Arazo oro konponduko dituen mirari egilearen tankera dauka Maciej Lampek (Lodz, Polonia, 1985). Udan ilusio handia eragin zuen haren fitxaketak, baina ilusio hori uda bukaerako freskura bezain azkar eraman zuen haizeak. Lampek aldakako hezurtxo bat apurtu zuen Chicagon (AEB), labrum izenekoa, eta osatze prozesua zazpi hilabete ingurura luza zitekeela zioten medikuek. Kolpe latza Baskoniarentzat, eta Lampe aurrez aurre ikusteko gogoa zuten guztientzat.
Poloniarra otsaila hasieran iritsi zen Gasteizera Denvertik, eta Espainiako Koparen atarian egin zen aurkezpen ofiziala. Lehen inpresioa, ona. Morrosko handia, zabala, eta adeitsua. Gaztelaniaz ondo mintzatzen dena, gaztetan Real Madrilekin jokatu zuelako. Mikrofono festa eta informazio gosea pazientzia handiarekin eraman zituen, eta ez kazetariena bakarrik. Gasteizko komunikabideko kazetari batek aldakako ebakuntzatik osatzeko egiten zituen luzatze ariketetako bat egiteko eskatu zion, eta han egon zen, bost bat minutuz, modelo bat balitz bezala.
Egun hartan, lesioaren zergatiaz eta osatze prozesuaz galdetu zioten batez ere. Ohean etzanda zegoela, une txarrak pasatu zituela onartu zuen Lampek, baina baita urteekin arazoei neurria hartzen ikasi duela ere: «Banekien zer zegoen, zenbat denbora beharko nuen osatzeko, eta baikor izaten saiatu nintzen. Momentu txarrak izan nituen, jakina, baina aldatu ezin duzunagatik arduratzea alferrikakoa da—.
The Quiet Man filmeko protagonista dirudi Maciej Lampek (Gizon lasaia). John Wayne Inisfree herrira iristen denean bezala (Irlanda), gogorra kanpotik, beldurgarria azaletik, baina sakonean, pertsona apala, ona. Eta Wayne bezala, bizibidea bere eskuko talentuari esker lortu duena. Waynek boxeoari esker, Sean Thorntonen rolean, eta Lampek, saskibaloiari esker. 27 urterekin kirol ibilbide aberatsa du poloniarrak, hainbat herri eta taldetan jokatu baitu: Polonia, Suedia, Espainia, AEBak, Errusia eta orain Euskal Herrian, ACB ligan. Eta egon den toki guztietan, ezaugarri jakin batekin: bere eskumutur fina. Mutikote handia izanda ere, lauzpabost metrotik duen jaurtiketa ona baita Lamperen baliabide aberatsena. 211 zentimetro, eta haren parekoak saskipetik urruntzeko dohain garrantzitsua.
Lau urte NBAn
Saskitik urrun, eta jaioterritik urrun. Lampe Polonian jaio zen, baina 5 urterekin Suediara joan zen. Han eman zuen gaztaro guztia, ia, 16 urterekin Madrilera egin zuelako jauzi Real Madrileko behe mailako taldeekin trebatzeko. Euroligan minutu batzuz jokatu zuen talde nagusiarekin, baina beste gazte asko bezala, itsutu egin zen eta NBAra joan aukera izan bezain pronto. Lau urte egin zituen Ameriketan: New York Knicks, Phoenix Suns, New Orleans Hornets eta Houston Rockets. Distira handirik gabe, egia esan. Berak azalpen hau eman du: «Prospect bat nintzen han, etorkizuna zeukan eskarmenturik gabeko jokalaria, baina gorputza erabat egin gabe joan nintzen, eta bistan da: ez zen erabaki zuzena izan».
Ez zen izan, Europara bueltatu behar izan zuelako. Hori bai, lorpen zerrenda interesgarriarekin. 22 urterekin oso gutxik esan dezaketelako NBAn lau urtez aritu direla. Errusiako errubloek erakarri zuten, eta Khimkirekin jokatu aurrena. Hiru urte on egin zituen han (ligako jokalari onena hautatu zuten 2007an),eta handik Israelera mugitu zen. Berriro dolar asko poltsikoan, baina zorte handirik ez, hurrengo udan Errusiara bueltatu zelako, Unics Kazanera. Eurokopa irabazi zuen. 26 puntu eta 11 errebote lortu zituen Lampek Cajasolen aurkako finalean, baina Marko Popovici eman zioten jokalari onenaren saria.
Lampek hiru hilabete bakarrik egin ditu kantxan Gasteizen, baina nahikoak izan dira dozena bat partida jokalari ona dela jabetzeko. Bere alboan joko antolatzaile on bat edukita, oso eraginkorra da poloniarra, jaurtiketa ireki asko lortzen dituelako. Hainbesteraino, Lampe hirukoak jaurtitzen ere ausartzen dela. Portzentaje txukunekin gainera (%37, hemeretzi ahaleginetatik zazpi gauzatu ditu). Pibot baten gorpuzkera duen hegaleko fina baita. Haren kirol ibilbideak bilakaera bitxia izan du. Gaztetandik izan du saskitik urruntzeko joera, baina urteak aurrera egin ahala, landu egin du bere gorputza, eta egun 116-120 kilo inguruan mugitzen da. Kilo asko dira horiek, eta jokalariak berak onartu du iraganean 5 postutik 4 posturainoko bidea egin zuen bezala, egun kontrako norabidean ari dela. Alegia, pibot petoagoa bilakatzen ari dela eskarmentua pilatzen duen heinean.
Ia 13 puntu lortzen ditu batez beste, eta pibot handien aurka beldurrik ez duela erakutsi du. Izan Boniface N'Dong, Ante Tomic edo D'Or Fischer. Lampe mugitzea, gainditzea zaila da, eta bere lana erabakigarria izango da. Taldearekin zorretan dagoela esan berri du, urte erdia mina hartuta egon eta ezin izan duelako laguntzarik eman. Taldea Euroligatik kanpo geratu izana, edo Kopan finalerdietako langan etxera joan izana arantza mingarria omen dira berarentzat, eta liga irabazita kitatu nahi ditu zorrak. Sean Thorntonek ere bere helburua lortu zuen The Quiet Man filmean: bere aurkari gaiztoenaren arrebarekin ezkondu. Lampe konforme litzateke liga irabazita.
Saskibaloia. ACB ligako titulurako kanporaketak
Gizon lasaia, jokalari fina
Maciej Lampek itxaropena piztu du Gasteizen; Baskoniako erreferentzia nagusi bilakatu da bi hilabetean. 2,11 metro da luzean, 120 kilo pisatzen du, eta patxada handikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu