TXIRRINDULARITZA

Gilbertek irabazi du Bilbon

Txirrindulari belgikarrak erasoa jo du Arraizen gora, eta garaipena lortu du Espainiako Vueltako 12. etapan. Alex Aranburu bigarren izan da berriro. Sailkapen nagusian ez da egon aldaketarik.

2019ko irailaren 5a
07:23
Entzun

Gilbet eguneko ihesaldian sartu da, beste hemezortzi txirrindularirekin batera. Bi euskal herritar zeuden taldetxo horretan: Alex Aranburu eta Jonathan Lastra (Caja Rural). Gangurenen gora Felix Grosschartner (Bora) eta Tsgabu Grmay (Mitchelton) saiatu dira aurrera egiten, baita lortu ere. Baina harrapatu egin dituzte Arraizera iritsi aurretik. Gilbert, Aranburu eta Fernando Barcelo (Euskadi-Murias) bakarrik geratu dira aurrean, baina belgikarrak erasoa jo du, eta alde erabakigarria lortu du. Gerturatu egin zaizkio Aranburu eta Barcelo, baina garaipenak ez dio ihes egin. Ezkiokoa bigarren izan da berriro.

Sailkapen nagusian, ez dago aldaketarik, faborito guztiak elkarrekin helmugaratu baitira. Hala, Primoz Roglicek (Jumbo) maillot gorriari eusten dio beste egun batez.

Ostiralean, 13. etapa jokatuko dute. Bilbon hasiko da, San Mamesen, eta Kantabriako (Espainia) Los Machucos gainean amaituko da, 166,4 kilometro egin ondoren. Oso saio gogor eta gorabeheratsua da, txirrindulariek zazpi mendate igoko baitituzte: Hirugarren Mailako lau —La Escrita, Ubal, Fuente las Varas eta Cruz Usaño—, Bigarren Mailako bi —Collado de Ason eta Alisas— eta maila bereziko bat —Los Pachucos—. 6,8 kilometroko igoera da azken hori, eta oso gogorra, batez beste %9.2ko pendiza baitu. Tartean, gainera, %25eko aldapak ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.