Albiste ona jaso du Gipuzkoa Basketek. Hilabete kaotikoa izan duten arren, helburua lortu dute. Datorren denboraldian ACB ligako taldea izango da. Aurkeztutako dokumentazioa eta ordaindu behar ziren 404.021 euro onartu ditu ACBren asanbladak. Nekane Arzallus GBCko presidenteak pozik hitz egin du. “Oso pozik gaude berriz ere ACB ligara itzuli garelako. Momentu honetara iristeko sekulako lana egin dugu, baina balio izan du”. Horrez gain, Arzallusek GBC ACB ligan egotea ahalbidetu duten guztiei eskerrak eman dizkie. Halaber, aurrekontua sendotzeko lanetan arituko direla esan du Arzallusek. Horretarako, erabakigarria izango da babesle nagusia topatzea.
Horrenbestez, datorren denboraldian hiru euskal talde egongo dira gorengo mailan. Baskonia, Bilbo Basket eta Gipuzkoa Basket.