Zortzi bidaia luze, eta zortzietan kale, esku-hutsik bueltatu da Gescrap Bizkaia Kanaria Handitik. Hango tenperatura bero eta opor giroarekin kutsatuta edo, astindu handi samarrak hartu dituzte bizkaitarrek batez beste, joan den sasoian izan ezik. Betiko egoera, urteren batean patuak poztasunen bat emango diola Fotis Katsikarisen taldeari, baina eskatzen jarri, eta Arkaitza goitizena duen kantxak denboraldi honetan dirudi bereganatzeko zailen. Pedro Martinez teknikariak eta laguntzaileek talde bikaina osatu dute, eta askok zortzi onenen artean sartzen dituzte.
Zergatik? Ondo mugitu direlako merkatuan. Newley, Toolson, Eulis Baez, Paulao Prestes, John Scheyer eta Uros Slokar fitxatu dituzte, eta aurreko urteetako bizkarrezurrari eutsi: Tomas Bellas, Oscar Alvarado, Beiran, Spencer Nelson eta Xavi Rey. Bi hutsune garrantzitsu dituzte, Rey eta Baez, eta horrek Gescrapen garaipen aukera handitzen du, Axel Hervelle kili-kolo badabil ere, saskipean indar handia duelako.
Atariko prentsaurrekoan, Katsikaris umoretsu mintzatu zen Bizkaiak Kanaria Handian bildutako uzta apalarekin, eta fitxatutako seiek, behintzat, estatistika txar horren berririk ez dutela esan zuen barrez. Gauzak ondo, urtarrilean zortzi onenen artean sartzeko deman ibiliko diren taldeak dira biak, eta komeni da garaipenarekin itzultzea. 12:30ean hasiko da partida (ETB1).
Gescrapek Kanaria Handiko madarikazioa hautsi nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu