Pello Bilbao. Astanako txirrindularia

«Giro hau inflexio puntua izan daiteke nire ibilbidean»

Bederatzigarren da sailkapenean, eta egoera on hori ezustekoa da Bilbaorentzat. Bere maila ikusita etorkizuna beste modu batera plantea dezakeela uste du Bilbaok, bigarren lider moduan.

«Giro hau inflexio puntua izan daiteke nire ibilbidean».
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
«Ordu eta erdiko siesta egin, eta arratsalde osoa ohean botata egingo dut, gorputzak eskatzen duena». Hori da Pello Bilbaoren (Gernika, Bizkaia, 1990) plana atseden egunerako. Goizean, gaurko erlojupekoa aztertu dute, eta, gero, entsalada, pasta eta arraina bazkaldu;«lehiaketa errutinei eutsi behar zaie, baina, sukaldaria asko saiatzen da», zehaztu du Bilbaok.

Nolakoa da gaurko erlojupekoa?

Leuna eta misterio handirik gabekoa. Postua mantendu eta espezialistentzako egokia. Ez dago jarrera aldatu edo arnasa hartzeko tarte handirik. Dumoulin, Froome eta Dennis ondo ibiliko dira, eta beste guztiak, antzeko samar. Dumoulin gisako txirrindulari batek aurrean gauden besteoi bi minuturen aldea atera diezazkiguke, eta, baten batek ez badu bere maila ematen, baita hirurena ere.

Lehen erlojupekoan seigarren izan zinen; emaitza handia da.

Hobekuntza garrantzitsua izan dut aurten erlojupekoan, lan handia egin dudalako. Bizikleta gaineko jarrera egokia aurkitu, eta orduak sartu ditut egokitzeko. Aerodinamikak garrantzi handia dauka, eta batez ere erlojupeko bizkorrak direnean alde handiak egon daitezke. Orain arte ez dut aerodinamika larregi landu. Iaz ikusi nuen sailkapen nagusian sartzeko erlojupekoan galerak izan nituela, eta nik uste dut lana nabaritu dela. Israelgo erlojupekoa aproposa zen niretzat: hamar kilometro, gora eta behera asko... Gaurkoa ez da hain aproposa.

Bigarren atseden eguna, eta bederatzigarren zara sailkapen nagusian. Hau ez da kasualitatea. Espero al zenuen?

Uste dut jende gutxik espero zuela, eta, egia esan, nik neuk ere ez nuen espero. Girora etorri nintzenean, lehen hamarren artean sartzea ez zen nire helburua inondik inora. Kasualitatez suertatu den egoera bat da, eta hemendik aurrera gauzak beste modu batera planteatzeko aukera ematen dit.

Beste modu batera? Nola?

Orain arte ez dut neure burua ikusi hiru asteko itzuli batean sailkapen nagusia lehiatzeko moduan, eta hau inflexio puntu bat izan daiteke nire ibilbidean. Gauzak beste modu batera plantea ditzaket, nire indarrak horretan zentratzeko. Orain dela hiru urte ezinezko ikusten nuen neure buruarentzat hiru astean horrelako erregulartasun bat lortzea. Lanak, urteek eta esperientziak eman didate aukera hau.

Taldearentzako mezua ere izan daiteke, Espainiako Vueltara begira edo...

Oraingoz ez dut erakutsi lider sendo baten rolean egon naitekeenik. Baina beti komeni da bigarren txirrindulari bat izatea sailkapenera begira, azkeneko astean liderraren alboan egongo dena, txirrindulari oso bat. Profil interesgarria da, eta erlojupekoan izandako hobekuntzarekin, taldekako erlojupekoetan ere lagun dezaket. Esan dezaket erregulartasuna lortu dudala, eta profil oso bat.

Zeure burua hain ondo ikusi duzu noizbait?

Iazko Vueltan gertu ibili nintzen, baina lehen astean denbora galdu nuen. Azken bi asteetan, berriz, ez nuen denbora asko galdu sailkapen nagusiko liderrekin, eta horrek arrasto bat eman zidan. «Agian goikoekin lehiatzeko gai naiz?», eta hurrengo itzuli handia Giro hau izan da, eta orain eman dut pauso hori.

Nola iritsi zara hirugarren astera? Eusteko moduan zaude?

Bai, egunetik egunera euste horrek konfiantza ematen dit. Vueltan, hirugarren astean aurrenekoan bezain indartsu ikusi nuen neure burua, eta besteek behera egitean ni hor mantentzen nintzen. Hor datza nire itxaropenak.

Miguel Angel Lopez taldekidea duzu aurretik, mesede edo kalte egiten dizu horrek?

Helburuaren arabera. Etaparen batean biok goian baldin bagoaz, bera ni baino zorrotzago zainduko dute, eta etapa irabazteko borrokan lagun diezadake. Neure kasa mugitzeko garaian, berriz, kontuan izan behar dut berari nola eragin diezaiokeen. Mesede eta falta, beraz.

Ondo moldatzen al zarete?

Bai, taldean argi dago bera dela burua, eta berak duela gaitasun handiagoa azken asteko zailtasunei aurre egiteko. Taldeko rolak argi daude.

Podiumerako zure kiniela?

Yates sendo ikusten dut podiumerako; Dumoulin ere bai, erlojupekoarengatik, eta uste dut hirugarrena Pozzovivo, Pinot eta Lopezen artean egongo dela. Oraindik mendiko etapa gogorrenak falta dira, eta horietan lor dezake aldea Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.