Lehen kanporaketan Gimnastici nagusitu ostean, koska bakarra falta zaio Osasunari Lehen Mailara itzultzeko. Igandean jakin zuten gorritxoek nor izango duten aurrean lehia horretan: Girona. Talde kataluniarrak gogotik sufritu zuen Kordobari nagusitzeko, arauzko denboran 2-1 irabazi ondoren luzapenean egin baitzuen 3-1ekoa.
Joaneko partida datorren asteazkenean jokatuko dute, Sadarren (20:00), eta itzulerakoa larunbatean (19:00). Osasunak kanporaketa gaindituz gero, Lehen Mailako bosgarren euskal taldea litzateke, Athletic, Reala, Eibar eta Alavesekin batera.
Ligan, Gironak 0-1 irabazi zion Osasunari Iruñean, eta hutsean berdindu zuten Katalunian. Laugarren postuan amaitu zuten denboraldia kataluniarrek, Osasunak baino bi puntu gehiago pilatuta.