Pozarren daude Bilbon, kabitu ezinik, Euroligako azken laurdenak jokatuko dituztelako CSKA Moskuren aurka. Oso fresko dago lorpen horren oroitzapena, baina orain albo batean utzi behar dute Euroliga, eta Endesa ligan jarri arreta, Euroligak hiru aste eskaseko atsedena hartuko duelako, martxoaren 20a arte, eta ligak ez, ligak ez du atsedenik hartzen. Lau jardunaldi jokatuko dira hurrengo hiru asteetan, eta neurri ona eman beharra dago, zortzi onenen multzoak ihes egin ez dezan.
Bizkaiak ligaren bitartez lortuko duelako Euroligara bueltatzea, lortuz gero. Europan lizentzia sistema itxia dago indarrean, eta horrek ia aukerarik gabe uzten du Katsikarisen taldea, zoritxarrez. Lizentzia sistema horren aurkako ahotsak gero eta ozenagoak dira, baina Euroligak, oraingoz, ez du aldaketarako borondaterik erakutsi. Egoera aldatzen ez bada, Bizkaiak ligako finala jokatu beharko du berriz, datorren denboraldian Euroligan jokatu nahi badu, eta horretarako kanporaketak jokatu behar ditu ezinbestean. Nola? Iluntzean Bartzelona menderatuta, adibidez.
Bizkaiak nahiko egutegi polita dauka kataluniarren aurka jokatu ostean: Badalona, Fuenlabrada Miribillan eta Madrilera bidaia erosoa Estudiantesen aurka jokatzeko. Hirurak irabazteko modukoak, eta gaurkoa, ezin aproposagoa hiru horiei begira indarberritzeko. Bartzelona, iraganean bezain indartsu ibili gabe, ligako liderra delako. 21 partida jokatu, eta hiru bakarrik galdu ditu Xavi Pacualen taldeak. Haien indarra erakusten duen datu adierazgarria.
Ikusteko dago Bizkaiak ze aurpegi erakutsiko duen. Montepaschi garaitu ostean, lasaitu egin zen apur bat Bizkaia, eta Murtziak egoera hori baliatu zuen. Gaurkoa ezberdina da, Bartzelona ere Euroligan ari delako eta berez sortzen duelako motibazio nahiko. Garbi dago bizkaitarrak behar adina grinarekin jokatzen ez badute muturreko handi samarra hartuko dutela.
Bizkaiak D'Or Fischerren hutsunea izango du, eta min handia egingo dio, Bartzelonako dorreei aurre egiteko duen taldeko jokalari bakarra baita. Bartzelonari dagokionez, kili-kolo dabil haren izarra, Juan Carlos Navarro, oin zolako mina dela eta. Hasiera batean, jokatzeko moduan dago.
Gescrapek euforia alboratu nahi du Bartzelonaren aurka
Hiru astean Endesa ligan murgildu behar dute bizkaitarrek, zortzi onenen arrastoa ez galtzeko (20:00, TDP)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu