Gure taldean ez dago ez izarrik, ez liderrik. Denak dira liderrak». Claude Onesta Frantziako hautatzaileak Munduko Eskubaloi Txapelketan behin baino gehiagotan igorritako mezua da; hedabideei bidaliriko oharra, eta Nikola Karabatic babestu nahian esana. Baina ez du lortu, hark bereganatu baitu Suedian elkarrizketa eta arreta gehien, eta atzo, Parisko aireportuan, ia erotu zuten argazkilariek. Munduko eskubaloi jokalaririk onena da... eta ezagunena. Frantziako hedabideetan maiz agertzen da, eta bere irudia inor gutxik bezala ustiatu du. Bere burua zuritu beharrean ikusi zuen txapelketaren aurretik: «Ez naiz Cristiano Ronaldo bezalakoa». Eta, gainera, ona da, oso. Askoren iritziz, munduko jokalaririk onena, eta Munduko Eskubaloi Txapelketan berak jaso du jokalari onenaren saria, Frantziako selekzioko, hau da, txapeldunen erdilaria delako.
Frantziak laugarrenez irabazi zuen munduko titulua herenegun, luzapenean Danimarkari irabazita (35-33). Aurretik Espainiak hirugarren postua lortu zuen Suediaren aurka (24-22). Ordurako, baina, jokalaririk onenaren sariak bazuen irabazlea, azken partiden aurretik egin baitzuten bozketa. Eta bitxia da Karabatic hautatu izana, finalean jokatu baitzuen partidarik onena —10 gol sartu zituen—, eta aurretik,finalerdietan, ez zuen oso lan txukuna egin. Erabakiak hautsa harrotu du, Mikkael Hansen Danimarkako albokoa gehiago nabarmendu baita, eta finalean hamar gol sartu baititu. Baina Karabatic, jokalari bikaina izateaz gain, izarra da, bestak beste.
Eskubaloia ez dago bere garairik onenean, ez munduan eta Frantzian, eta Karabatic izan daiteke ilunpetik atera dezakeen jokalari ezaguna. Atleta petoa da, gerlari gihartsu bat, erasoan zein defentsa lanean partida osoz aritzeko gai, eta ondo moldatzen da kameren aurrean, hainbat iragarki egiteraino. Mikrofono bat parean jartzen dioten bakoitzean, telebista ordu gehiago eskatzen ditu eskubaloiarentzat, eta maiz eskatzen ditu, ospetsua baita. Egun 600.000 euro irabazten ditu urtean, eta bera da gehien kobratzen duen eskubaloi jokalaria.
Iragan sasoian, Alemaniako Kiel talde ahaltsuan lau sasoi egin ondoren Montpellierrera itzuli zen, bere betiko taldera, Asobal ligatik eskaintza hobeak izan arren. Keinu horrek are jatorrago bihurtu zuen Serbian jaio eta Frantziara 4 urterekin bizitzera joaniko eta bere burua alsaziartzat duen mutil puska hori. Era berean, 26 urterekin, lau urtean nazioarteko lau titulu irabazi dituen Frantziako selekzioko kide da: Luc Abalo eta Michel Guigou gazteekin batera, eta Bertrand Gille, Jerome Fernandez eta Didier Dinarten beteranoen alboan historian tarte bat irabazi duen taldekoa.
Gerlaria fokuen azpian
Frantziak irabazi du Munduko Eskubaloi Txapelketa, eta Nikola Karabatic erdikoak jaso du jokalari onenaren saria. Munduko jokalari ezagunena da, mediatikoena; Frantziako telebistetan maiz agertu, eta izar bilakatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu