Gogortasuna, ikuskizuna, gozamena

Tourra erabakita uzteko, hiru etapa gogor-gogor dauzkate gaurtik asteazkenera bitartean Pirinioetan; tartean ehun kilometro egingo dituzte Euskal Herrian

unai zubeldia
2007ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Ederrak datoz Pirinioak. Gogor-gogorrak. Ikusgarriak. Begira egoteko, zoragarriak. Berezko gogortasuna nahikoa ez, eta beste bi ezaugarrik are ikusgarriago eta erabakigarriago bihurtu dituzte aurten Pirinioetako hiru etapak. Batetik, gaurkoa Tourreko 14. etapa izango da, eta asteazkenekoa, berriz, Pirinioetako azkena, 16.a. Indarrak xahutu antzean daudela dagoeneko, alegia. Erakustaldiz erakustaldi ibiltzeko egunak aspaldi pasa ziren, eta aldapa gogor-gogorrik ez da behar jada herren egiten hasita dauden txirrindulariak bistaratzeko. Bestetik, sailkapen nagusiari begiratu txiki bat ematea nahikoa da Alpeek ezer askorik ez dutela argitu ikusteko, eta erlojupekoak, egitekotan, sailkapena are estuago utzi duela konturatzeko.

Pirinioetako etapei begiratuta, erasoa non jo badago, nahi adina malda eta pendiza piko baitago. Eta sailkapenari begiratuta, Tourrean zer edo zer egin nahi badute, behintzat, dozena bat txirrindulari daude erasoa jo beharrean. Non joa soberan, eta jo beharrean daudenak ere nahi adina. Ikuskizuna ziurtatzeko errezeta hoberik ez dago. Usson les Bains herrian hasiko da Pirinioetako ikuskizuna, Pailheres mendatearen magalean. Hortik aurrera, lau egunetan hiru etapa gogor, maila bereziko bost mendate eta lehen mailako lau. Oso etapa luzeak, desnibel handikoak, eta tartean atseden egun arriskutsua, etzi.

Mazamet eta Plateau de Beille artean, Ariege eskualdean, 197 kilometroko etapa izango dute gaur, eta, ondo bidean, Pailheresen gora hasiko da benetako eraso festa. Helmugara iristeko 50 kilometro faltan igoko dute eguneko maila bereziko lehen mendate hori. 16,8 kilometroko igoera da, %7,2ko batez bestekoarekin. Ussons les Bainsetik gora, lehen kilometroan bertan jada %9,5eko horma dauka Pailheresek, eta 5. kilometroan %11,1eko aldapa piko-pikoa daukan arren, zatirik gogorrena zortzigarren kilometrotik 13.era artekoa da.

Behin Mijanes ingurua atzean utzita, hurrengo bost kilometroak ito-itoak dira. Lehen hiru kilometroek %9ko batez bestekoa daukate, eta ondorengo bietan %10-12ko pendiza izango dute uneoro. Pailheresen azken bi kilometroak etzanagoak diren arren (%6ko batez bestekoa), ordurako tropela txikituta egongo da ziurrenik.

Hortik Les Cabannes herriraino ia 35 kilometroko jaitsiera luzea, eta azken mendatea, Plateau de Beille handia, maila berezikoa (15,9 kilometro, eta %7,9ko batez bestekoa). Laugarren aldiz igoko du Tourrak Plateau de Beille, eta aurreko urteetako garaileei begiratu besterik ez dago portuaren gogortasunaz jabetzeko. 1998an Marco Pantanik irabazi zuen bertan, eta 2002an eta 2004an Lance Armstrongek. 12. kilometroan daukate pendizarik handiena, ia kilometro batean %10,8ko batez bestekoa baitauka Plateau de Beillek.

Baina mendatearen ezaugarri nagusia etengabeko gogortasuna da. Izan ere, bi atseden gune txiki-txiki kenduta, gainerako 15 kilometroetan batez bestekoa %7, %8 eta zati batzuetan %9tik gorakoa da. Etapako azken bi kilometroak etzanagoak dira (%6), baina ordurako triskantza eginda egongo da.



