Bennett Cantu. Micov (9), Markoishvili (12), Leunen (14), Shermadini (16), Cinciarini (10) —hasierako bostekoa—; Scekic (6), Ortner, Mazzarino (5) eta Basile (6).
Bizkaia Bilbo Basket. Jackson, Banic (19), Mumbru (20), D. Fischer (10), Grimau (4) —hasierako bostekoa—; J. Fischer, Mavroeidis (2), Hervelle (5), Raul Lopez, Vasileiadis eta Blums (9).
Markagailua. 18-15, 42-31 (atsedenaldian); 60-50 eta 78-69.
Epaileak. Ankarali, Boltauzer eta Maestre. Ez zuten inor kanporatu bost faltarekin.
Bestelakoak. 4.309 ikusle Cantuko Pala Desio pabiloian, Euroligako A multzoko hirugarren jardunaldiko partidan.
Falta zaio, eta falta zaiolako dago sailkapenaren zuloan. Konponbidea badu, egoerak, eta gaitzerdi. Zuloan dago Aaron Jackson joko antolatzailearen itzalaldiei irtenbiderik bilatzen ez duelako asmatu. Jokalariak gorabeheratsu ari direlako. Mumbru da adibide onena. Sekulako partida jokatu zuen atzo, baina eskas atzoko eguna iritsi baino lehen. Beste jokalari batzuekin ere erabil daiteke adibidea. D'Or Fischer, adibidez. Oso ondo atzorarte, eta atzo itzali samar, Shermadini erraldoiaren kemene geratu ezinik. Irregulartasun horrek taldea kutsatzen du uneren batean, eta une horretan pilatzen den zama astuna irauli ezina bihurtzen da. Bilbo Basket gertu ibili zen Cantun. Aurkariaren arrastoa galdu gabe, baina alferrik, urrun. Besteak besteCantuk talde txukuna duelako, bostpasei puntuko aldeak kudeatzen maisua.
Agindu garbiarekin kantxaratu ziren Cantuko jokalariak: Aaron Jackson ito. Zaintza bikoitzak egin zituzten ahal izan zuten aldiro, eta bizkaitarren erasoak kamustu. Jackson nahastu egin zelako, eta bere taldekideek ere ez zutelako euren lemazaina babesten asmatu. Cantu, aldiz, eroso ari zen. Katsikarisen taldeko jokalariek kanpoko lerroan egiten zuten presioa aise gainditzen zuten Cinciarinik eta Markoixvilik, eta pibotak haien barnekaldiak estaltzera joaten zirenean, bakarrik uzten zuten Shermadini. Sekulako betekada hartu zuen Georgiako pibotak, eta hamabi puntu saskiratu lehen erdian. D'Or Fischer, Hervelle, Mavroeidis, Banic... denekin saiatu zen Katsikaris, baina arazoa beste bat zen: Shermadini jokalari txiki batekin geratzen zela beti saskipean. Lan erraza, 216 zentimetroko dorrearentzat, puntuak egitea.
Bilbo Basketek, halere, nahiko ondo eutsi zion lehen ordu laurdenean. Mumbruren eskutik. Kataluniarrak 11 puntu sartu zituen eta taldea hauspotu. 24-23 zioen markagailuak, eta orduan jo zuen lehen kolpea Cantuk. 8-0ko partziala lortu zuten italiarrek, Leunenek eta Mazzarinok saskiratutako bi hirukori esker. 38-27koa ere lortu zuten etxekoek, eta atsedenaldian ondo bideratuta zuten garaipena: 42-31.
Hogei minutu luze geratzen ziren eta ondo ekin zion Bilbo Basketek. 44-39 hurbildu zen, Katsikarisek zonakako defentsa agindu ostean. Shermadinik eragin zuen odol hustea ixtea zen premiazkoena, eta lortu zuen. Hiru eraso jokalditan egin zuen kale Cantuk, baina laugarrenean Basile azaldu zen hiruko on bat sartzeko. Arnasa eman zion hirukoak Canturi, eta Leunenek beste bat sartu zuen, berriro bederatzi puntuko zuloa irekitzeko: 50-41.
Kontrakarrean berriro. Atzekoz aurrera. Minutu batzuetan egindako lan ona biribildu ezinik, eta hori, goiz edo berandu ordaindu egiten da. Are gehiago italiarrak aldeak kudeatzen maisuak direla jakitun. Joko pausatua egiten hasi ziren, jabetza luzeak, eta denbora falta Bilbo Basket itotzen hasi zen. 13 puntuko kontrako aldea zeukaten euskaldunek hamar minuturen faltan: 58-45.
Azken ahalegina
Ezin etsi. Zaula zegoen, baina belaunikatzea debekatua dago Katsikarisen hitzegian. Banicek hartu zuen erantzukizuna, eta bere taldea partidan sartu zuen hamaikagarrenez. 64-59 jarri zen, eta italiarrak urduritu apur bat. Haien erabakia ondoen aritu zen bikote bilatzea izan zen, eta etekina ezin hobea izan zen. Shermadini mina egiten hasi zen, eta Leunenek bere hirugarren hirukoa eta beste bi puntu saskiratu Canturi hamar puntuko aldea emateko: 71-61.
Nancykoa ikusita, ahalik eta puntu kopuru txikeinagatik galtzen saiatu zen Bilbo Basket, baina apenas murriztu ahal izan zuen hamar puntuko zuloa. Bederatzikoarekin bueltatuko da Bilbora, eta etxeako norgehiagokak irabazi beste erremediorik ez zaio geratuko Top 16 jokatu nahi badu. Fenerbahce hartuko du hurrengo astean, eta hori bezain garrantzitsuak izanen dira bigarren itzulian Nancy eta Canturen aurka Miribillan jokatuko dituenak. Mesede egin zion atzo Frantziako taldeak Istanbulen galtzea, eta hirutik bi partida galduta ere, multzoko lau onenen artean sartzeko aukera handia du oraindik Bilbo Basketek. 40 minutu on jokatuta izan beharko du, atsikarisek dioen bezala, eta ez 35, orain arte bezala.
Bennett Cantu 78. Bizkaia Bilbo Basket 69
Gertu bai, baina alferrik
Merezita irabazi dio Cantuk Bilbo Basketi, Jackson ito eta bere baliabideei etekina aterata; Shermadini eta Leunen, onenakBizkaitarrak sailkapenaren zuloan daude, gaur zortzi Fenerbahceri irabazteko premian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu