Saskibaloia. Euroligako Lauko Finala Gasteizen

Giroa, pabiloian

Euroligako Lauko Finaleko lehen eguna hotza izan da Gasteizko kaleetan. Eguraldiak ez du lagundu, eta ez da egon giro handirik kaleetan. Buesa Arenako harmailetan, aldiz, tenperatura igo da, batez ere Fenerbahceko zaleei esker.

Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Ostiral berezi behar zuenak, ostiral arrunt itxura izan zuen. Euroligako Finala atzo hasi zen Gasteizen, urte osoan esperotako asteburua, eta lehen atal pattala izan zuen. Gasteizko kaleetan, eta goizez, bai behintzat. Halako ekitaldiei beti kostatzen zaie berotzea, jendea apurka iritsiz doalako, baina lehen orduek ez zuten ase sortutako ikusmina. Beste kontu bat izan zen behin partidak hasita pabiloian ikusitakoa. Lehiaketak giroa berpiztu zuen, batez ere Fenerbahceko zaleei esker. Gehiengoa ziren, eta eztarria urratu arte abestu zuten. Haiek isildu ziren une bakanetan agertu ziren bakarrik Baskoniaren aldeko oihuak.

Eguraldiak ez zuen lagundu. Gasteiz euripean esnatu zen, eta tabernetako terrazak hutsak zeuden. Hungaria tabernakoak ere bai, Andre Mari Zuriaren plazatik gertu, eta haren barraren atzean Alfonso Silva zegoen. «Duela hiru aste ireki dugu taberna hau, eta Korrikaren amaiera genuen buruan. Hura harrigarria izan zen, etengabe lanean, eta ordukoan adina egotea espero genuen, baina oso urrun gelditu da. Eguraldia ere txarra da, urriko ostiral bat dirudi. Espero dut egunekin gora egitea, larunbatean». Ostalariek espero baino lan gutxiago egin zuten, eta Alde Zaharreko tabernetan erraz eska zitekeen. Aiztogile kalea hutsik zegoen, eta, han, Marta Sendiu, Garraxi tabernako kanpoaldean. Hantxe egiten du lan. «Niri bi errusiar sartu zaizkit goiz osoan. Egia esan, guk ez genuen espero jende askorik. Ikuskizun elitista bat da hau, prezioak asko igo dituzte ostatuetan. Agian beste batzuek egingo dute negozioa, baina kaleko taberna normalek ez».


Terrazak hutsik zeuden Andra Mari Zuriaren plazan. Goizean giroa pattala izan zen. IMANOL MAGRO

Alde Zaharrean bueltaka zebiltzan zaleak ere harrituta zeuden, asko beste Lauko Final batzuetan egondakoak baitira, eta lehen egunak beste itxura bat izaten du. Zaleen gunean jolas egiteko eta argazkiak ateratzeko hainbat toki zeuden. Esaterako, trofeoarekin, eta ilara ez zen oso handia. Zale askorik ez, baina zeudenen artean multzo bat zen nagusi: Fenerbahcekoak. Gasteizera jende gehien erakarri duen taldea da, 3.000tik gora kalkulu ofizialen arabera, eta haien elastiko horia zeraman Emre Coskun gazteak. Munichen (Alemania) bizi da —Turkiako talderik handiena da Fenerbahce, eta Europan hogei milioi zale ditu barreiatuta—, eta lagunekin etorri da. «Jende gehiago espero nuen. Iaz Belgraden egon ginen, eta hura harrigarria izan zen. Gu askoz gehiago ginen, Zalgirisekoak ere 3.000tik gora... Finalerdien egungo goizak eta gaurkoak ez dute antzik». Esperientzian oinarrituta, Coskukek bere teoria propioa zuen. «Normalean, hiri bakarrean egiten da Lauko Finala, eta hara biltzen da mundu guztia. Hau ezberdina da, puntu ezberdinak daude. Guk, esaterako, Bilbon hartu dugu ostatu».

