Geraint Thomasek (Sky) bete du ametsa: 2018ko Frantziako Tourra irabazi du. Senpere eta Ezpeleta arteko erlojupekoan sobera izan du 2.05 minutuko diferentzia. Lehen hamar postuetan Chris Froomek (Sky) eman du ezusteko txikia. Txirrindulari britainiarrak Primoz Roglici (Lotto Jumbo) 1.11 minutu atera, eta podiumeko hirugarren postuan amaituko du Tourra. Tom Dumoulin (Sky) izan da etapan indartsuena: 40 minutu eta 52 segundo behar izan ditu 31 kilometroko ibilbide gogorra egiteko. Bihar Pariseko podiumean, Thomas, Dumoulin eta Froome egongo dira, beraz. Mikel Landak (Movistar) erlojupeko kaskarra egin du, eta ezin izan du seigarren postua mantendu. Romain Bardetek (Ag2r) pasatu du.
Ibilbidea gorabeheratsua zen, eta erlojupekoetan espezialista peto-petoak ez dira nahi bezain fin ibili. Luzaroan, Michael Hepburnena (Mitchelton) izan da denborarik onena helmugan. Marc Soler (Movistar) izan da hobetzen lehena. Kataluiniarrak erakutsi du Pinudietako igoera gogorra erabakigarria izango zela. 22. kilometroan zegoen mugarritik helmugara bitartean, 17 segundoan hobetu du Hepburnen denbora. Soren Kragh Andersenek (Sunweb) aurrena, eta Michal Kwiatkowskik (Sky) ondoren, hobetu dute denbora. Sailkapen nagusiko indartsuenak falta ziren, ordea. Froomek 51 segundo atera dizkio taldekideari. Dumoulinek, ordea, segundo batean hobetu du britainiarraren marka. Tarteko mugarrietan lanik onena egiten ari bazen ere, Thomasek amaiera aldera apur bat hanka altza, eta 14 segundora helmugaratu da. Frantziako Tourra poltsikoan zuela jakinda, ospatuz zeharkatu du helmuga marra.