Gogorrena, lehena

Anoeta bete egingo da Realaren estreinaldia ikusteko, Bartzelona boteretsuaren kontraEstradak eta Marigak hasierako hamaikakoan sartzeko aukera handiak dituzte; Griezmannek, ez hainbeste

Donostia
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Berandu, baina seguru. Goi mailako futbola bueltan dator Anoetara lau hilabeteko itxaronaldi luzearen ostean. Tartean, aldaketak eta mugimenduak izan dira klubaren barne egituran, eta ez nolanahikoak. Philippe Montanier, Imanol Agirretxe, Asier Illarramendi, Iñigo Martinez, Carlos Vela edo McDonald Mariga izendatu ditu azken asteotan Realeko zaleak beste guztien gainetik, eta horiek zuzenean ikusteko irrikan dira. Grebak eta Molinonen lortutako garaipenak gosea areagotu baino ez die egin. Kontrario Bartzelona ahalguztiduna da gainera. Ez dago horren jaki dastagarririk. Festa jantziak prest, hortaz.

«Eurak indartsuagoak izan arren, aukera handi baten gisakoa da guretzat. Benetako erronka», esan zuen atzo txuri-urdinen entrenatzaileak neurketaz galdetuta. Kataluniarren jokamoldea eta talde lana jarraibide garbiak dira berarentzat. Ez du inoiz halakorik ezkutatu. Ez hitzez, ez ekintzez. Teoria soberan ikasia dauka. Ea nola azaleratzen duen hori guztia.

Espero zen bezala, Mariga eta Antoine Griezmann sartu zituen hemezortziko zerrendan, Gorka Elustondo eta Jeffrey Sarpong ordezkatuz, eta pentsatzekoa da aldaketak egingo dituela. Kenyarraren kasuan, zelai erdia indartzeko ekarri zuten, eta arraroa litzateke hasieratik ez jokatzea. Ibilbide luzeko jokalaria izanik, neurketa aproposa du batera eta bestera korrika egiteko. Mikel Aranburu edo David Zurutuzarengatik litzateke hori. Frantziarrarena, aldiz, ez dago horren garbi. Txistu eta txaloak albo batera utzita, erasoko hiru jokalariek lan aipagarria egin zuten Molinonen, eta halakoetan ez da ohikoa izaten entrenatzaileek tresnarik ukitzerik. Ikusi behar, ordea, sasoiko dago eta. Carlos Martinezen hutsunea Dani Estradak beteko du. Liassine Cadamuro gazteari dei egin zion baita ere, eta Joseba Llorente bigarrenez kanpoan utzi.

Izenak izen, jokatzeko era aldatuko du Montanierrek. Inork ez dezala pentsa Sportingen aurkakoa proposatuko duenik. «Ezin dugu edozein eratara jokatu. Baloia eurena izango da, baina guk bestelako lehietan gailentzen ahalegindu behar dugu: fisikoan, atletikoan, estrategikoan». Pep Guardiolak entrenatutako jokalariak izugarri trebeak dira baloia erabiltzerakoan, eta zer esanik ez berreskuratzerakoan. Horretan datza haien benetako indarrak. Bai, maisutasunez ukitzen dute. Espazioak betez, lerroak hautsiz, zehaztasunez, sakontasunez, eraginkortasunez. Futbol zelaietako bozgorailuetan doinu klasikoak entzutea baino ez da falta horretan ari direnean. Ados. Halere, hori guztia sortu ahal izateko, baloia behar dute izan, ezinbesteko lanabesa, eta behar izate horretan ahalegintzen dira gehien. Taldearen defentsa lana izugarri zorrotza da. Galdetu bestela Vila-reali, Bartzelonaren lehen biktimari. Ito egin zuten. Eta gero, Lionel Messi du. Horrela mugitzen dira kataluniarrak etengabean bikaintasunaren eremuan. Gainontzekoen lana da pitzadurak eragitea.

'FIFA ajea' eta Milan

Joan den denboraldian ezinezkoa lortu zuten txuri-urdinek, bigarren zati gogoangarri batean. Kataluniarrak zangoak Anoetan eta gogoa Bernabeun zutela ikusirik, aurrera egin zuten. Erabakitasunez. Sinetsita. Lotutasunik gabe. Osagai horiek nahitaez erakutsi behar ditu gaur itxaropenaren mesedetan. Bi alderdi aintzat hartu behar dira, era berean. Bata, selekzioekin bilduta izan direla Bartzelonako gehienak. Bestea, Milan kale amaieran ikusten dutela. Halakoetan erakutsi ohi ditu gizatiar zantzuak. «Selekzioen neurketak jokatu ondorenean lanak izan ditugu beti. Realak ez du joan den denboraldian bezala jokatzen. Itxura ona hartu diot, eta harritu nauen gauzak ditu. Gure antzera mugitzen dira», ohartarazi zuen Guardiolak azken lan saioaren ondoren. Edozein kasutan motibatzen ditu bereak. Horretan behintzat, Reala eta bere jarraitzaileen atzetik da. Gosetuta daude. Bai jokalariak, baita harmailak beteko dituztenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.