OSASUNA 0. AT. MADRIL 1

Gehiegizko errespetuarekin

Osasunak beldurrez bezala jokatu du lehen zatian Atletico Madrilen aurka, eta Godinek desorekatu du partida, korner bateanCourtoisek hiru geldiketa bikainen erruz, maldan behera jarraitzen dute nafarrek

Atletico Madrileko jokalariak, atzo, Godinek 40. minutuan sartutako gola ospatzen; erabakigarria izan zen jokaldi hori. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2012ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Gola: 0-1: Godinek (40. min.) Epailea: Perez Montero. Txartel horia Osasunako Lekic, Raul Garcia eta Puñali, eta Atletico Madrileko Falcao, Tiago eta Courtoisi. Bestelakoak: 15.000 ikusle inguru Nafarroako Erresuman.

Bigarren zatiko jokoa partida guztian egin izan balu... Ez da seinale ona partida baten kronika baldintza batekin hastea. Eta horixe gertatu zitzaion atzo Osasunari, lehen zatiko lanak baldintzatuta aritu zela bigarrenean. Nafarrek errespetu handia zioten Atletico Madrili, bolada onean zirelako espainiarrak. Baina errespetutik beldurrerako pausoa eman zuten tarteka. Esnatu ziren bigarren zatian, baina beranduegi izan zen. 0-1. Ligan etxean hirugarren partida irabazi gabe. Eta arduratzen hasteko egoera.

Partida beroa espero zen atzo Nafarroako Erresuman, baina bi taldeek hotz ekin zioten lehiari. Errespetua, neurrian, ez da txarra izaten futbolean ere. Baina tarte txikia dago errespetutik beldurrera. Diego Pablo Simeone Atletico Madrilera iritsi denetik, espainiarrek ez dute golik jaso, eta atzo ere horixe zen madrildarren lehen helburu argia. Atzean seguru, eta zelai erdian arriskatu gabe, ezerezean utzi zuten Osasunaren ahalegin oro. Egiari zor, etxekoek ere baloiaren atzetik kokatu zituzten jokalari gehienak.

Ikuskizun apala eskaini zuten bi taldeek lehen 45 minutuetan. Adrian saiatu zen eskuin hegaletik Satrustegi estutzen, eta Lamah eta Nekunamen laguntza behar izan zuen gazteak aurrelariaren abileziari aurre egiteko. Juanfran ere berrindartu egin du Simeonek eskuin hegaleko atzelari postuan jarrita, eta eskuin hegal horretatik egin zuten min espainiarrek. 15. minutuan eduki zuen Atletico Madrilek lehen zatiko bi aukera argietan lehena. Falcaok, potentzia handiarekin, erraz irabazi zien jauzian Osasunako atzelariei, eta Kokek zetorkion bezala astindu zuen baloia, area barruan. Geldiketa ona egin zuen Andres Fernandezek.

Etxekoen artean, errespetutik beldurrerako tarte horretan dosi txiki bat gehiago izan zen jokaldi hori. Atzeko zuloak itxi, eta ezer gutxi gehiago egin ahal izan zuten nafarrek lehen 45 minutuetan. Osasunako hiru jokalari atzean utzita, erritmo aldaketa ona egin zuen Filipe Luisek 40. minutuan. Eta jokaldi horren amaierako korner jaurtiketan jarri ziren aurretik bisitariak. Kokek atera zuen kornerra, Adrianek atzeraka bidali zuen baloia lehen zutoinean, Falcaok aurrea hartu zien atzelari guztiei, eta Andresek urruntzea lortu bazuen ere, Godinek bidali zuen baloia sareetara,goleko marran bertan.

Mendilibarrek nahi zuena

Lehen 45 minutuetan bi taldeek ez zuten merezimendurik egin irabazten joateko, baina espainiarrei lasaitasun handia eman zien gol horrek bigarren zatirako. Hori bai, Osasunak bigarren zatian gehiago asmatu zuen Mendilibarrek nahi zuen partida jokatzen. Baloi luzeekin min egitea nahi zuen Osasunako entrenatzaileak. Eta jokamolde horrekin sortu zuten etxekoek arriskua. Barkatzen duenak gogotik ordaintzen duela esan ohi da beti, eta espainiarrek arrisku hori izan zuten. Adrianek 52. minutuan eta Falcaok 57.ean, aukera argi-argiak izan zituzten 0-2koa sartu eta partida ixteko. Baina Andresen lan onak bizirik mantendu zituen etxekoak.

Itzali antzean ibili zen Lamah, baina bere erdiraketa bat sareetara bidaltzeko zorian egon zen Raul Garcia 75. minutuan. Geldiketa ederra egin zuen Courtoisek. Etxekoen beste bi aukera onak 80. minutuan iritsi ziren. Timorrek egin zituen bi erdiraketak, eta Lekicek ere asmatu zuen errematean. Baina 19 urteko etorkizuneko atezain bikaina dauka Atletico Madrilek atepean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.