i
Binakako Txapelketa aurrera doa, eta jardunaldiko, bi bikotek gero eta zailagoa dute aurrera egitea: Olaizola II.a- Urrutikoetxeak eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.ak. Lehenengoek 22-9 galdu dute Mungian (Bizkaia), Artolaren eta Imazen kontra; bigarrengoek, aldiz, 22-19 Lasoren eta Albisuren kontra, Iruñean. Hala, zuloan segitzen dute.
Urdinak dira Mungiako (Bizkaia) frontoiaren pareta eta zorua, eta kolore hori izan du han jokatutako partidak. Azken hiru neurketak galdu eta gero, garaipena behar zuten Artolak eta Imazek, eta ez dute huts egin. 22-9 hartu dituzte mendean Olaizola II.a eta Urrutikoetxea. Hala, gorriz jantzitakoek ezin izan diote aurreko jardunaldiko partidari segida eman, eta ezin izan dute urratsa egin finalerdiak jokatzeko aukera emango liekeen kanporaketarako postuetan jartzeko.
Hasieratik izan dira nagusi gipuzkoarrak, eta ohartzerako 9-1 jarri dira aurretik. Atzean egon da lehen tanto horietako gakoa. Imazek beste partida on bat jokatu du, eta Urrutikoetxeak baino jo handiagoa erakutsi du. Zaramatamokoari, aldiz, deseroso ikusi zaio neurketa osoan zehar, zazpigarren-zortzigarren koadroan sartuta, aurrera egin ezinik.9-2koarekinOlaizolak eta Urrutikoetxeak pilota biziagoa atera dute, eta hiru tanto egin dituzte erreskadan. Baina ez zen hori izan galtzaileek partida iraultzeko behar zuten bultzada. Erreskadan hiru tanto galdu, eta partida erabat hautsi da. Pilota berriro aldatu dute Artolak eta Imazek, eta nagusi izan ziren.
Bigarren parte horretan 70 pilotakadatik gorako hainbat tanto izan dira, baina guztiak urdinen alde amaitu dira. Ohikoa izan ez arren, Olaizolak ez du tantoak amaitzen asmatu, nahiz eta arriskatu egin duen horretarako.Hiru baino ez ditu egin lehia osoan. Artolak, berriz, 11. Hor egon da gakoetako bat.Bestea, garaileek pilotari emandako abiaduran egon da. Izan ere, haien eskuetatik ateratzen zenean bizitasun askoz handiagoa hartzen zuen, Olaizolaren eta Urrutikoetxearen eskuetatik egiten zutenean baino. 9-1eko partzial batekin, 18-6 ziren aurretik Artola eta Imaz.
Buelta handia behar zuten Olaizolak eta Imazek partidaren norabidea aldatzeko, baina zuloak topatu ezinik jarraitu dute, eta tanto bat egiteko lan eskerga egin behar izan zuten. Hiru garaipenekin geratuko dira hala.
Emozio gehiago izan du Lasok eta Albisuk Bengoetxearen eta Mariezkurrenaren aurka jokatutakoak. Huts asko egin dituzte bi bikoteek, eta horren ondorioz gorabehera asko izan dira markagailuan. Bengoetxea eta Mariezkurrena 2-0 jarri ziren aurretik, baina gero bost tanto egin dituzte segidan Lasok eta Albisuk. Hortik aurrera berdindu egin da partida.
Ez bikote batek, ez besteak, ez dute partidaren aginte makila izatea lortu. Mariezkurrena min hartuta zegoen, eta ezin izan dio nahi beste lagundu Bengoetxeari. Leitzarrak eraman zuen bikotearen zama. Baina azken tantoetan, Lasok gehiago asmatu zuen aurreko koadroetan, eta horrek erabaki zuen lehia. Hura izan zen partidako pilotaririk onena.