Efesek, aldiz, jende gutxi mugitu zuen, asko jota 400 pertsona, eta taldearekin etorri ziren. Talde txikia da Turkian, eta, hein handi batean, maitatua. «Guk ez badugu irabazten, Efesek irabaztea nahiko nuke. Guk ezinikusia Galatasaryrekin dugu». Aitorpena Simon Taraganorena da, egun batzuk Donostian igarotzen ari den Fenerbahcezalearena. «Egun batzuk egingo ditugu Euskal Herrian. Bilbon egon ginen, Miarritzen, eta bost egun egingo ditugu Donostian. Larunbatean Getariara goaz. Ea eguraldiak laguntzen digun». Emaztearekin etorri da, eta bidaia baliatu nahi du. Hala ere, kexua zuen, beste Lauko Final batzuk ezagutu dituelako. «Antolakuntza hobetu zitekeen. Donostian autobusa hartu behar genuen tokia ez zegoen behar bezala adierazita, eta makina bat buelta eman dugu taxian. Gero, Gasteizen, busak ez gaitu zaleen gunean utzi. Jar ezazu, mesedez». CSKA Moskuko zale gehienak ere Gasteiztik kanpo hartu zuten ostatu. 400 bat inguru, ez asko. Taldeko zaleen joan-etorriak antolatzen dituen langile bat kexu zen Andre Mari Zuriko plazan. «Guk normalean 800-1.000 zale mugitzen ditugu, aurten, aldiz, 400 inguru. Guretzat zaila da Gasteizera iristea, asko jota Bilbora. Zale askori, gainera, ostatuak garestiak iruditu zaizkie».


Zale bat saskibaloian jokatzen, haientzat antolatutako gunean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Baskonia falta da»

Real Madrileko zale gehienak arratsaldean iritsi ziren Gasteizera. Hiru orduan han ziren, eta 21:00etan jokatzeak bazkalostera arte atzeratu zuen askoren planak. Ez, ordea, Guillermo eta Jose Martinezenak. Alde Zaharrean paseatzen ari ziren. «Espainiako Kopa jokatu zenean ere hemen egon ginen, eta hau beste mundu bat da. Bagenekien ez zela orduko girorik egongo, baina hain gutxi...». Lauko Final askotara joanikoak ere badira, eta egoeraren diagnostikoa zehatza egin zuten. «Baskonia falta da. Nabaritu egiten da. Kopetan haiek jartzen dute giroa. Etxeko zale gehiago espero genituen». Bi lagunek Gasteizen ostatu hartzeko asmoa zuten, baina azken unean iritzia aldatu zuten. «Hotelen prezioak ikusi, eta atzera egin genuen. Aukera gutxi daude, eta garestiak. Bueltaka hasita, Burgosko herri batean utzi diguten etxe batera joan gara».

Baskoniazale batzuk bazeuden, tartean, elastiko eta bufandekin, David Alvarez, David Martinez eta Rodrigo Morales gasteiztarrak. Hirurak Baskoniako abonatuak dira, eta Lauko Finaleko txartelak aspaldi erositakoak. «Hirian inpaktu handia izango zutela esan zuten, bada negozio gutxi batzuetan izango da. Hau ekitaldi elitista bat da, Espainiako Kopetan giro gehiago egoten da, baita hiri txikietan antolaturikoetan». Goizean bueltaxka ematera irten, eta harrituta zeuden. Entzuna zuten kanpoko zale asko Gasteiztik kanpo zeudela, eta horri egozten zioten, eta aurreikuspen handiei. «Abonuen prezioek ere ez dute laguntzen, oso garestiak ziren».

Baskonia zaleak haserre ziren abonuen kontuarekin, eta ez zen gutxiagorako. Eurek 273 euroan erositako abonuak 173 euroan eros zitezkeen atzo Internet bidez. 190 balio zutenak 120 euroan zeuden, eta atzoko bi finalerdiak ikusteko sarrerak 40 euroan. Ekitaldi handietako sarrera asko blokeatzen dituzten atarietan aurkitu zitezkeen.


Fenerbacheko zaleak. Eskuinean Simon Taragano ageri da. / IMANOL MAGRO

Pabiloian, ingelesez

Lauko Finalaren hizkuntza ingelesa izan zen. Antolatzaileek euskarak trataera duina izango zuela esan zuten, eta afixa eta seinaleetan hala izan zen. Guztiak aurkitu zitezkeen euskaraz. Ez, ordea, esatarien aldetik. Zaleen gunean, Plaza Berrian, hiru esatari ezberdin, eta bakarra zen euskalduna. Beste biak ingelesez eta gaztelaniaz mintzatu ziren bakarrik.

Pabiloian, aldiz, ingelesa entzun zen bakarrik. Hala izan zen bi finalerdietan. Antolakuntza Euroligak hartu zuen bere gain, eta Baskoniaren partidetan, esataria euskaraz entzutea ohikoa den arren, atzo ez zen halakorik egon Buesa Arenan. Agur hitz solte batzuk egin zituzten euskaraz, eta ezer gehiago ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.