Gidari eta erronka berberekin

Montse Puchek beste urtebetez entrenatuko du Bera Bera, eta Madelen Urietak Araski

Montse Puchek beste urtebetez jarraituko du Bera Berako aulkian, eta Madelen Urietak Araskikoan. ANDONI CANELLADA ETA JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ondo dagoena ez dela aldatu behar esan ohi da. Hala pentsatu dute Bera Berak eta Araskik. Bi taldeek egungo entrenatzaileekin jarraitzea erabaki dute datorren sasoira begira. Montse Puchek eta Madelen Urietak beste urtebetez jarraituko dute gidari lanetan. Helburuak ere berberak izango dituzte: Bera Berak jokoan dituen tituluak lortzeko borrokatzea, eta Araskik klubak hazten jarraitzea, ahal bada aurreko sasoiko emaitzekin.

Puche eskertuta mintzatu zen Bera Berako zuzendaritzak erakutsitako konfiantzarengatik. «Bada denbora bat Tatik [Garmendia kirol zuzendariak] esan zidala lasai lan egiteko, jarraitu egingo nuela, eta hala izan da. Beti bezala, ilusioa, lana eta konpromisoa izango dira nire eguneroko lanaren oinarria». Lehen erronka jokalari berriak egokitzea izango da, sei fitxaketa egin baitituzte: Merche Castellanos, Silvia Ardeirus, Elke Karsten, Adriana Cardoso, Nora Azurmendi eta Monica Ausas. Talde berriak emateko asko duela uste du: «Oso talde gaztea da. Lan egiteko gogo eta ilusio handia dute jokalariek, eta hori oso abiapuntu garrantzitsua da. Ni, dagoeneko, gogoz nago haiekin lan egiteko». Hala, beste taldeak ere indartu diren arren, ez dago kezkatuta. «Alderantziz. Uste dut txapelketei bizitasun eta lehiakortasun handiagoa ematen diela horrek. Hori ona da, guri ere gehiago eskatzen zaigulako, eta hortik ere badator hobekuntza».

Jokatzeko moduan ere aldaketaren bat egingo dutela onartu zuen: «Uste dut urrutiko jaurtiketetan aukera gehiago izango ditugula, Elkeri eta Monicari esker. Hori oso inportantea da, eta etekina atera behar diogu. Aldatuko ez duguna, dena den, gure filosofia da. Defentsan hortzak estutu behar ditugu, eta hortik abiatuta gure jokalarien kalitatea baliatu erasoan aurkariari min egiteko». Pucherentzat erabakigarria izango da Ausas eta Esther Arrojeria osatzea, urrira arte ez baitira jokatzeko moduan egongo. Arrojeriaren kasuan, osatzea uste baino mantsoago doa, eta, hori dela eta, aztertzen ari dira beste fitxaketaren bat egin edo ez. Hala berretsi zuen Tati Garmendiak. Pucheren kontratu luzatzearen garrantzia nabarmendu zuen: «Azken urteetan erakutsi du bera dela egokiena taldea egon behar duen lekuan jartzeko».

Denboraldi bakarrerako berritu izanaz galdetuta, ondorengoa erantzun zuen: «Taldea aldatuz doa, eta urteak aurrera. Sekula ezin da jakin zer pasatuko den.Jokalari guztiei bezala, sasoi baterako egitea erabaki dugu».

Urieta, «fitxaketarik onena»

Livia Lopez Araskiko presidentearentzat, eman zezaken albisterik onena da Urietaren kontratua berritzea: «Egin genezakeen fitxaketarik onena da. Izan ere, beste aukera batzuk izan ditu, baina hemen jarraitzea erabaki du».

Urietak onartu zuen atzerritik izan duela aztertzeko moduko eskaintzaren bat. «Baina bai taldeak eta bai nik asko dugu hazteko, eta elkarrekin egin nahi dugu. Araski nire etxea da. Hemen jarraitu behar nuela sentitzen nuen».

Argi du aurreko sasoian lortutakoa berdintzea edo hobetzea zaila izango dela. «Baina urratsez urrats joan behar dugu, partidaz partida. Taldeak transmititzea nahi dugu, eta zaleak gutaz harro egotea».

Datozen asteetan lotuko dituzte azken fitxaketak: «Datozen jokalari guztiak garrantzitsuak izatea eta sentitzea da gure filosofia. Izan ere, guk beti esaten dugu: ez dugu izenekin jokatzen, baizik eta denak batera eta taldean. Ez dugu beldurrik jokalari gazteei aukera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.