Miguel Gallastegi. Pilotari ohia

«Gidabaimena kentzen didatenean, ume batek bezala negar egingo dut»

Bizkar gainean 96 urte izanagatik, «bizimodu ona» egiten du Eibarko pilotari historikoak. Aukera duen guztietan paseatzera zein frontoira joatea du zaletasun, eta hala segitu nahi du oraindik ere. «Gutxienez 100 urtera arte bizi behar dut».

jon eskudero
Donostia
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Santua ez naiz izan, baina neure burua zaintzea beti gustatu izan zait». Nabari zaio, bai. 96 urte dituela nortasun agirian soilik antzeman baitakioke Miguel Gallastegiri. Sasoiko dago oraindik ere. Etxeko tinbrea entzuten badu, azkar demonio ireki ohi du atea. Hamaiketakoa mahaira ekartzeko ere ez da atzean geratu zale: «Ardo pixka bat edango diagu, ezta?». Tertulia eder baten ostean, bazkaltzea du gustuko. Baina ez etxean. «Ezagutzen diat jatetxe eder bat; neronek gonbidatuko haut». Hiru ateko auto txiki eta baxuan arin asko sartu, eta bazkaltzera. Tomatea entsaladan, legatza eta postrea jan ondotik, Galarretara, «eguna ondo amaitzeko». Hankak ez ezik, burua ere fresko dauka donostiarturik dagoen eibartarrak.

Ziur al zaude kontuak ongi eraman dituzula bizitzan?

Bai, bai. 96 urte dauzkat, eta ongi nago. Egunotan hanketan min pixka bat izan dut, eguraldi txarragatik edo, baina, Arrateko amaren laguntzari esker, osasuntsu mantentzen naiz.

Meritu osoa ez da Arrateko amarena izango, noski.

Nik ere badut partea. Lehen mendia nuen maite, ehiza ere gustuko bainuen, eta orain Aiete aldera joaten naiz ia egunero, paseora. Ariketa batzuk ere egiten ditut, beso eta hankak arin izateko. Geldirik ez egotea da sekretua. Euria ari duenean, hori bai, autoan geratu behar izaten dut, egunkaria irakurtzen. Normalean egunkari erdia eramaten dut goizean, eta beste erdia arratsalderako uzten dut. Pisu handiegia dute gaur egungo periodikoek!

Noren autoan egoten zara?

Nirean, norenean bestela. Semeak etxeko ateraino ekartzen dit, eta ni bakarrik joaten naiz Aietera. Gidari ona naiz; sekula ez dut istripurik izan. Gauez ez dut autorik hartzen, baina egunez bai. Urtero berritu behar izaten dut gidabaimena, eta orain bi hilabete gainditu nuen azterketa. Beraz, beste hamar hilabetean lasai egon naiteke. Gidabaimena kentzen didatenean, ume batek bezala negar egingo dut! 1943an erosi nuen nire lehen autoa, Bilbon, eta ordutik lagun izan dut beti bolantea.

Gidari ona, 96 urterekin, non eta Donostian, semaforoz jositako hirian. Ez zara gorrian jarri eta geldirik egoteko jaioa.

Ez horixe. Gero izango dugu geldirik egoteko aukera. Gazte garaian pilotakada bat eman zidaten ezkerreko begiaren ondoan, eta, kolpe haren ondorioz, apur bat joaten hasia zait ikusmena, baina nahiko ongi ikusten dut oraindik. Ez dut betaurrekoen premiarik.

Etxean zer esaten dizute?

Errieta galantak bai, sarritan. Autorik ez hartzeko, istripuren bat izango dudala... Baina nik kasurik ez. Ongi moldatzen naiz errepidean, eta hala segituko dut ahal dudan bitartean.

Eibarrera, dena den, semearekin joaten zara.

Bai, halako bidaia luzeak ez ditut bakarrik egiten. Semea izaten dut lagun. Orain bi aste ez ginen joan, Hondarribian familiako bazkaria genuelako, baina, bestela, Astelena frontoian izaten gara igande arratsaldero, pilota partidak ikusteko. Toki hura sakratua da niretzat.

Hantxe dago zure irudia, munduko pilotalekurik onenean.

Horretan ez dudarik egin! Eta ez diot ni eibartarra naizelako. Nire garaiko pilotari guztiek ere hala aitortzen zuten, Astelena frontoia zela onena. Zoritxarrez, garaiak asko aldatu dira, eta orain ez da lehen bezainbeste jende bertaratzen, baina xarma berea du pilotalekuak. Orain ere, pilotari denak joaten dira kontentu hara.

