Gerra psikologikoa

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Isidro Nozal estu antzean aritu zen La Panderan. Aurpegia oker, sufrimendu traza handia nabaritu zitzaion lehen aldiz ONCE-Eroskiko liderrari. Arnasestuka iritsi zen Nozal, baina horrela iristeko baimena ematen dion aldea du sailkapen nagusian. 1,10 galdu zuen Herasekiko. Ezer ez.

Haserre zegoen Heras: «Lau kilometroko igoera zen. Ez zen posible alde handiagoa lortzea». Kontent Nozal: «Minutu edo minutu eta erdi galtzea espero nuen». Herasen kexuek aurkariak atzean uzteko ezintasunean dute jatorria. Bete-betean egon izan balitz Aubisquen zeharo txikituko zukeen tropela. Edo Portillonen. Edo La Panderan.

Igotzaileak ondoriorik edukiko ez duen borrokan daude murgilduta aspaldi. Ibilbideak ordokizaleei mesede egiten omen die. Ez dira funtsik gabeko esanak. Lau etapa bukatu dira gainetan jada, baina ordokizaleek igotzaileei eutsi egin diete ia denetan, eta hori ere ez da normala. Ibilbidean aldapa nahiko dagoen edo ez gerra psikologikoa da. Norberaren ezina estaltzeko, aurkariak urduritzeko taktika.

Sierra Nevada ez da Pla de Beret

Sierra Nevadan gora erre beharko du Heras txikiak geratzen zaion erregai apurra. Sierra Nevada ez da La Pandera, baina ezta Pla de Beret ere. Mendate serioagoa da. Eraso kolpean baino gehiago, erritmo gogorra jarrita zigortuko dituzte igotzaileek ordokizaleak.

30 kilometroko luzera dauka Sierra Nevadak eta %5,7ko batez besteko desnibela. Pla de Beretekoa %4,5ekoa. Lehen 11 kilometroak dira gogorrenak, %6,4ko batez bestekoarekin.

Zati gogor horren ostean kilometro oso bat egiten da ordekan eta Pradollano herria arteko (2.100 metro) tartea etzanagoa da, %5ekoa, herrira iritsi aitzin %8ko kilometro bat baldin badago ere. Pradollanotik helmugara sei kilometro gogor daude, %6tik gorako batez besteko maldarekin eta 2.000 metrotik gora denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.