Amaitu da azkenean 2019-2020ko Espainiako liga, ia urtebete pasatu eta gero, koronabirusaren ondorioz hiru hilabetez etenda egon eta gero. Reala izan da euskal taldeen artean distira gehien egin duena, eta Europarako sailkatu da. Athletic borrokan ibili da, baina amaiera tristea eman dio sasoiari. Osasunak aise lortu du salbazioa, eta Eibarrek, eta batez ere Alavesek, sufrituta.
Reala (6. 56 puntu)
Gozatzeko denboraldia
Konfinamenduaren osteko bolada txarrak ia ginga jartzea eragotzi dion arren, oso denboraldia ona izan du Realak. Joko ikusgarria eginez, ligako sentsazioetako bat izan da Imanol Alguacilen taldea, eta azkenean Europa Ligarako sailkapena lortuz biribildu du. Atarikorik jokatu gabe, gainera. Hor du baita ere Espainiako Kopako finala zain, Athleticen kontra. Zale txuri-urdinek ez dute berehalakoan ahaztuko final-laurdenetan Santiago Bernabeun lortutako garaipena (3-4).
Koronabirusaren pandemiak ateak itxita jokatzera behartu arte, ikaragarria izan zen taldearen eta zaleen arteko lotura. Anoeta berriak eta Bultzadaren babesak airean eraman zuen Imanolen taldea. Bien arteko lotura ikaragarria izan zen. Izan ere, zaleen babes nekaezina taldearen joko ikusgarriarekin egin zuen bat. Hori izan da denboraldiaren gakoetako bat. Bestea jokalarien maila. Horien artean izan bat nabarmendu behar da Martin Odegaardena. Norvegiarra guztien ahotan egon da, eta taldearen iparrorratza izanda. Isaakek ere zertzeladak baino gehiago utzi ditu, eta etorkizun handiko golegilea izan daitekeela erakutsi du. Porturen abiadurak eta Monrealen eskarmentuak asko lagundu diote taldeari. Fitxaketekin, beraz, fin aritu zen Olabe. Baina ez da ahaztu behar zeudenen ekarpena. Oiartzabalen lidergoa eta nortasuna, Merinok eta Zubeldiak zelai erdian egindako lana, Zubeldia eta Elustondoren lan isila... Eta denen gidari Imanol Alguacil. Lidergoa eta nortasuna erakutsi ditu hark ere.
Albiste txarrena Illarramendiren lesioak izan dira, denboraldi osoa jokatu ezinik egon baita Mutrikukoa. Baita ere Willian Joserekin pasatakoa. Espanyolen aurkako Espainiako Kopako kanporaketa jokatzeari uko egin zion, Evertonera zihoalakoan. Azkenean ez zen joan. Baina ikusteke dago udan honetan zer pasatuko den harekin. David Zurutuzaren agur denboraldia ere izan da.
Osasuna (10. 52 puntu)
Balio handiko denboraldia
Igo berria izanda, mailari eustea zen Osasunaren helburua denboraldia hasi zenean. Aise lortu du, denboraldi aparta eginez. Igoerkoa denboraldiko txanpa ona baliatuz, nafarrek oso izaera lehiakorra erakutsi dute denboraldi osoan zehar, hiruzpalau partidetan salbu. Etxean Granadaren, Atletico Madrilen eta Valentziaren aurka jokatutakoak. Gainontzean, talde orekatua eta borrokalaria izan da, bere indarguneei etekina atera diena, eta gabeziak ondo estali dituena. Langilea eta Jagoba Arrasatek proposatutako jokatzeko era zintzo erakutsi duena zelaian. Hain zuzen ere, entrenatzaile moduan duen balioa erakusteko denboraldia ere izan da Arrasatek. Marka bat ere ezarri du. 2018-2019 denboraldikoak batuta, 31 partida egin baitzituen Sadarren galdu gabe. Atheticek apurtu zuen marka, 1-2 irabazita.
