Giltzarrapoa eta lantza bilatuz

Realak distira galdu du azken asteetan jokoan zein emaitzetan. Aurrez egindakora itzuli nahi du, ahalik lasterren. Gaur, Leganesen kontra ariko da Espainiako Kopan.

Imanol Alguacil, haserre, Vila-realen aurkako ligako partidan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Realak badu gaia, badu mamia. Badaki ondo jokatzen, eta emaitza onak lortzea zer den ere badaki. Azken bi hilabeteetan, ordea, ez du irabazi. Erabat itxuraldatu da sasoi hasierarekin alderatuta. Txuri-urdinek orduko ahalak erakusten dituzte tantaka, baina distira galdu izanak eragin zuzena izan du emaitzen eskastean. Lehengoratzeko gako bila ari dira Imanol Alguacil eta haren jirakoak, atzeko sendotasuna, erdiko trebezia eta aurreko eraginkortasuna berme dituztela jakitun. Defentsako giltzarrapoa eta erasoko lantza aurkitzen baldin baditu, asko irabaziko du berriz ere.

ATEAN, ERA GUZTIETAKOAK

Sasoi hasiera onaren erantzuleetako bat izan zen Alex Remiro. Atezain nafarraren lan onak atea hutsean uzteko modua eman zuen makina bat aldiz, baina zenbait partidatan egindako huts jakinek erasan egin zuten haren jarduna. Aldi batzuetan aulkian ere izan zen, Matthew Ryanek ordeztuta. Realak bien arteko lehia nahi du, eta horrek on egin diezaieke.

Hala, azken partidan haren aldeko apustua egin zuen Imanol Alguacilek. Unerik zailenetan ere, entrenatzaileak eutsi egin dio harekiko konfiantzari, eta oreka bilatzearen alde egin du. Horrek hauspotu egin dezake.

LERROA KRASKATZEA, KALTE

Remirok eta atzeko lerroko futbolariek osatutako batasuna izan zen Realaren hasiera onaren beste zutarrietako bat. Batez ere Robin le Normanden maila bikainak indartu zuen haien jarduna. Bretainiako atzelaria izan da defentsaren gidari —liga oso-osoan jokatu du—, eta haren nagusitasunaren jiran beste kideak ere aise aritu ziren.

Urrian ligako jokalaririk onena izendatu zuten Le Normand, eta lerro sendoa osatu zuen Aritz Elustondorekin, Aihen Muñozekin eta Andoni Gorosabelekin batera. Ordea, hegalekoen lesioek eta Elustondoren zigorrak kraskatu egin zuten defentsako horma, taldearen boladarik txarrenean egin ere.

Ordutik lehengo mailara itzuli ezinda daude atzelariak. Abenduan gol kopuru handia jaso dute, eta ezinbestean egin beharreko aldaketek jarraitutasuna kendu diete. Gutxika-gutxika ohiko jokalariak osatu eta maila berreskuratzea gako izango dute.

ITSASARGIAK NOIZ PIZTUKO

Erdiko lerroa izan da Realaren indargune nagusietako bat. Mikel Merinoren, Martin Zubimendiren eta David Silvaren batzeak onenen pareraino eraman zuen taldea. Denetarik egiten zuten, eta ia gehiena ondo: zelaiko lerro ezberdinak lotzeaz gain, kalitatea gehitzen zioten jokoari. Zelai erdiko makineria izan da Realaren martxa onaren eragilea, eta hango kideen lesioek erabat erasan diote donostiarren jokoari.

Bereziki, Merinoren sasoi hasierako distiraren falta sumatu du Realak azken jardunaldietan. Silvak ere harekin batera hartu zuen min, bigarren aldiz sasoi honetan. Ez du partida bat osorik jokatu, baina asmatu duenetan asko eman dio taldeari.

Zer esanik ez Mikel Oiartzabalek. Eibartarra da Realaren beste itsasargia, eta hark ere jokatu ezinda eman ditu ligako hemeretzi jardunaldietatik sei: bost min hartuta, eta azken neurketan, zigortuta. Haiekin guztiekin jauzi kualitatibo handia egiten du Realak, eta haien itzulera da urte berriari ekiteko albisterik onena.

ERAGINKORTASUN BILA

Erasoko esparruan eraginkortasuna galdu izana lasta handia izan da Realarentzat. Bai gol aukerak sortzeko garaian, bai haiek errematatzerakoan, urritu egin da asmatze kopurua, eta hori igarri egin da partida askotako emaitzetan. Emaria eten egin da: ligako azken sei partidetan bi gol besterik ez ditu sartu Realak, eta puntu bakarra eskuratu. Alexander Isaken joaren falta sumatzen dute txuri-urdinek, eta Alex Sorlothek ere gehiago asmatu du Europan. Gol bakarra sartu du ligan.

LEHENIK, LEGANES

Realak Espainiako Kopako final-hamaseirenak jokatuko ditu gaur, Leganesen estadioan (16:00, Dazn). Imanol Alguacilek prest dituen jokalari guztiak eraman ditu Madrilera: «Ez dugu arriskatuko». Oriotarrak 25 lagun eramango ditu Butarquera; tartean, Rafinha iritsi berria. Aldiz, bi koronabirus kasu positibo atzeman ditu Realak, eta esan du Ander Barrenetxearen lesioa «luzerako» dela. Baikor da Imanol: «Uste dut aurrera egingo dugula. Beti uste dut faboritoa naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.