BIHAR ERE ETAPA GOGORRA. Atsedenerako tarterik gabe, eta Pirinioetako bigarren etapa gainean amaituko ez bada ere, bihar are etapa gogorragoa izango dute. Foix eta Le Louron artean, 196 kilometro, eta tartean maila bereziko mendate bat, eta lehen eta bigarren mailako bina. Lehen mailako azkena, Peyresourde, helmugara iristeko 12 kilometro faltan. 114. kilometroan igoko dute lehen mailako lehen mendatea, Mente. Ez da mendate luzea, 7 kilometro eskas baitauzka, baina lehen bi kilometroek %10eko batez bestekoa daukate; azken kilometro eta erdiak ere %8,5eko batez bestekoa dauka. Mente igotzen hasi aurretik igoko dute, gainera, bigarren mailako Aspet, eta horrek are gogorrago bihurtuko du Menteko igoera. Igoeraz gain, Aspeteko jaitsiera ere beti da arriskutsua eta berezia, bertan erori eta hil baitzen Fabio Casartelli txirrindulari italiarra.

Etapa lehertu nahi duenarentzat apropos-aproposa izango da Mente, bertan erasoa joz gero, 20 bat kilometroko jaitsieraren ondoren igoko baitute eguneko maila bereziko mendate bakarra, Bales ezezaguna, Tourrean inoiz igo gabeko mendatea. 19,2 kilometro dauzka Balesek, eta batez bestekoa %6,2koa bada ere, azken hamar kilometroak izugarriak dira, oso-oso gogorrak. Lehen bederatzi kilometroetan paraje zoragarriak eta malda etzanak izango dituzte, baina hortik aurrera hasiko dira komeriak. 10. kilometrotik 15.era %8,7 pasatxoko batez bestekoa dauka Balesek, eta azken bost kilometroetako batez bestekoa ere %7tik gorakoa da. Bales jaistearekin batera igoko dute Peyresourde, lehen mailakoa: 9,7 kilometro, %7,8ko batez bestekoarekin. Gainetik helmugaraino 12 kilometro eskas dauzkate; denbora jateko tarterik ez, beraz.



ASTEAZKENEAN ETAPARIK GOGORRENA. Etzi, Pauen, atseden eguna, eta biharamunean egurra, Tourreko etaparik gogorrena. Erabaki beharrekoak Orthezetik Aubisquerako bidean erabakiko dira. 218,5 kilometro, 16. etapa, Tourra amaitzeko bost egun falta... Mutur-muturreko gogortasuna dauka 16. etapak.

Gogortasuna, eta euskal zaleentzat xarma berezia. Izan ere, Zuberoatik eta Nafarroatik barrena, 100 kilometro inguru egingo ditu 16. etapak Euskal Herrian. Tartean Iturzaeta maila bereziko mendatean gora, 14,8 kilometro. %8,1eko batez bestekoa dauka Iturzaetak. Gogor-gogorra. Eta Induraini galde diezaiotela bestela, urte askoan egurrean ibili ondoren, Iturzaetan gora eman baitzuen amore betirako, Riisek irabazi zuen Tourrean. Erroimendin gora, bosgarren kilometrotik hamargarrenera, pendiza ez da %10etik jaisten. Bi-hiru kilometroko atseden txiki baten ostean, azken kilometroak %11,5eko batez bestekoa dauka.

Lehen mailako San Martingo Harria igo, Euskal Herriko lurrak atzean utzi, eta etapa amaitu bitartean beste bi mendate tente igoko dituzte, Marie-Blanque eta Aubisque. Marie-Blanque alderik gogorrenetik igoko dute, Escot herritik. Lehen kilometroan %10,7ko batez bestekoa dauka, eta 6. kilometrotik 9.era, etengabe, %10,5-11koa. Bielle herriraino jaitsiera pikoa, eta 10 kilometroko atsedenaren ondoren hasiko dira Tourreko azken mendatetzarra igotzen: Aubisque (16,4 kilometro eta %6,9ko batez bestekoa).

Hiru etapa gogor, Tourra erabakita uzteko ibilbide apropos-aproposa, Euskal Herrian 100 kilometro inguru, eraso festa segurua... Gogortasuna eta ikuskizuna, errepide ertzean edo telebista aurrean gozatzeko modukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.