Pilotari hobeak zeintzuk dira: lehengoak ala oraingoak?

Galdera zaila da hori. Orain, debutatu berri batek erraz jotzen du errebotea, eta gure garaian miraria zen hori lortzea. Ez zaizkit batere gustatzen egun dauden pilotak. Lehen pilotariak menperatzen zuen pilota, eta orain alderantziz gertatzen da.

Lehengo garaiak aipatu dituzunez, egin dezagun atzera. Zu baserri batekoa zara, ezta?

Asoriartza baserrikoa, bai. Pobreak ginen: lau behi eta bi idi besterik ez genuen. Aitari laguntzen aritzen nintzen soroan, baina ahal nuen guztietan jotzen nuen herrira, pilotan egiteko. 7 urterekin hasi nintzen eskolara joaten, eta eskola udaletxean zegoen. Bada, eskolaren azpian kontzejupea genuen, eta hantxe jo nituen nire lehen pilotakadak. Trenean pilotari ugari etortzen ziren beste herrietatik, eta haiekin ere jokatzen nuen.

Noiz ikusi zenuen dohain apartak zenituela pilotarako?

Banekien pilotari izan nahi nuela 14 urte betetzerako. Goizeko ordu biak arte askotan aritzen nintzen pilotan; ortozik, gainera, dirurik ez zegoelako. Gero etxera joan, amak prestatutako taloa jan, esne eta guzti, eta ohera. Neure buruari esaten nion: «Miguel, hik pilotari izan nahi duk, eta, horretarako, zaindu egin behar duk». Atseden hartzeari garrantzia ematen nion, eta ospe hori neukan, asko zaintzen nintzela. Bistan denez, balio izan zidan. Hori bai, santua ere ez nintzen!

Nola heldu zitzaizun debutatzeko aukera?

Bitxia izan zen. Etxean nengoen, eta gaueko hamarretan etorri zitzaizkidan ea profesionaletara igaroko ote nintzen galdezka. Sekulako poza hartu nuen. Orduan Enrike Bidarte zen enpresaburua, egun Asperen jabea den Fernandoren aita, eta hark eman zidan aukera. Nire amak barazkiak saltzen zizkion Bidarteri, eta nik uste horrek lagundu ziela erabakia hartzeko garaian. Halere, pilotari gustagarria nintzen.

Ze oroitzapen duzu Eibarren egindako debut hartaz?

Ona. Askotan egoten naiz etxean argazkiei begira. Erreparatu zein elegante janzten ginen garai hartan pilotariok, alkandora eta guzti! Atano III.aren aurka jokatu nuen buruz buru, eta galdu egin nuen. Duro bi kobratu nituen.

Eta, gero, gerra etorri zen. Pilota utzi behar izan zenuen?

Beharko. Debuta egin eta hilabetera etorri zen gerra. Bizimodu guztia hankaz gora jarri zitzaigun guztioi. Teruelera joan nintzen soldadu, eta elgorria harrapatu nuen. Gaitz txarra. Berrogeiko sukarra ere izan nuen. Teruelen Tolosako moja bat ezagutu nuen, eta biok euskaraz egiten genuen, gustura. Hark galdetu zidan ea zein afizio nituen, eta pilotaria nintzela esan nion. Horregatik, haren bidez, Gasteizen zegoen erietxe militarrera eraman ninduten, kamioi zahar batean, eta, indartzen hastean, pilotan jokatzen hasi nintzen berriz.

Pixkanaka hasi, eta buruz buruko txapela irabazi zenuen 1948an, estreinakoz.

Atano III.ari irabazi nion, eta sekulako indarra hartu zuen nire izenak. Atanotarrek oker handia izan zuten, txapela aise lortuko zutela uste baitzuten. Halere, final horren aurretik hiru aldiz irabazia nengoen Atanori: lehenbizi sakea bitik eginez, gero hirutik eta, azkenekoz, lau t'erdian. Buruz buru beste bi txapel ere irabazi nituen, 1950 eta 1951n, bietan Akarregiren kontra.

Atano III.aren eta zure arteko harremanak zeresana eman zuen. Zer moduz moldatzen zineten?

Ongi. Garai hartan politika bazter guztietan zegoen, frontoietan ere bai. Atano III.a karlista zen, eta nire familia, nazionalista. Gogoan dut; Tolosan jokatu genuen partida batean hari bakarrik egin zioten txalo, nik irabazi arren. Baina gu biok lagunak ginen. 1948ko buruz buruko finalaren ostean zera galdetu zidan: ea hark eta haren lagunek nik antolatutako afarira etortzerik bazeukaten. Baietz erantzun nien. Hasieran jende guztia harrituta geratu zen, baina ederki pasatu genuen. Gure ama ere afari hartan zen, eta Atanoren musu bat jaso zuen, nik hala eskatuta. Izena askotan entzun bai, baina amak ez baitzuen Atano ezagutzen. Etxera joatean, hala esan zidan: «Ez duk gizon handia, baina bai ondo egina».

