Gladiadoreen tenorea

Miarritzek Tolosa jasoko du gaur Anoetan, final-laurdenetan; Heineken kopako txapelduna eta iazko finaleko borreroaLapurdiko taldeak aurkariak lehen lerroan dituen hutsuneak baliatzen saiatu behar du

Tolosako jokalariak Miarritzekoa gelditzen saiatzen, iragan sasoian Anoetan jokaturiko Top14ko partidan. A.C. / ARP.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iritsi da tenorea. Lehoiak aste barruan kaiolan lotuta egon dira. Tolosatik eta Miarritzetik etorritako gladiadoreak borrokan hasteko desiratzen daude. Lehia moderno honen zirkua Donostiako Anoeta estadioan izanen da. Bi taldeek euren onena emango dute, borrokaren amaieran lehiaketan bizirik jarraitzeko. Errugbilarien tenorea heldu da, gladiadore modernoen tenorea.

Apirila hastearekin batera, Heineken Kopako eta Top14ko partida erabakigarriak iristen ari dira. Top14an, hiru partida gelditzen zaizkio Miarritzeri final-laurden moduko promozio faseari ekin eta finalerdien bila joateko. Heineken Kopan, atzotik hasi dira jokatzen final-laurdenak, eta miarriztar eta okzitaniarren arteko partidaren ondoren jakinen da zein lau talde izanen diren finalerdietan.

Udaberria berezia izaten da errugbian. Ligako erregulartasunari kanporaketa zuzenen emozioak hartzen dio lekukoa. Kalkulagailuak pausatzeko garaia da, eta partidak hil edo bizi jokatu behar dira, garai bateko zirku jokoetan bezala. Partida horiek hurbildu ahala, erritual berezi bat ezartzen da plantan. Gladiadoreak haien txokoan bilduta egoten dira, kanpoko mundutik isolatuta. Borroka handiaren aurreko lasaitasuna izaten da hori.

Tolosak aste osoa Garona bazterretik urrun pasa du, Capbretonen, Landetan. Asteazken arratsaldean iritsi ziren Okzitaniako hiriburutik Landetako kostako herrira. Kirol prestakuntzan espezializatuta dagoen Capbretongo Cers zentroan prestatu dira. Astearen programa gorputzen zaintzan oinarritu da: bainuterapia, masajeak, kolpeak sendatzeko terapiak… Tolosarrek gorputzak 1 Formula auto bat bezain zehatz prestatuak izan nahi dituzte, igandean borroka handia izanen zutela jakitun.

Miarritzek ere, ostegunetik aitzina, Serge Blanco presidenteak Hendaian duen talasoterapia zentroan bilduta egotea erabaki du. Tolosaren irudiko, partida garrantzitsuak heldu direlarik, Agilerakoak Hendaiara joaten dira. Blancoren zentroaren ondoan errugbi zelaitxo batean prestatzen dituzte entrenamenduak, baina, tolosarrek bezala, egunaren zati handiena gorputzak zaintzen pasatzen dute.

Paradoxa iduri lezake, baina partida jokatu aurretik, bi taldeek atseden hartzea hautatu dute. Top14a luze joaten ari da, eta gorputzak minduta daude. Igandeko lehiara fresko iristeko, aste barruan kolpeak eta zauriak sendatzea da lehen eginbeharra.

Hutsuneak bi taldeetan

Baina, pixkanaka, igandea hurbildu ahala, partidaren zama nabaritzen joan da. Tolosak eta Miarritzek elkar oso ongi ezagutzen dute, eta bakoitzak xehe-xehe aztertu ditu bestearen partiden bideoak. Ondoren, zelaian kontakturik gabe lan egitea erabaki dute biek ala biek, azken jokaldi eta estrategiak lasai-lasai errepikatzeko. Ez da orain lan saio fisiko eta gogorrak egiteko garaia.

Erran behar da tolosarrek eta miarriztarrek hainbat arazo dituztela. Agorrilean hasi zen denboraldia, jokalariak nekatuta daude, eta bat baino gehiago min hartuta dago, edo kili-kolo. Tolosan aipatzekoa da Thierry Dusautoir hirugarren lerro eta kapitainaren hutsunea. «Thierryrena hutsune handia da, baina ez da bakarra. Kelleher, Michalak, Human eta Lecouls ere eskas ditugu», adierazi du kexati, aste honetan, Guy Noves Tolosako kirol zuzendariak.

Egia da lehen lerroan Tolosak zailtasun dezente izanen dituela. Human eta Lecouls gabe, eskarmentu handiko bi harroin galduko ditu. Eta iragan sasoiko finalean Tolosak, neurri handi batean, uztartzeari esker irabazi zuen finala. «Goi mailako kirolaren legea da. Miarritze saiatuko da gu uztartzeetan zigortzen. Baina sasoi osoan lan egiten dugu, hutsuneak hutsune, taldeak indar bera izan dezan», nabarmendu du Novesek.

Tolosak lehen lerroan buruko min bat baino gehiago du, eta Miarritze ere herren da. Fabien Barcella aspalditik geldirik dago orpazurdako arazoengatik. Miarriztarren buruhaustea, harroin postuan baino gehiago, aztalkarietan dago. Baionaren aurka Benoit Augustek min hartu zuen. Aste honetan operatu dute belaunetik, eta sasoia bukatu zaio. Haren ordezko Antonin Raffaulti lepoan operazioa egin zioten, eta ezingo da zelaian izan. Miarritzek jokatzeko moduan duen aztalkari bakarra Romain Terrain da. Terraini zerbait pasaz gero, Eusebi Guinazu argentinarrak hartuko luke postua. Berez, harroina da, baina aztalkari gisa ari daiteke. Horiei, herenegun, beste hutsune garrantzitsu bat gehitu zitzaien; Damien Traille kapitainak ezingo du jokatu, min handia du oinazpian, eta Charle Gimenezek ordezkatuko du erdilari postuan.

Arazoak arazo, jada ez dute gibel egiteko aukerarik Miarritzek eta Tolosak. Arratsalde honetan hasiko da Heineken Koparen bila joateko azken txanpa, eta Anoetako harmailak kolorez beteko dira miarriztarrak bultzatzeko. Iragan sasoian, Tolosa iritsi zen bururaino. Aldi honetan, Miarritzek Parisko finaleko errebantxa hartu nahiko du, eta, bide batez, bere historian lehen aldiz, Europako koparik garrantzitsuena irabazi.

MIARRITZE-TOLOSA

Lehiaketa. Heineken kopako final-laurdenak.

Miarritze. Coetzee, Terrain, Marconnet; Thion, Erik Lund; Magnus Lund, Lakafia, Hariñordoki; Yachvili, Peyrelongue; Bolakoro, Bosch, Gimenez, Ngwenya; eta Balshaw.

Tolosa. Human, Servat, Johnston; Millo-Chluski, Albacete; Bouillhou, Picamoles, Nicolas; Bezy, Skrela; Medard, Poitrenaud, Fritz, Clerc; eta Heymans.

Epailea. Wayne Barnes (Gales).

Lekua. Anoeta estadioa (32.000 ikusle).

Ordua. 17:30 (France 2).

Beste final-laurdenak. Atzo, Perpinya-Toulon (29-25) eta Leinster-Leicester (17-10);gaur, Northampton-Ulster (15:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.