Futbol taldeei gogoeta egin behar luketela esan die Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Pentsatu beharko luketela indarkeria erabiltzen duen jendeak zergatik baliatzen duen futbola horretarako. Neurriak hartzea galdegin du. Izan ere, hark azpimarratu du atzoko istiluetan errusiarrak ez ezik bazirela euskal herritarrak ere —alde bakoitzean ehunen bat zirela esan du—. Halaxe dira atxilotuetako bost, eta istiluen aurretik borroketarako erabiltzen den materiala atzeman zieten beste euskal herritar batzuei. "Zer ari da gertatzen zale sutsu batzuekin? Zein jarrera dute? Zein ohitura dituzte? Zergatik atzeman zituen Ertzaintzak partidaren aurretik ehun lagun inguru borrokarako erabiltzen diren tresnekin?". Gogoetarako galderak egin ditu ETBn egin dioten elkarrizketan.
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere gogor salatu ditu gertaerak:
Deitoratzen dut sei pertsona, bi euskaldun eta lau errusiar, zauritu direla. Baita ere futboleko partidura hurbildutako zaleek zein Bilboko herritarrek jasan behar izan duten tentsioa eta ikara. Zentzu gabeko liskar hauek erabat gaitzezten ditugu.
— Iñigo Urkullu (@iurkullu) 2018(e)ko otsailak 22
Asko izan dira indarkeriaren kontrako mezuak. Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ere idatzi du Twitterren. "Bilbon soberan zaudete! Ez zaituztegu nahi! Zero tolerantzia. Egiten duenak ordaindu egiten du...", idatzi du. Bilboko Udalak elkarretaratzea egin du 13:00etan, udaletxe aurrean.
Jende asko elkartu da Bilbon, eta han ziren, besteak beste, Aburto bera, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, udalean ordezkaritza duten alderdiak, ertzainak, Bilboko udaltzainak, Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu, alderdi politiko eta erakundeetako ordezkariak, Josu Urrutia Athleticeko presidentea... Azken horrek doluminak helarazi dizkio hildako ertzainaren familiari, eta atzo gertatutakoa gaitzetsi du.
Aburtok gogoeta eskatu du: "Uste dut hausnarketa sakon bat behar dugula futbol munduan. Hausnarketa egin eta neurriak hartu ez errepikatzeko antzekorik".
Jendetsua atzo hildako ertzainaren omenez Bilboko udaletxeko atarian egiten ari diren elkarretaratzea @berriapic.twitter.com/3YmOPlvSES
— Asier Arrate (@AsierArrate) 2018(e)ko otsailak 23
Bilboko ertzain etxean ere egin dute elkarretaratzea, eta han izan dira Beltran de Hereria eta hainbat ertzainburu.
Segurtasuneko sailburua eta Ertzaintzako burua izan dira, gaur eguerdian,
— Ertzaintza (@ertzaintzaEJGV) 2018(e)ko otsailak 23
Bilbaoko Ertzain-etxean egin den Inocencio Alonsoren oroimenezko elkarretaratzean. pic.twitter.com/IZGyQGOkEO
Hainbat alderditako ordezkariek ere salatu dute gertatutakoa. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea izan da bat:
Besarkada bana Bilbon hil den ertzainaren etxekoei eta lankideei. Erakuts diezaiogun munduari Euskal Herriak ez duela faxismoa inoiz onartuko, ezta futbolean ere! https://t.co/BSNgthWBlR
— Maddalen Iriarte (@MaddalenIriarte) 2018(e)ko otsailak 22
Idoia Mendiak doluminak eman dizkio hildako ertzainaren familiari: "Onartezina da futbolaren inguruko indarkeria eta bortizkeria". Elkarrekin Podemosek ere Twiterren salatu du gertatutakoa. Hildakoaren familiakoei doluminak agertzeaz gain, kiroleko indarkeria amaitzeko neurri zorrotzak hartu behar direla ohartarazi du: "Ez du gehiago horrelakorik gertatu behar". PPn ere askok azaldu diote babesa Ertzaintzari. Tartean, Mariano Rajoy Espainiako gobernuburua.