Realak derrigor irabazi behar dio gaur Racingi, mailari eusteko azken itxaropenei uko ez egiteko
xabier lopetegi
Donostia
Gaurkoaren tankerako partida baten aurrean, iragana dator ezinbestean burura: Puertollanoko igoera, Zamoraren gola, Atotxaren xarma, Anoetako hirugarren eta bigarren postuak... Real zaleen iruditegia osatzen duten hainbat eta hainbat oroitzapen gozo. Iraganaz gain, etorkizunaz ere asko hitz egin da azken asteetan; gehiegi, ezer onerako. Bien artean, gaur Racingen kontra taldeak jokatuko duen norgehiagoka erabakigarria da. Garrantzitsuena da, egoera oso zaila dela onartuta ere, oraina baita Realak urte askotako historia ez itsusteko eta etorkizunean eragiteko daukan modu bakarra. Beraz, horri heldu behar zaio, hil edo bizi, indar guztiekin. Hala jokalariek, nola Anoeta beste behin beteko duten jarraitzaileek.
Garaipena da gaur balio duen emaitza bakarra. Irabazita ere, Reala Bigarren Mailan egongo da, Betisek eta Athleticek garaipena lortzen baldin badute. Hau da, besteen esku ere badago salbazioa, baina berea ondo egitea da gutxienez eskatu behar zaiona. Azken unera arte borrokatzea, eta, erori behar izanez gero, duin erortzea. Prietok zein Garitanok adierazi duten moduan, barkaezina litzateke emaitzak lagun izatea eta taldeak etxeko lanak ez egitea. Irabaziz gero, azken partidara bizirik iristeko aukerak dezentekoak izango dira. Porrotak, aldiz, jaitsiera ekarriko luke. Berdinketak, azkenik, besteen menpe utziko luke taldea, baina emaitza horretan pentsatzeak ere ez dauka zentzu handirik.
Dagoeneko ohikoa bihurtzen ari dena gertatzen ari da azken boladan: gehiago hitz egin da kirol arlotik kanpo gorabeherez partidaz baino. Akziodunen batzarraren deialdia izan zen aurrena, eta gauzak baretuko zirela zirudienean, Fuentesen dimisioak harrotu zituen bazterrak. Zamoraren etorkizuna, Lotinarena, taldeak Kirol zuzendariaren postua betetzeko egin dituen balizko ahaleginak, akzio kopuruak, oposizioa batzeko aukerak... Horiek guztiak izan dira hizpide azken bi asteetan. Gai garrantzitsuak guztiak, baina gaurko partidaren aurrean itzalean gelditu beharko luketenak. Hobe gerokoak gerorako uztea, gerokoak askoz gozoagoak izan baitaitezke, gaur eta hurrengo igandean taldeak bere egitekoa betetzen baldin badu.
Osasunaren aurkako porrotak jota utzi zituen taldea eta giroa, inor gutxik espero zuelako Iruñean galtzea. Sekulako fatalismoa ekarri du; duela hiru hilabete onena Bigarren Mailara lehenbailehen jaistea zela ziotenen fatalismoa. Jaitsiera hutsetik hasi eta kluba «purifikatzeko» balio dezakeela diotenena. Haatik, Reala bizirik dago gaurko partida hasi aurretik. Hori da egia bakarra. Eta Lehen Mailan jarraitzea zail badu ere, azken aukerak agortzea da egin dezakeen onena, harrotasunagatik, eta inbertsiorik onena delako. Nahi adina denbora egongo da proiektuaz, filosofiaz, norabideaz, purifikazio beharraz, egonkortasunaz eta beste hainbat kontuz hitz egiteko. Hori bai, ahal dela Lehen Mailan eta jaitsierak dakartzan ondorio ekonomikoez kezkatu beharrik gabe.
Lotinak ondo asko daki itxaropena dagoen bitartean nola edo hala eutsi behar zaiola: «Erotzat joko nauzue, beste askotan bezala, baina ziur nago mailari eutsiko diogula», esan zuen atzo. Futbolean denetarik gerta daitekeela gogorarazi zuen: «Ingalaterrako Ligan uste dut West Ham gurearen antzeko egoeran salbatu dela. Zergatik ez da gauza bera gertatuko orain?». Taldea ondo entrenatu dela eta fisikoki eta teknikoki ondo dagoela, baina jokalari batzuk «triste» eta «burumakur» sumatu dituela gaineratu zuen. Hori dela eta, partida ondo hasteak daukan garrantzia azpimarratu zuen, Celta eta Nasticen aurka hotz ekin baitzion Realak lehiari: «Horrela errazagoa izango da zaleek bat egitea».
Hamaikakoari dagokionez, pista handirik ez zuen eman. Denboraldi honetan gehien jokatu duen zelaiko jokalaria, Xabi Prieto, min hartuta dago eta ez du gaur jokatuko. Falta garrantzitsua da, oso kritikatua izan bada ere, entrenatzailearentzat funtsezkoa izan delako. Estrada eta Novo dira hura ordezkatzeko hautagaiak. Espainiarrak eskarmentua du bere alde, baina hutsaren hurrengoa jokatu du eta ustekabea litzateke Lotinak haren alde egitea. Atean ere aldaketa egon daiteke, Bravok denbora asko eman baitu Txileko selekzioarekin. Zorionez, Riesgok argi eta garbi utzi zuen Vila-realen aurkako partidan jokatzeko dagoela. Lotinak arazo fisikorik ez duten jokalari guztiak sartu ditu deialdian.