Philippe Gilbert (Omega Pharma-Lotto) da Espainiako Vueltako lider berria, Mark Cavendishi lekukoa hartuta. Hark irabazi du, gainera, probako 3. etapa: Marbella-Malaga (157,3 kilometro). Bukaeran ia bi kilometroko malda zeukaten, eta hantxe egin du eraso Gilbertek. Bakarrik heldu da helmugara.
Hiru segundora Joaquin Rodriguez iritsi da, hamabira Igor Anton (Euskaltel-Euskadi), hamalaura Vincenzo Nibali. Horiek izan dira lau aurrenak. Besteak hamabost segundotik aurrera ailegatu dira. Kasu, Denis Mentxov hemezortzira. Andy Schleck-ek, berriz, hamalau minutu pasa galdu ditu.
Serafin Martinez (Xacobeo Galizia) izan da etapako beste protagonista. Beste sei lagunekin ihes eginda egon ostean -besteak beste, Egoi Martinez Euskaltel-Euskadikoarekin-, Leon lehen mailako mendatean alde egin du, helmugarako 45 kilometro inguru falta zirela, eta helmugatik kilometro batera harrapatu du tropelak.
Sailkapen nagusian Joaquin Rodriguez dago bigarren, hamalau segundora. Anton zazpigarren dago, 35era.
Bihar korrituko dute Vueltako 4. etapa: Malaga-Valdepeñas de Jaen (183,8 kilometro). Bigarren mailako bi mendate izango dituzte -azkena zazpi kilometrora- eta hirugarren mailako bat.
Irailaren 19an bukatuko da Espainiako itzulia, Madrilen. Erlojupeko luze bakarra dauka itzuliak, eta mendiko sei etapa.
Orain arteko etapak
- 1. etapa: Sevilla-Sevilla. Irabazlea: Team HTC-Columbia. Liderra: Mark Cavendish.
- 2. etapa: Alcala de Guadaira-Marbella. Irabazlea: Yauheni Hutarovitx. Liderra: Mark Cavendish.
- 3. etapa: Marbella-Malaga. Irabazlea: Philippe Gilbert. Liderra: Philippe Gilbert.
txirrindularitza
Gilbertentzat Vueltako etapa eta lidergoa
Joaquin Rodriguez hiru segundora heldu da, Anton hamabira. Andy Schleck-ek hamalau minutu pasa galdu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu