Txirrindularitza

Giroak ibilbide berritzailea izango du 2024an

Orekaren alde egin dute antolatzaileek: etapak, oro har, laburragoak eta leunagoak izango dira. Erlojuaren aurka 68 kilometro egingo dituzte, bi saiotan banatuta. Emakumezkoen proba ere RCS enpresak antolatuko du

Primoz Roglic iazko garailea. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko urriaren 13a
21:05
Entzun

Gogorra izango da datorren urteko Italiako Giroa; ez, ordea, ohi bezain malkartsua. Pizgarri baten beharra zuen lasterketak, mendiko etapa luzeetan ez baita ikuskizun handirik izan azken urteetan. Gainera, faboritoek indarrak gordetzeko hautua egin izan dute, gogortasuna azken astean egon baita metatuta. Horiek horrela, formulaz aldatu dute antolatzaileek datorren urtera begira: azken txanpa ez da horren bortitza izango, eta kontrara, hasierak ez du inor epel utziko. Erlojupekoak oso garrantzitsuak izango dira: 37 kilometroko saio bat jokatuko da lehen astean, eta 31 kilometroko beste bat etapen bigarren blokean. 200 kilometrotik gorako lau etapa jokatuko dira bakarrik. Ziklistek erasorako gogoz jardutea eta lasterketa irekiagoa izatea da antolatzaileen nahia.  

Gizonezkoen Giroa RCS Sport enpresak antolatzen du 2013az geroztik, eta emakumezkoena ere antolatuko du datorren urtetik aurrera. Gaur aurkeztu dituzte bi lasterketak, Trenton egin den ekitaldian, baina soilik gizonezkoen ibilbidearen berri eman dute. Emakumezkoek oraindik ez dakite zer-nolako etapak jokatuko dituzten; badakite, ordea, irabazleak zer sari izango duen: infinituaren zeinua irudikatzen duen trofeoa.

Gizonezkoen tropela maiatzaren 4ean lotuko zaio lehiari, eta 42.900 metroko desnibel metatua gainditu beharko du, azken urteetan baino dezentez gutxiago: 52.000 metro inguru izan ziren iaz, 51.000 metro duela bi urte. Hala ere, Giroaren esentzia ez da guztiz galduko, eta lasterketa irabazi nahi duenak maldan gora ondo moldatu beharko du. Stelvio izango da mendaterik garaiena, baina ez du aparteko eraginik izango, 16. etaparen hasieran igoko baitute. Apaingarria izango da, mugarria baino gehiago. Mendaterik erabakigarrienak Prati di Tivo, Forcola di Livigno, Brocon eta Grappa izan daitezke. Guztira sei etapa bukatuko dira mendate batean. Erlojupekoek eta 6. etapako lurbideek ere ibilbidea mamituko dute.   

Historian laugarrenez, Giroa Piemonte eskualdean abiatuko da. Lehen etapak Venaria Reale eta Turin lotuko ditu, eta Superga izango da igoko duten mendateetako bat. Egun horretan 75 urte beteko dira Torino futbol taldeak Supergan hegazkin istripua izan zuenetik. Ezbeharra gogoratuko du Giroak, baina omenaldiez harago, lehiatzea egokituko zaie ziklistei, etapa bihurria izango baita. Biharamunean, lehen bukaera izango dute maldan gora: Oropako santutegian egongo da helmuga. Faboritoak, beraz, hasi orduko igoko dira taula gainera. Kontuz ibili beharko dute 6. etapan, hamabi kilometro lur gainean egingo dituztelako.

Erlojupekoa jokatuko dute hurrengo egunean: 37 kilometro Foligno eta Perugia artean. Saio laua izango da oro har, baina bukaeran aldapa aurkituko dute. Bukaera are malkartsuagoa izango du hurrengo etapak, ziklistak Prati di Tivora igoko baitira. Igotzaileek lehen astean izango duten azterketa nagusia izango da.   

Atseden hartu, eta beste mendate gogor bat topatuko dute 10. etaparen amaieran: Cusano Mutri. Eta trantsiziozko hiru egunen ostean, ziklistek bizikleta adarduna hartuko dute berriro, 31 kilometroko bakarkako saioa osatzeko. Laua izango da erabat, diziplina horretako espezialistentzat aukerakoa. Biharamunean, beste etapa garrantzitsu bat: Aprica, Forcola di Livigno eta Mottolino kateatuko dituzte azken kilometroetan.

Giroaren azken astea sufrikarioa izan ohi da ziklistentzat. Eskuarki, pare bat etapa bortitz jokatzen dira Dolomitetan. Haatik, azken txanpa arinagoa izango du 2024ko Giroak. 16. etapan Stelvio igoko dute, baina oso hasieran, eta ordekan kilometro asko egin ondoren, bukaeran Pinei eta Valgardena igoko dituzte jarraian. Gogorragoa izango da hurrengo etapa: bi aldiz igoko dute Brocon, aurrez beste lau mendate gainditu ondoren. 50eko hamarkadan igaro zen Giroa azkenekoz Broconetik. Grappara ere igoera bikoitza egingo dute azken-aurreko etapan. Igotzaileen arteko azken dema izango da. Maiatzaren 26an bukatuko da lasterketa, Erroman. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.