VALENTZIA 72-50 LOINTEK GERNIKA BIZKAIA

Gernika, Eurokopatik kanpo

Bizkaiko taldeak berriro galdu du Valentziaren aurka. Nekea sumatu du partidak aurrera egin ahala, eta ezinean aritu da azkenean. Hala ere, lan bikaina egin du lehiaketan

Gaby Ocete, baloiarekin, gaur, Valentzian. FIBA
Julen Etxeberria.
2020ko otsailaren 26a
21:56
Entzun

Kito. Amaitu da Lointek Gernika Bizkaiaren ibilia Eurokopan. Valentziak kanporatu du final-zortzirenetan. Joanekoan Malosten egin bezala, Herrialde Katalanetako taldea nagusitu da gaur itzulikoan, La Fontetan: 72-50. Beraz, Valentzia ariko da final-laurdenetan, eta Lointek Gernika Bizkaia lehiaketatik kanpo geratu da.

Balentria egin behar zuten gernikarrek, hamar puntu irauli behar baitzituzten, non eta aurkariaren kantxan. Hori gutxi balitz bezala, Mario Lopezek ohartarazi zuen «erregai gutxirekin» zeudela. Horren erakusle zen hainbat jokalari kili-kolo zeudela: Milic, Mazionite, Roundtree eta Lo. Ez zen egoerarik aproposena balentria bat egiteko. Baina saiatu, gogotik saiatu dira gernikarrak. Argi zuten egitekoa: indartsu hasi, Valentzia urduri jar zedin. Horretarako, sendo aritu behar zuten defentsan, eta eraginkor erasoan. Esan eta egin. Zazpigarren minutua jokatuta, ia ezerezean utzi dute Valentziak joaneko partidan lortutako abantaila: bederatzi puntu jarri dira aurretik (8-17). Pentsatzekoa zen etxekoek gora egingo zutela. Eta hala izan da. Reisingerovari esker, 7-2ko partziala lortu dute (15-19). Baina Gernikak beste estutu bat eman du, eta zortzi gora jarri da (17-25). Kolpeari, beste batekin erantzun dio Valentziak, 27na berdinduta, atsedenaldirako hiru minutu falta zirela. Buchen puntuek eta zonakako defentsa batek min handia egin die gernikarrei. Atsedenaldian, hala ere, aurretik ziren: 29-31. 

Bigarren zatiari aurrenekoari bezala ekin dio Gernikak: indartsu (29-35). Berriro erantzun du Valentziak, baina oraingoan, oso gogor, 20-5eko partziala lortuta. Hogei puntu horietatik hemezortzi hiruko marratik eskuratu ditu. Konturatu orduko, etxekoek bideratua zuten lehia eta kanporaketa: 49-40. Miraria behar zuen Gernikak, eta ez zirudien hori egiteko moduan, nekeak jota baitzen. Horretaz aprobetxatu da Valentzia, aldea handitzeko. Azkenean, 22 punturen aldeaz irabazi du. Zigor handiegia da gernikarrentzat.

Mugarriz mugarri Eurokopan

Triste eta etsita amaitu dute Gernikako kideek partida, eta ulertzekoa da, beste mugarri bat ezarri nahi baitzuten klubaren historian. Baina tristura horrek gutxi iraun beharko luke, handia egin baitute Europako kluben arteko bigarren lehiaketa nagusian. Mugarriz mugarri ibili dira, eta inoiz baino urrunago iritsi dira. Bi koska egin dituzte gora: final-hamaseirenen aurreko kanporaketara iritsiak ziren gehienez, eta final-zortzirenetara ailegatu dira. Aspaldi ez zuen halakorik egin euskal talde batek. Duela hamahiru urte izan zen azkenekoz, eta jada desagertuta dagoen Hondarribia-Irunek egin zuen. Talde handi haren lekukoa hartu du Lointek Gernika Bizkaiak. Gainera, Eurokopan ez ezik, Espainiako Ligan ere bikain ari da Mario Lopezek entrenatutako taldea: hirugarren postuan da sailkapenean, eta Perfumerias Avenida eta Girona ahaltsuak bakarrik ditu aurretik. Burua altxatu behar du, eta orain arte bezala jarraitu. Gertu du hurrengo erronka, erronka ederra: Espainiako Kopa, datorren astean, Salamancan (Espainia). Valentziaren aurkakoa ahazteko modurik onena litzateke Kopan nabarmentzea. Jada erakutsi du gai dela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.