Futbolean gauza batzuk ezin dira azaldu. Gertatu egiten dira eta kito. Athleticek zazpi aldiz jokatu du Getaferen etxean. Sekula ez du irabazi. Baina ez pentsa estatistika hori harrigarria denik. Harrigarria da Athleticek beti jokatu duela txarto. Beraz, emaitza txarrak lortu izana azaltzea samurra da. Orain arte argitzerik egon ez dena da zergatik jokatu dituen neurketa eskasak Athleticek Getafen. Zelai hotza dela? Espainiako Ligan egin duen ibilbide luzean makina bat zelai eta inguru hotz aurkitu du talde zuri-gorriak, eta emaitzak ez dira beti txarrak izan: Valladoliden, Almerian, Espanyolek Montjuicen jokatzen zuenean… giro bako neurketak izaten ziren, eta emaitzak, denetarikoak. Bestalde, ezin daiteke esan Getafe Lehen Mailan dagoenetik Athleticek baino talde hobeak izan dituenik. Jokalari interesgarriz osatutako talde bat izan da beti, baina sekula ez punta-puntakoa. Beraz, ezin dira alderatu Getafera egiten diren bisitak Santiago Bernabeura, Camp Noura edota Mestallara egiten direnekin. Zelai horietan aurkariaren potentziala erabakigarria izaten da emaitzan. Horregatik ezin da azaldu zuri-gorriek Getafen egiten duten joko txarra.
Baina boladak, onak zein txarrak, hasi eta amaitu egiten dira. Denboraldi honetan adibide on bat dauka Athleticek erreferentziatzat hartzeko: Sanchez Pizjuaneko partida. Azken hamarkada bietan ezina izan da zuri-gorrien jokoaren ezaugarri nagusia Sevillaren zelaian jokatu duen bakoitzean. Bada, bolada txar hori denboraldion amaitu da, Athleticek ondo jokatuta hartu baitzuen mendean Sevilla.
Getafera antzeko zerbait egiteko asmoz abiatu dira zuri-gorriak. Ondo jokatuta askoz errazagoa da-eta irabaztea. Beraz, Albaceten egindakoa dezente hobetu beharko du, zuri-gorriek ez baitzuten urtea ondo hasi. Baloiaren jabetza izan arren, eraginkortasun gutxi erakutsi zuten aurkariaren area inguruan. Hala ere, baliteke Getafe Albacete baino aurkari egokiagoa izatea Marcelo Bielsak entrenatzen duen taldeak joko onena egin dezan. Hasiera baten, ez dirudi Luis Garciak zuzentzen duen taldea atzean sartuko denik. Egia da kontraerasoan jokatzeko futbolari azkarrak eta teknika onekoak dituela, baina ez dirudi zaleek horrelako planteamendurik onartuko dutenik. Ez behintzat abantaila hartu aurretik. Erasora jokatzea gustuko duen talde bat da.
Getafek gorabeheratsu hasi du sasoia. Onena orain arte etxean erakutsi duen sendotasuna da —neurketa bakarra galdu du, Rayoren aurka—. Emaitza on horien artean, Bartzelonari irabazi izana azpimarratu behar da. Lan ona eginda, gainera. Zaleen babesetik urrun, berriz, asko ari zaio kostatzen puntuak batzea —garaipen bat eta berdinketa batekin konformatu da jokatutako zortzi partidetan—. Horregatik dago jaitsieratik gertuago Europatik baino. Getafe infernura apur bat gehiago gerturatzea da Athleticen asmoa. Zuri-gorriek, gainera, Fernando Llorenteren laguntza izango dute partida irabazteko. Jokalariek taldeetan duten garrantzia ez daudenean ikusten omen da ondo. Bada, Athleticek Llorenteren behar handia duela ikusi da aurrelaria min hartuta egon den bitartean.
Getafen beti egiten du hotz
Athleticek Llorenteren itzulera baliatu nahi du Alfonso Perez estadioan daraman bolada txarra eteteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu