Haur miragarria bizarra egiten hasi baino lehenago hasi zen zeresana ematen. ACB ligan debutatu zuen historia osoko jokalari gazteena izan zen, eta hala da, 14 urte, 11 hilabete eta 24 egunekin. Rubioren kondaira hasi besterik ez zen egin. 2006ko Europako Kadete Txapelketan urrea irabazi zuen Espainiako selekzioarekin, eta txapelketako jokalari onenaren saria eman zioten. Finalean mundu honetakoak ez diren zenbakiak lortu zituen: 51 puntu, 24 errebote, hamabi asistentzia eta berreskuratutako zazpi baloi.
Fisikoki bere adinekoak baino lehenago hazi zen Rubio, baina ACB ligako bidea ez zen erraza izan, eta egokitzeko beharra izan zuen. Ez zen kikildu, halere. Rudy Fernandez kidea eta laguna alboan zuela, bereak eta bi egin zituen Joventuten elastikoarekin, besteak beste, Gasteizen 2008an jokatu zen Espainiako Kopa irabazi, Baskoniaren aurka. Rubio maisua da begietatik erraz sartzen den jokoa egiten, zaleen gustuko izaten. Joko antolatzaile trebea da, adimentsua taldekideak elikatzerakoan, eta iaioa defentsan 206 zentimetroko beso zabalerari esker. Horregatik jarri zioten Haur miragarria goitizena.
Rubio masa fenomeno bihurtu zen. Izar mediatikoa. Elkarrizketa kopurua asko mugatu zioten, baina beti zen informazio iturri. Lan ona egiten zuenean, kale egiten zuenean, NBAra joateko eztabaida pizten zenean... Akabo aisi orduak, El Masnouko hondartzan lagunekin lasai egoteko aukera (Herrialde Katalanak), metroan oharkabean ibiltzea edo otorduak egunero pizzeria berean egitea. Desagertu egin zen, baina haren jokoaren distira ere bai.
Haren zenbakiak apaldu egin ziren, eta gabeziak agerian geratu lehen aldiz: urruneko jaurtiketa pobrea, esaterako. Kantxan triste antzean sumatzen zitzaion. Jainkoz mozorrotu zuten, baina ez zen Jainkoa, pertsona arrunta baizik. NBAren burrunbak gehiago zaildu zuen egoera. Bolo-bolo zebilen Draft-ean zein postutan aukeratuko ote zuten, eta NBAko dolar festaren tentazioa ere hazi egiten zen etengabe. Denek zuten iritziren bat. Rubiorena berarena zen falta zen iritzi bakarra.
Iskanbilari iskanbila
Minnesota Timberwolvesek bosgarren postuan aukeratu zuen. Posizio bikaina. Batez ere 18 urteko gazte batentzat. Izan ere, Rubio Espainiako Ligan eta Eurokopan, Europako bigarren txapelketan bakarrik aritu zen. Euroligan jokatu gabe, Europako talde onenak jokatzen duten txapelketan aritu gabe eman behar ote zuen pausoa AEBetara?
Jokalariak Joventutekin zuen etete klausulak ikaragarri nahastu zuen orduan egoera. Jordi Villacampa taldeko presidenteak lau milioi euro eskatu zituen, eta Rubiok epaitegietara jo zuen. Irabazten zuen soldata aintzat hartuz (200.000 euro inguru), etete klausula gehiegizkoa zela zioen Rubiok. Dirutza horrek Minnesota bera uxatu zuen, eta Real Madril eta Bartzelona sartu ziren iskanbilan. Bartzelonak bereganatu zuen, hiru milioi euro ordainduta, eta Badalonan ez zioten, ez diote erabakia barkatu Rubiori. Oraindik «diruzale» eta antzekoak esaten dizkiote bere kantxa izan zenera itzultzen denean.
Gaur egun Euroliga irabazitakoa da, liga irabazi nahi du, eta milioi bat euro irabazten ari da urteko. Baina hain ona den edo ez, eztabaidak pil-pilean jarraitzen du. Munduko Txapelketan gaizki aritu zen, umezurtz Jose Calderon taldekidea lesionatu ondotik. Liga hasieran ere eskas ari da: bost puntu eta bost asistentzia, eta jaurtiketan oso portzentaje txarrak. «Nik neuk ere badakit ez nagoela ondo, baina bueltatuko naiz», aitortu du.
Aste honetan erreportajea eskaini dute AEBetako ESPN telebista katean, Rubioren inguruan. Minnesotan ere abesti bat sortu dute zaleek harentzat. Pete Pistol Maravitch mitikoarekin konparatu dute han, baina Rubiok ez du haren talentuaren laurdena ere. Maravitch, John Stockton eta Magic Johnson joko antolatzaile apartak ziren, baina joko ikusgarria egiteaz gain, saskiratu egiten zuten, eta asko. 24,2 puntu batez beste partidako Maravitchek.
Tokirik ba al du Rubiok NBAn? Iragarri dioten etorkizun oparoa al du? Mito bat izango al da? Gaurko zenbakiek ezetz diote, baina urte asko ditu aurretik zenbakiei buelta emateko.
Nortasun agiria
Izena. Ricard Rubio Vives.Jaioterria. El Masnou (Herrialde Katalanak).
Jaioteguna. 1990eko urriak 21.
Garaiera. 1,89 metro.
Pisua. 80 kilo.
Postua. Joko antolatzailea.
Ibilbidea. Joventut (2005-2009) eta Bartzelona (2009-2010).
Garaipen zerrenda. Joventutekin, Eurokopa bat, ULEB kopa bateta Espainiako Kopa bat; Bartzelonarekin, Euroliga bat, Espainiako Kopa bat eta bi Espainiako Superkopa; Espainiarekin, olinpiar txapeldunorde Pekinen eta Europako txapeldun.
Bestelakoak. ACB ligan debuta egin duen jokalari gazteena da: 14 urte, 11 hilabete eta 24 egun.