Geldiezinak, Monzan

Lewis Hamiltonek eta McLarenek ederki baliatu dute KERSa, eta sasoiko bigarren 'pole'-a lortu Italian

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko irailaren 13a
00:00
Entzun
McLaren-Mercedes taldeko Lewis Hamiltonek egin zuen atzo denborarik onena Italiako Sari Nagusirako sailkatze proban, Monzan. Urteko bigarren pole-a du Hamiltonek, Europako Sari Nagusian lortutakoaren ondoren, eta taldeak bide onean jarraitzen duela erakusten du. Bide onetik doa ere Force India, Adrian Sutil izan baitzen bigarren. Mercedes motorrek dominatu zuten saioa, lehen zazpi lekuetan sartu baitzituzten sei bultzagailuak.

Lehendik ere jakina zen Force India ondo ariko zela, zirkuitu gehienetan puntako abiadura neurgailuetan lehen postuetan agertzen zelako. Hala ere ezin zaio meriturik kendu, bi gidariak sartu baitzituen Q3 saioan, tartean taldearekin debuta egin zuen Vitantonio Liuzzi. Hamiltonena, aldiz, berak ere ez zuen espero, baina KERSari etekin guztia atera zion sailkatze proban eta horri esker kendu zion pole-a Sutili.

Hamiltonek adierazi zuen lau hamarreneko irabaz zitzakeela entrenamenduetan KERSari esker, justu itzulia hasi aurretik erabiliz, eta ondoren itzulian bertan. Horri esker lortu zuen, beraz, lehen postua. Lasterketan ez dio abantaila hori emango denborari dagokionez, baina irteeran oso lagungarri izango da, eta inork aurreratu nahi izanez gero KERSak asko zailduko dizkio gauzak.

Hala ere, KERSak ez du auto txar bat eraldatzen, eta oinarri ona behar du emaitza ona lortzeko. Horrek erakusten du Renaultek KERSa erabilita ere ez duela gehiegi irabazi, motorra ez baita horren indartsua. Red Bull autoekin ikus daiteke hori; txasi ona dute, baina motorra justu samar gelditzen da. Bosgarren lerrotik hasita, irabazteko aukerarik gabe gelditu dira.

Beraien aurkari nagusia BrawnGP da, eta hauek hirugarren lerroaz jabetu ziren. Barrichello eta Button aspaldiko partez emaitza ona lortzeko moduan daudela dirudi. Orain arte bata edo bestea gauza izan dira zerbait egiteko, baina biek batera ezer gutxi. Eta Buttonek badu garaia bere emaitzetan aldaketa ezartzeko. Azken bost lasterketetan hamabi puntu besterik ez ditu lortu, eta Belgikan bere lasterketak ez zuen itzuli bat ere iraun. Monzan atzo adierazi zuen irabazteko moduan ikusten duela bere burua, baina seigarren tokitik aterata, hori esatea askotxo da.

Jada ez da inor harritzen txapelketa hain aldrebes ikustean. Lehen talde indartsuak bi ziren, eta haien artean banatzen ziren lasterketa gehienak. Aurten hori ez da posible, ez da halakorik gertatzen. Force India ondo ibiliko zela espero zen, eta orokorrean Mercedes motorrak ere bai, baina alde handia dagoela dirudi. Raikkonen soilik libratu da, hirugarren denbora eginez, eta litekeena da berriro podiumean amaitzea. Finlandiarraren denboraldi amaiera goi mailakoa izaten ari da.

Garaipena seguruenik Mercedesek eramango du, eta guztiek datorren urterako nahiko duten motorra bilakatuko da haiena. Buttonek bere aldea handitzeko erabili behar du lasterketa, ez baitu halako aldeko zirkuiturik izango urtea amaitu bitartean. Red Bullek, aldiz, Monza ahal bezain azkar pasatzea nahi luke. Hala ere, Belgikan baino hobeto aritu zen autoa sailkapenean, eta postu batzuk irabaziko dituzte. Adrian Sutilek sorpresa eman dezake, baina garaipena oso zaila du, batez ere, aurretik eta atzetik KERSa duten autoak dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.