Giltza airean dago

Zigicek eta Llorentek berdegunean erakusten dutena erabakigarria izango da talde garailearen izena asmatzeko

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Athleticek beste urrats bat egin gura du, mailari eusteko behar dituen puntuak eskuratzeko. Espanyolek Molinonen lortu zuen garaipenaren ostean, jaitsierako postuak bost puntura ditu talde zuri-gorriak. Ondorioz, oraindik lanean jarraitu beharra dago. Inork ez du amore eman gura. Athleticek ere ez. Horregatik nahi du Racing mendean hartzea. Zaleen aurrean, euren babesarekin, indartsuagoa eta arriskutsuagoa da Caparrosen taldea. Txapelketako lehen jardunalditik izaten da garrantzitsua jarraitzaileen babesa, baina indarrak agortuz doazenean are eta gehiago eskertzen da. Buruak eta hankek motelago funtzionatzen dutenean bestelako motibazioek garrantzi handiagoa izaten dute. Beraz, gaur ere garrantzitsua izango da harmailetako giroa.

Athleticek 40 punturekin amaitu gura du jardunaldia. Mugarri psikologikoa da. Puntu kopuru horretara ailegatzen direnean, taldeek baikortasunez ikusten dute etorkizuna. Athleticek ere hala egingo du. Izan ere, bost jardunaldi izango baititu aurretik erabateko lasaitasuna lortzeko. Baina ez da izango samurra. Aurkariak ere helburu berbera duelako, besteak beste. San Mamesen irabazteak mailari eusteko balioko dio Muñizen Racingi. Puntu bat ere begi onez hartuko luke. 40. puntua izango litzatekeelako. Beraz, motibazioz gainezka dauden talde bi egongo dira aurrez aurre Katedralean.

Kirol helburuek nahikoa behar lukete izan norgehiagoka behar den moduan prestatzeko. Baina Athleticen eta Racingen artean bestelako kontuak ere badaude. Azken denboraldiotan oso biziak eta lehiatuak izan dira bi taldeen arteko lehiak. Zuri-gorriei oso harrera txarra egiten diete Sardinero futbol zelaia bisitatzen duten bakoitzean. Kantabriarrentzat (Espainia) denboraldiko norgehiagokarik garrantzitsuena dela ematen du. San Mames betetzen duten zaleen artean ere badago Racing mendean hartzeko gogoa. Giroa ez da Sardineron bezain beroa izaten, baina Racingeko jokalariak ez dituzte oso ondo hartzen. Eta, beste hainbat kasutan gertatzen den legez, harmailetako giroak isla izaten du berdegunean. Ondorioz, jokalariek ere badute partida hori jokatzeko eta irabazteko gogoa.

Bada, futbol zelaiko lehian Racing izan da nagusi azken denboraldiotan. Duela urte gutxira arte aldea zegoen bi taldeen artean. Athletic gehiago zen, eta gehienetan emaitza onak biltzen zituen Racingen aurka. Azken sasoietan aldatu egin da joera. Egun, Racing da lehia gehienen ostean gustura geratzen den taldea. San Mamesen elkarren kontra aritu diren azken hiru aldietan hutsean amaitu da norgehiagoka. Beraz, kanpoko taldea etxekoa baino gusturago abiatu da etxera. Liga nola dagoen aintzat hartuta, pentsatzekoa da bai Athleticek eta baita Munitisek eta enparauek ere ontzat hartuko dutela puntua berriro banatzea. Baina etxean hiru puntu iarabazteko zelairatu beharra dago.

Athleticen eta Racingen arteko partida batean erraza da asmatzea non egongo den giltza. Zigic eta Llorente dira lehia erabaki dezaketen jokalariak. Bi taldeek euren erdiko aurrelarientzat jokatzen dute. Beraz, gehien asmatzen duenak irabaziko du. Horrek ez du esan gura zaindu beharreko jokalari bakarrak direnik. Caparrosek aintzat hartu beharko du serbiarraren inguruan jokatzen duten jokalarien eraginkortasuna: Munitis, Serrano, Pereira, Tchite eta enparauak jokalari bikainak eta arriskutsuak dira, tentuz zaindu beharrekoak. Garrantzitsua izango da zuri-gorrientzat Racingeko erasoko jokalariak Gorka Iraizozen atetik ahalik eta urrutien mantentzea.

Etxeita eta Orbaiz hasieratik

Futbola askotarikoa da. Kirol nagusia ulertzeko hainbat era daude. Guardiolak eta Vicente del Bosquek, esaterako, hau esaten dute: zelai erdirako dituzten jokalarien gaitasunak baldintzatzen du talde baten estiloa. Teoria horri erreparatuz gero, gaur ikusiko dugun Athletic baloiaren jabetza gustuko duena izan beharko litzateke. Javi Martinezek txartelak pilatu ditu eta Gurpegik min hartu du, beraz, bi jokalari horiek ez dute jokatu. Ondorioz, Orbaiz eta Yeste izango dira taldeari oreka emateko arduradunak. Erasoan aritzeko eusteko baino euskarri bikote aproposagoa da. Zelai erdian ez ezik, atzealdean ere izango dira berritasunak. Ociok ere ez du jokatuko, txartelak tarteko. Bere lekuan Xabi Etxeita ariko da. Jokatu duen bakoitzean ondo jokatu du amorebietarrak. Ez du huts larririk egin. Gaur, ordea, azterketa gogorra izango du. Metro biko aurkari bat izango du aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.