1953an uko egin zenion buruz buruko finalari. Zergatik?

Nik diru gehiago eskatu nion enpresari, eta ez zidan kasurik egin. Nirekin hitz egin gabe, abuztuaren 24an jarri zuten finala, eta ez nintzela joango esan nien. Azkenean, kostata, niri gehiago ordaintzeko prest agertu ziren, baina zer egingo eta: partida hura ikusi nahi zuenak beste hiru jaialditarako abonamendua erosi beharko zuela esan zuten. Ez zitzaidan batere ongi iruditu, gure kontura negozioa egitea baitzen enpresarien asmoa. Asko haserretu nintzen, eta haizea hartzera bidali nituen. Egun haietan egunkarietan denetariko artikuluak kaleratu zituzten, baina horixe zen egia.

Zigorrik jaso al zenuen?

Finalari uko egiteagatik, sei hilabeteko zigorra ezarri zidaten. Tirabira asko izan nituen enpresarekin, eta pilota utziko nuela esan nien. Beldurtu egin ziren, eta hilabete eta erdira bertan behera utzi zuten zigorra. Denbora horretan irabazi ez nituen diruak ordaindu egin behar izan zizkidaten, gainera. Pentsa, sei hilabetean 125.000 pezeta inguru irabaz zitzakeen atzelari batek, eta diru horrekin bi pisu erosteko aukera zegoen.

Aurrelari batek, halere, atzelariak baino gehiago irabazten zuen, ezta?

Hori egia da. Gai horren harira ere eztabaidatu nuen enpresarekin. Ez zidaten kasurik egin nahi izan, eta aurretik jokatzeari ekin nion. Nire lehen partidan astindua eman nion Onaindiari, orduko aurrelaririk onenetakoari. 22-8 gailendu ginen ni eta nire bikotea, eta Onaindiak aldageletako atea puskatu zuen partida amaitutakoan. Denbora batez aurrelari aritu nintzen, eta gero enpresak atzeko koadroetara itzultzeko eskatu zidan; hori bai, aurrelariek adina kobratuz.

Aurrelari, atzelari, biren kontra, hiruren aurka ere bai... Zer ez zenuen probatu zuk?

Distira berezia neukan eskuinean, eta mota guztietako partidak ipini zizkidaten, bai. Orain ez bezala, orduan pilota ikuskizuna zen. Pilotalekuak leporaino betetzen ziren, eta geneukan guztia ematera joaten ginen pilotariok. Hala ez bazen, ezkutuan alde egin behar izaten genuen frontoietatik. Biren aurka jokatzea oso gustuko nuen. Entrenatu ere hala egiten nintzen, bi edo hiruren aurka. Entrenatzera joan aurretik, hamar minutuz aizkoran aritzen nintzen, eskuak gogortu eta izerdi pixka bat botatzeko. Asko erreparatzen nion neure buruari.

Erretiratzeko garaia heltzean, buelta asko eman al zenizkion buruari?

Batere ez, ia. Izan ere, ez zen izan aurretik pentsatutako zerbait; momentuan bertan hartu nuen erabakia. 1960an izan zen. Partida bat jokatzen ari nintzen Bergaran, eta ezinean ari nintzen, freskotasunik gabe. Lan erdiak egitean-edo pentsatu nuen: «Miguel, baduk garaia kantxak uzteko». Eta halaxe egin nuen. Enpresak bestelakorik nahi zuen arren, galtza zuriak baztertu egin nituen.

Eta, geroztik, omenaldi dezente jaso dituzu; azken urtebetean, bereziki. Ipuruan ohorezko sakea egitea soilik falta zaizu.

Ez nuen inoiz pentsatuko Eibar Lehen Mailan ezagutuko nuenik, eta begira! Sekulako balentria lortu dute. Nik aspaldi erosi nituen akzioak, gutxi izan arren. Eta, omenaldi kontuak aipatuta, behin San Mamesen egin nuen ohorezko sakea. Ez dut eskatzen Ipuruan egiterik. Konforme nago jasotako omenaldiekin. Laster Aieten bertan egingo didate, eta berezia izango da.

Eta noiz arte bizi behar du Miguel Gallastegik?

100 urtera arte bai, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.