Giharra beti izan da gakoa. Markak igerilariek hobetzen dituztela gogorarazi zuen atzo Ryan Lochtek Shanghain (Txina). Alegia, bainujantzia uretara botaz gero ez duela bakarrik aurrera egiten. «Bainujantziak aldatu zituztenetik markak hobetzea ezinezkoa ezingo zela zioten, eta nik horiek guztiak isilarazi nahi nituen», aldarrikatu zuen. Poliuretanozko bainujantziak debekatu zituztenetik igerileku luzeko munduko markek utopiak ziruditen, zeruan jarritako langak; baina Lochtek, Munduko Txapelketetako izarrak, bat hobetu zuen, aurretik berak zuena. Estiloetako 200 metroko proban izan zen (1.44,00), aurrenekoa bainujantzi arruntak itzuli zirenetik, eta, hein handi batean, Michael Phelpsek oso estu hartu zuelako. Gaur hobetu dezake bigarrena, bizkar estiloko 200 metroetan, bere proban.
Aurkariak indartsuago bilakatzen zaitu, eta Phelpsek handiago egin du Lochte. Shanghaiko igerilekuan topo egin arte Lochtek inoiz ez zuen bere lagun eta herrikidea final handi batean garaitu. Dagoeneko, baina, Munduko Txapelketetan bi aldiz irabazi dio, eta bi urrezko domina kolkoratu. Bigarrena atzo izan zen, final gogoangarri batean. Historiako igerilari onena alboan izatea baino ezten hoberik ez dago aurkariak zukutzeko, eta garaitu duen bi probetan bere marka onenak egitera behartu du Lochte.
Atzoko finalean, Phelps (1.54,16), bigarren, aurreko munduko marka hobetzetik sei ehunenekora gelditu zen, eta apurka bere mailara itzultzen ari dela erakutsi. «Atsekabetuta nago, baina aldi berean 2008ko jokoetako marka hobetu dut, eta hori ona da», onartu zuen. Lochte izan zen heroia, baina, hamasei ehuneneko aldea handia izan daitekeelako. «Michael eta biok lehiatuko garen aldi bakoitza bataila bat izango dela badakit, eta oraingoan nik irabazi dut».
Phelpsek hobeto ekin zion probari, eta hark egin zituen lehenbizi tximeleta estiloko 50 metroak. Hurrengo bietan, baina, bizkar zein bular estiloetan Lochte bizkorragoa izan zen. Bizkar estiloan espezialista da, eta hor atera zuen tarte handiena. «Garaipenari buruz dena hitz bakarrean laburbil dezaket: azelerazio ahalmena; hori da guztia, bene-benetan». Lochte Phelps baino txikiagoa da, ez du haren beso eta hanka luzerik, baina gihartsuagoa da, eta esplosiboagoa. Azken luzean, berriz, crawl estiloan, Phelps bizkorragoa izan zen, baina ezin izan zuen tarte osoa jan.
Lochtek gaur du urrezko hirugarren domina lortzeko aukera, eta munduko marka hobetu dezake. Bizkar estiloko 200 metroko proban izango da, estatubatuarrak dominatzen duena. Ia garaiezina dirudi, eta bera da egungo olinpiar txapelduna. Bere aurkari gogorrena Riosuke Irie japoniarra izango da, atzoko finalerdietan bigarren markarik onena lortu zuen —Lochtek, munduko marka hobetu eta gero, berriz igeri egin behar izan zuen—. Estatu batuarrak bere aurkaria publikoki goratu du: «Inoiz ikusi dudan estilorik onena du». Lochtek, baina, giharrak ditu.
Cielo, laugarren
Cesar Cielo brasildarrak eman zuen atzoko ustekabekorik handiena, estilo libreko 100 metroko proban laugarren izan zenean. Shanghain 50 metroko proba irabazi eta 2009an 50 eta 100 metroko txapeldun izan arren, brontzezko dominatik ehuneneko batera gelditu zen. Irabazlea James Magnussen australiarra izan zen, eta txapelketetako bigarren urrezko domina lortu zuen. Askok dagoeneko Londresko Olinpiar Jokoetako izarretako bat ikusten dute berarengan, 20 urte bakarrik baititu. «Londres dut begiz jota. Ni nintzen finaleko gazteena eta uste dut asko dudala hobetzeko. Munduko marka hobetzea gizatiar bilakatu dela uste dut».
Eguneko beste ezustekoa, txikiagoa, Liu Zige txinatarrak eman zuen, tximeleta estiloko 200 metrokoa irabazteko faborito nagusia bazen ere, hirugarren bukatu baitzuen proba. Irabazlea Jiao Liuyang erkidea izan zen, eta bigarren Ellen Gandy britainiarra. Azken horrek 19 urte baino ez ditu, eta bere marka onena berdindu izan balu —2.05,59— urrezko domina irabaziko zukeen.
Giharren aroa itzuli da
Ryan Lochte izan da lehena munduko marka bat hobetzen plastikozko bainujantziak debekatu zituztenetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu