Epailea: Fernando Teixeira Vitienes. Txartel horiak: Osasunako Puñal eta Satrustegiri. Realeko jokalari bakar bati ere ez zion atera txartel horirik. Bestelakoak: 25.769 ikusle Donostiako Anoeta estadioan, tartean Iruñetik joandako ehunka zale. Euri asko egin zuen partida guztian zehar, eta oso labainkor zegoen zelaia.
Berdinketa batek gutxitan utzi ohi du aho zapore berbera bi lehiakideren artean, eta atzo Anoetatik inor beteta atera bazen, hori Osasuna izan zen, Mendilibarren jokalariek lehen minututik ontzat jo zuten-eta puntua. Sailkapenak erabateko zerikusia dauka horretan. Gorritxoen ibilia txuri-urdinena baino dezentez lasaiagoa denez, beheko putzu arriskutsua bertatik bertara ikustearen mehatxurik gabe ari dira. Ulergarria da.
Ondorioz, eustera atera ziren nafarrak, Realak zer proposatuko zain, eta euren aukeratxoa iritsiko zen itxaropenarekin. Ia ezinezkoa da Osasuna ezustean harrapatzea, talde sendoa baita, behar bezala antolatua, eta defentsa lanean zorrotza. Kontua da Realak gora egin duela nabarmen Elustondo-Aranburu-Zurutuza hirukoaren jokoan oinarrituta, eta gehiago izan zela; lehen ordubetean askoz ere gehiago. Osasunak ezin izan zuen etxekoen etorria isilarazi. Hala, markagailuan aurretik jartzeko benetako aukerak sortzeari ekin zioten Montanierren jokalariek hasieratik. Lehen zatiko argiena Cadamurok sortu zuen —jokoz kanpo zegoen—, bigarren zutoinean, bakar-bakarrik, Elustondoren erdiraketa errematatuta.
Velak bi izan zituen argiak. Bata areaz kanpoko falta jaurtiketa batean. Giza hesia gaindituta, ez zuen aparte izan Andres Fernandezen atea —gorritxoen jokalaririk aipagarriena—. Bestea bigarren zutoinean erdiraketa bat atzeman eta gero izan zuen. Langaz gora bidali zuen. Griezmann, bere burua eskainiz behin eta berriz, ez da denboraldi hasierako aurrelari lotsatia. Protagonista izan zen erasoko jokaldi gehienetan. Hiru aldiz astindu zuen baloia intentzio makurrarekin. Bitan erantzun ona eman zion Osasunako atezainak. Bestea gutxigatik joan zen kanpora. 30 metroko errematea izan zen bere zango motelarekin egindakoa. Horrek garbi adierazten du txakalaldia atzean utzi duela.
Lehen zatia luzea egin zitzaien kanpotarrei. Laburra etxekoei. Golaren saririk gabe joateak ezin zion mesederik egin Realari bigarren zatiari begira, indar asko xahutu zuelako. Gainera, ez zen Kopa jokatu zaharra, hasieratik aritzen diren ia jokalari guztiekin. Horrek haizearen norabidea aldatzea ekarri behar zuen derrigorrean, eta, hein handi batean, horrelaxe izan zen.
Desoreka orekatu
Bigarren zatiak aurrera egin ahala, gutxiago entzuten zen gipuzkoarren hitza. Osasunak nahi zuen tokian zeukan harrapakina. Hori bai, heltzen utzi arren, ez zuen bere bila joateko benetako ahaleginik egin. Osasunak sortutako abagune garbiena Timorren oinetan sortu zen, 46. minutuan. Elustondori diru zorroa kendu ostean, areako norabidea hartu zuen abiada bizian, nahiz presaka atera kolpea eskuinez. Nino eta Ibrahima inguruan zeramatzan baloi eskean.
Azken ordu erdian bi entrenatzaileek aulkira begiratu zuten. Mendilibarrek bi atzelari sartu zituen tartean: Lolo Timorren lekuan, emaitzari eusteko; eta Bertran Satrustegiren ordez, txartel horia zela tarteko. Montanierrek, berriz, Ifran eta Prieto sartu zituen Vela eta Agirretxeren ordez. Gola nahi zuen. Uruguaitarrak bizitasuna erakutsi zuen. Donostiarrak, ezer gutxi. Ez dago sasoiko.
Onenak emanda egon arren, erasoan amaitu zuten etxekoek, nahiz eta Osasunak erabat kontrolpean izan neurketa azken ordu laurdenean. Realzaleek ezin diete ezer leporatu bereei. Oreka, bizitasuna, erritmoa eta sakontasuna izan baitzuen. Bi taldeek sei jardunaldi daramate ligan galdu gabe. Osasuna erabateko zukua ari da ateratzen bere argudioei. Eta Realak ere, behingoz, garbi dauka zer egin behar duen.
REALA 0. OSASUNA 0
Geldiketa grinari
Realak ez du gogo onez hartu puntua, gehiago merezi izan baitu, eta Osasuna konforme gelditu da Anoetan ez galdutaBi taldeek sei jardunaldi daramatzate galdu gabe, gauzak txukun egiten ari diren seinale
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu