Espainiako Errugbi Federazioak hartu du erabakia: gizonezkoen Ohorezko Mailako bi ligak bertan behera utzi ditu. Ondorioz, koronobirusaren krisiagatik lehiaketa eten zeneko sailkapenei eman die balioa, eta horrek Euskal Herriko bi talderi eragiten die. Izan ere, Hernani B mailara jaitsiko da, igo zenetik zortzi urtera, azkena zelako sailkapenean. Getxok, aldiz, kontrako bidea egingo du, eta Ohorezko Mailan jokatuko du datorren sasoian, B mailako multzo guztiak kontuan hartuta, talde onena delako. Duela bi urte igo zen azkenekoz. Horrenbestez, datorren denboraldian ere, Euskal Herriko bi talde ariko dira maila nagusian: Ordizia eta Getxo. Ohorezko Mailako txapeldun Quesos Entrepinares izan da.
Emakumezkoen Ohorezko B Mailan, Eibar zen aurrenekoa etena gertatu zenean. Hala ere, Federazioak erabaki du liga nagusira igotzeko kanporaketa jokatu egin beharko dela. Egunik ez du zehaztu. Aurkariak zein izango dituen, ordea, badaki Eibarrek: Les Abelles, Hortaleza eta Sant Cugat. Finalerdiak eta finala jokatu beharko dituzte, eta irabazlea zuzenean igoko da. Txapeldunordeak kanporaketa jokatuko du Iberdrola Ligako azken-aurrekoaren aurka: L'Hospitalet.