria torneoaren finalerdian. Partida gogorra eta estua jokatu zuten lau pilotariek, eta leitzarrek eskura eduki zuten garaipena. Ordea, gorriek ez zuten momentu bakar batean ere etsi, eta lehia gogortu zenean gehiago asmatu zuten. Hauspoak garrantzia izan zuen, eta gehiago iraun zien erregaiak Berasaluze VIII.ari eta Zubietari. Hala, torneoaren finala jokatuko dute Irujoren eta Albisuren aurka, datorren ostiralean.

Erritmo bizian ekin zion lehiari Bengoetxea VI.ak. Elektriko. Konturatze ordurako 1-4 jarri ziren aurretik leitzarrak. Barriolaren sendotasuna baliatuz, Asegarceko aurrelariak erremate politak eskaini zituen. Gorriak trakets hasi ziren. Oso trakets ere. Berasaluze VIII.ak laugarren neurketa zuen jarraian, eta igarri zitzaion. Motel aritu zen. Baita Zubieta ere. Aurkarien pilota astuna mugitu ezinik ibili zen une oro, eta Barriolari bizkarra ezin erakutsirik. Teorian, elkarrentzako eginiko bikotea behar luke izan Berasaluze VIII.ak eta Zubietak osaturikoak, baina partida hasieran bestelako itxura eman zuten.

Bengoetxea VI.ak eta Barriolak ez zuten errukirik izan arerioen pattalaldia ikusita, eta lan erdietara sei tanto aurretik iritsi ziren (5-11). Dena den, norgehiagokako alderik handiena 6-14koan eduki zuten. Zubietak pare bat bisita egin zituen aldageletara, eta Berasaluze VIII.ak ere bai bakarren bat. Ez ziren eroso ari. Bazirudien urdinek garaipen erraza lortuko zutela eta eutsiko ziotela bolada onari. Baina ez. Garaiz esnatu ziren gorriak. Partida gogortzea erabaki zuten eta tantorik ez oparitzea.

6-14kotik 13-14kora hurbildu ziren, batez ere, Zubietaren jokoari esker. Atzelariak agintzen duenean aurrelariak eroso jokatzen du, eta horixe bera egin zuten garaileek. Zubietak erabat erakutsi zion bizkarra Barriolari partidaren bigarren zatian, eta berriztarrak ez zituen aukerak alferrik galdu. Orduantxe hasi zen Asegarcekoaren erakustaldia. Modu guztietako tantoak egin zituen, baina ezker airez ederrenak. Barriolak behera egin zuen fisikoki, ezin izan zion pilotarik kendu Berasaluze VIII.ari, eta Bengoetxea VI.ak salduta jokatu zuen.

15nakoa izan zen partidako lehen berdinketa, baina parera iritsi bakarrik ez, hamabostetik azkar pasatu ere egin ziren Berasaluze VIII.a eta Zubieta. Leitzar aurrelaria saiatu zen handik eta hemendik tantoak egiten, baina alferrik. Gorriak askoz osoago heldu ziren azken txanpara, eta ia miraria behar izan zuten urdinek tanto bat egiteko. Merezitako garaipena lortu zuten Berrizkoak eta Etxarrikoak, eta bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten. Irujo eta Albisuren aurka eskura izango dute titulua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.