Gerrikoa estutzeko mezu hori, baina, ez dator bat azken hilabeteetan kirol azpiegitura handien alorrean gertatzen ari denarekin. Izan ere, inoiz baino kirol azpiegitura handi gehiago ari dira eraikitzen edo eraikiko dira Euskal Herrian. San Mames Barria, Anoeta berria, Nafarroako Erresuma Arena pabiloia eta pilotalekua, Nafarroako Zirkuitua, Bilbo Arena pabiloia, Buesa Arena berria, Bizkaia pilotalekua... zerrenda luzea da oso. Guztiek izan izango dute gerrikoa, baina zulo batetik besterako aldea ez da nonbait beste zenbait proiektuk dutena bezain estua, eta are gutxiago gastu sozialen murrizketa sufritzen ari diren milaka herritarrena bezain estua. Bi gauzak batzen dituzte guztiak: dirutza xahutuko da haien eraikuntzan, eta erakunde publikoen bizkar finantzatutakoak izango dira hein handi batean. Azken finean, herritarren bizkar.
443 milioi euro inguru. Horixe da kirol proiektu horien faktura. Faktura erraldoia, gastu sozialak murriztu eta 145.000 langabe dauden garaian. Konparazio bat: Jaularitzak 2011rako proposatutako aurrekontuetan Kultura Sailak 285 milioi euro inguru jasoko ditu, eta 63 milioi euro inguru Nafarroako Gobernuak eginiko aurrekontuetan. 348 milioi euro inguru guztira, kirol azpiegitura horien aurrekontua baino ia ehun milioi euro gutxiago. Beste konparazio bat: Gasteizen eraikiko den ospitale berriak 140 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Kontuak argiak dira, kirol azpiegitura horien eraikuntzan erabiliko den diruarekin horrelako hiru ospitale egiteko aukera legoke. Konparazioak gorrotagarriak izan ohi dira, eta zer esanik ez kasu honetan.
Kirol azpiegitura horien artean bat nabarmentzen bada, hori San Mames Barria da. Kudeaketa dela, diruaren iturria dela, hasieratik egon da polemikak zipriztinduta. Ez da gutxiagorako. Aurrekontu handiena du (157 milioi euro inguru), eta erakundeek diru gehien jarriko duten proiektua ere bada (ehun milioi euro inguru). «Futbol zelaia baino gehiago» izango denaren lehen harria joan zen maiatzaren 26an jarri zuten, eta 2014rako amaituta egotea espero dute. 53.100 ikusle inguru sartuko dira, egun baino 13.000 gehiago. Proiektuaren bultzatzaileek, halaber, 2018ko Munduko Kopako hainbat partida lortzeko aukera erabili zuten amu gisa, baina aukera hori ezerezean geratu da, Nazioarteko Futbol Federazioak (FIFA) Errusiako hautagaitzaren alde egin baitu, Espainia eta Portugalgoaren kaltean.
Hain zuzen ere, FIFAk hartutako erabaki horrek ere izango du eraginik Euskal Herrian eraikiko den beste kirol azpiegitura batean; Anoetako estadio berrian, alegia. Realak eta Donostiako Udalak egungo estadioa eraberritu nahi dute, bertan 43.650 ikusle sar daitezen. Horretarako, atletismo pistak kenduko lirateke. Horrek guztiak 80 milioi euro inguruko kostua izango luke. Nork ordainduko luke? Realak ez du dirurik tamainako gastuari aurre egiteko, eta Odon Elorza Donostiako alkateak argi utzi du Udalak ez duela dirurik jarriko. Hala, laguntza eskatu dio Jaurlaritzari, «Bilboko modeloa» erabil dezan. Bai Realak bai Udalak estadioa egingo dela esan badute ere, proiektuak kolpea jaso du Espainia Munduko Kopa gabe geratuta.
Garestitze larriak
Bilboko bi kirol azpiegitura, berriz, kostuen garestitzearen adibide argigarriak dira. Udan inauguratu zen Bilbo Arena pabiloiak 35 milioi euro inguruko aurrekontua zuen hasiera batean, baina haren eraikuntzan izandako arazoek zazpi milioi euro inguru garestitu zuten obra. Hori gutxi balitz bezala, espero baino urte eta erdi geroago inauguratu da. Beste horrenbeste gertatu da haren ondoan eraikitzen ari diren pilotalekuarekin, Bizkaia pilotalekuarekin: zazpi milioi euro inguruko garestitzea eta urte eta erdi inguruko atzerapena. Biak erakunde publikoen bizkar egin dira.
Erakunde publikoen finantzaketa izango du Buesa Arenaren handitzeak ere -9.600 ikusletik 15.600era-. Obrek 30 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute, eta Baskoniak jada lortu du hori egiteko modua: Arabako Aldundiak ordainduko du. Aurki hasiko dira lanak, eta hasiera batean bi urte iraungo dute.
Nafarroako Gobernua ere ez da atzean geratu dirua xahutzen. 110 milioi euro inguru gastatu ditu Nafarroako Erresuma pabiloian eta pilotalekuan eta Nafarroako Zirkuituan -azkena soilik dago martxan-. Hain justu, ehun milioi euroko gastu murrizketa egin berri du gobernuak; bereziki, osasun, hezkuntza, kultura eta gizarte gastuetan. Batzuek gerrikoa estutu behar. Beste batzuek, aldiz, ezta gerrikoaren beharrik ere.