Fitxaketen artean izen bat nabarmendu behar da: Chimy Avilarena. Sasoiko izarretako bat izaten ari zen aurrelari argentinarra. 11 gol zeramatzan, eta zaleen kuttuna zen. Levanteren aurkako partidan, urtarrilean, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Lesio larria, eta kolpea nafarrentzat. Baina horri ere buelta ematen jakin zuten, talde jokoa indartuz. Nabarmendu den beste jokalarietako Pervis Estupiñan izan da. Ezker hegalekoa ezusteetako bat izan da. Taldeari sakontasuna eman dio, eta hauspoa eta indarra erasoan. Nekaezina izan da hegala igotzen eta jaisten. Watfordek bi denboraldiz utzi zion Osasunari Estupiñan, baina egin duen denboraldia kontuan hartuta, ikusteke dago jarraituko duen. Etxekoen artean, besteak beste, Roberto Torresen eta Ruben Garciaren lana nabarmendu behar da, baita Oier Sanjurjo kapitainarena.
Osasunak mendeurrena beteko du datorren denboraldian, Lehen Mailan sendotuta, bai kirol ikuspegitik, zein ekonomikoki. Duela hiruzpalau denboraldi zaila zirudiena lortu du, eta ez du ematen gauzak asko aldatu behar dituenik. Nahiz eta Jagoba Arrasatek ziur beste urrats bat egin nahiko duela, eta horretarako atonduko duen hurrengo denboraldiko taldea.
Athletic (11. 51 puntu)
Ez da nahikoa izan
Athleticek Europan jokatzea zuen helburu denboraldi hasieran. Baina ez du lortu. Aurreko ostegunean geratu zen aukerarik gabe. Leganesen aurka 0-2 galdu eta gero, eta amaiera tristea eman dio sasoiari Granadan 4-0 galdu eta gero.. Denboraldia ondo hasi arren, hamar partida eman zituen irabazi gabe abendua eta otsaila bitarte, eta hori zama handia izan zen. Konfinamendura jada kontrakarrean ailegatu zen Europarako lehian, baina borroka jardunaldi batzuk luzatu zuen etenaren ostean. Ez da nahikoa izan, ordea.
Gozatua Espainiako Koparekin hartu dute zale zuri-gorriek. Izan ere, final historiko bat dute aurretik: Realaren aurkakoa. Garitanoaren taldeak sufrituta gainditu zituen kanporaketa guztiak, Intercityren eta Sestaoren aurkakoak izan ezik. Baina Elx eta Tenerife penaltietan utzi zuen zituen kanpoan, eta Bartzelona eta Granada azken minutuetan.
Agurren denboraldia ere izan da. Garrantzitsuena Aritz Adurizena izan da. Jakina zen sasoi amaieran erretiroa hartuko zuela. Baina aldakako lesio batek, aurretik egitera behartu zuen. Talde zuri-gorriarekin 407 partida jokatu, eta 172 gol sartu ditu. Baina zenbakietatik harago doa Adurizek utzi duena, eta agurrean ikusi zen. Koronabirusarengatik San Mames hutsik zela, eta taldekide guztiak inguruan zituela, hunkituta esan zuen agur, euskara hutsez egindako hitzaldi batean. Beste bi jokalari garrantzitsuk ere utziko dute taldea, Beñatek eta San Josek. Biek ez dute jokatzeko aukera askorik izan sasoi honetan, eta ekainaren 30ean amaitzen zitzaien kontratua. Baina sasoia amaitu bitarte taldean segitzeko proposamena onartu zuten. Nahiz eta kaleratu zuten oharrean onartu zuten, egongo zela denbora hainbat gauza argitzeko.
Datorren denboraldian Garitanok jarraituko du taldea zuzentzen, duela aste batzuk beste sasoi baterako berritu baitzuen kontratua, eta ikusteke dago, gero eta zailagoa den merkatuan mugimendurik egiten duten Ibaiganeko bulegoetatik. Javi Martinez izena ahoz aho dabil.
Eibar (14. 42 puntu)
Mendilibarren beste mirari bat
Eibarrek beste denboraldi bat egingo du Lehen Mailan, zazpigarrena. Hori da esan daitekeen gauzarik onena. Helburua beteta, baina aparteko distirarik gabe. Aurreko denboraldietan beti lortu du emaitza bolada onak kateatzea talde gipuzkoarrak. Baina sasoi honetan hori falta izan zaio. Atzean, gainera, aurreko denboraldietan zuen sendotasuna galdu du hainbat neurketetan, eta hori zama izan da. Espanyolen zelaian lortu zuen salbazioa, bi penaltiri esker, eta partida hura sasoi osoaren isla izan zen: grisa.
