Getaria-Tolosak erraz irabazi du beste behin

Hasieratik utzi ditu atzean Zumaia eta Hondarribia Gipuzkoako Txapelketan

Aitor Manterola Garate.
Getaria
2009ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Getaria-Tolosak ez du aurkaririk sasoi honetan, eta atzo ere erakutsi zuen. Gipuzkoako Txapelketa aise irabazi zuen herrian bertan, Zumaia eta Hondarribia ez baitziren gai izan etxekoen parean ibiltzeko. Honenbestez, iaz lortu zuen garaipena errepikatu dute. Aurreko urtean zumaiarrekin batera atera zuten trainerua, eta Donostian lortu zuten bandera. Aurten, Tolosarekin batera ari dira, eta iazkoa berriz erdietsi dute.

Sasoi honetan beste guztien aurretik dabil Esperantza trainerua, eta atzokoa ez zen salbuespena izan. Hasi eta buka gailendu zitzaien bi aurkariei. Lehen luzearen erdialdera iritsi baino lehen muturrean zen, eta ziabogan 15 segundo aurretik. Zumaiak eman zuen buelta bigarren lekuan, eta Hondarribiak hirugarren, getariarren eta tolosarrengandik 24 segundora. Ez zegoen kolorerik. Bigarren luzean aurrez egindako lanari eutsi besterik ez zuten egin behar, eta helmugan zaleen txaloen eta oihuen artean sartu ziren. Aurten bosgarren aldiz egin zuten garaileen keinua arraunlariek. Besoak gora altxa zituzten balizak zeharkatu orduko.

Atzerago sartu zen Zumaia. Lan ona eginda horiek ere, baina irabazleen nagusitasunari aurka egin ezinda. 22 segundoko aldea egon zen elkarren alboan dauden bi herrietako ontzien artean. Hondarribiak egin zuen hirugarren, 40 segundora, iazko maila onera gerturatu ezinda.



Sailkapena

1. Getaria-Tolosa 10.59,30

2. Zumaia 11.21,33

3. Hondarribia 11.39,60
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.