Fitxaketek ere ez dute aparteko distirarik egin, eta Dimitrovic, Diop, Kike, Charles eta enparauak izan dira beste behin babak eltzetik atera dituztenak. Are gehiago etenaren ostean, eta ekainaren 30ean kontratua amaituta, Orellanak eta Escalantek taldea utzi zutenean.
Behin denboraldia amaituta, Jose Luis Mendilibarren etorkizunarekin zer pasatuko den zalantza. Duela aste batzuk zaila zirudien segitzea, teknikariak berak aitortu zuen nekatuta zegoela, eta gauza asko zituela hitz egiteko klubarekin. Baina, badirudi, beste denboraldi batez Eibarren aulkian eseriko dela, eta horrek airean utz dezakeela Fran Garagarza idazkari teknikoak jarraitzea. Baina datozen asteetan argituko da dena.
Alaves (16. 39 puntu)
Jarraitutasuna lortu ezinik
Asier Garitanoren eskutik, Abelardok taldeari emandako egonkortasunaren segida eman nahi zion Alavesek. Aurkezpenean bertan Bergarako teknikariak argi utzi zuen hori zela bere xedea ere: "Kluba gauzak ondo egiten ari da, eta bide horri jarraituz, hazten segitzea da helburua, mugari jarri gabe”. Ondo ekin zion ligari, Levanteri 1-0 irabazi baitzion estreinakoan, eta hurrengo bi partidetan puntu bana eskuratu baitzituen Espanyolen (0-0) eta Getaferen (1-1) kontra. Baina handik bi jardunaldira, Athleticen eta Realaren aurkako derbietan itxura tamalgarria eman ondotik, lehen zalantzan sortu ziren teknikaren eta talderen inguruan. Zalantza horiek, gainera, sasoiko hainbat alditan agertu ziren. Hurrengoa Gabonetako etenaren aurretik izan zen.Urteko azken lau partidetan puntu bakarra lortu eta Hirugarren Mailako Jaenek Espainiako Kopatik kanporatu zuenean.
Garitanok zuzentzen duen taldeen ezaugarria izan da, defentsako lan on batetik abiatuta, oreka izatea. Baina ez zuen hori lortzen, ez zion taldeari berak nahi zuen zigilua ematen. Erasoan, gainera, talde arabarrak gehiegizko mendekotasuna zuen Joselu eta Lucas Perezekiko. Zalantzari gabe haiek izan dira sasoi honetako fitxaketarik onenak. Biak izan dira taldeko golegile nagusiak. Taldeak gorabehera asko zituen emaitzetan, eta jokalariak erabakimenik gabe ari ziren. Urtea ez zen hobeto hasi, Mendizorrotzan Betisen aurka bana egin eta gero, Aleix Vidalek Garitanoren aldaketak kritikatu zituen, “defentsiboegiak” zirelakoan. Azkenean kapitainek esku hartu, eta jokalariak barkamena eskatu zuen, baina bazirudien jokalariek ez zuten teknikariaren jokatzeko era eta mezua barneratzen.
Taldeak hobera egin zuen, eta sasoiko uneri onenean zela, eta Lehen Mailari eusteko helburua ondo bideratuta zuela zirudienean iritsi zen ligaren etena. Gozakaitz bueltatu zen taldea hiru hilabeteren ostean. Zazpi partidetan garaipen bakarra pilatzea lortu zuen. Bereziki mingarria izan zen Celtaren kontrako 6-0eko porrota. Azkenean, Valladoliden zelaian 1-0 galdu eta gero, zuzendaritzak Garitano kargutik kendu eta bi asterako Juan Ramon Lopez Muñizi eman zion taldea zuzentzeko ardura bi asteaz. Sufrituta bada ere, aurreko ostegunean lortu zuen salbazioa, Betisi 1-2 irabazi eta gero. Argitzeke dago Lopez Muñizek segituko duen, baina, ez dirudi. “Oso gustura egon naiz, plazera izan da”. Agurtu zen Bartzelonaren porrotaren osteko prentsaurrekoan”.