Udan, Reala utzi eta Osasunaren eskaintza onartzea erabaki zuenean, gorritxoen atezain titularra izateko itxaropena zeukan Asier Riesgok (Deba, Gipuzkoa, 1983). Oraingoz, baina, Ricardo Lopez beteranoak aurre hartu dio bien arteko lehian. Ligan ez du minutu bakar bat ere jokatu, baina Espainiako Kopan Riesgok zainduko du gorritxoen atea. Realean azken hilabeteak min hartuta egin zituen, eta dagoeneko zazpi hilabete daramatza partida ofizialik jokatu gabe. Dena dela, eskarmentu handiko jokalaria dela erakutsi nahi du jokatzeko aukera izatean.
Hilabete asko egin dituzu partida ofizialik jokatu gabe, baina Kopan badirudi hasieratik ariko zarela.
Bai, ea egia den. Entrenatzaileak oraindik ez digu garbi esan, baina badirudi gaur eginiko proban taldea erakutsi duela, eta jokatzeko itxaropenez nago. Gogotsu nago berriz atepean egoteko; denbora asko daramat jokatu gabe.
Ligan ere hasieratik jokatzeko itxaropena izango zenuen, baina oraingoz Ricardoren itzalean zaude.
Denboraldi-aurrean entrenatzaileak ez zuen ezer esan, eta bion artean lehia egon zen. Baina entrenatzaileak Ricardoren aldeko apustua egin zuen, eta jokatzea egokitzen zaidanerako prest egotea da orain nire eginkizuna. Pazientzia edukitzea da gakoa.
Zure egoeran ez da erraza izango pazientzia izatea.
Jakin beharra dago. Pazientzia izatea, gauzak ondo egitea eta egunez egun hobetuz joatea da bidea.
Ricardo ondo hasi dela ukatzerik ez dago; 39 urte betetzear da, baina...
Oso une gozoan dago, berak bere burua ondo ikusten du, eta hori erakusten ari da partida guztietan. Niri lasai egotea tokatzen zait orain.
Jokatzen ez baduzu ere, udan hartutako erabakiarekin pozik al zaude?
Bai, bai, nire egoera ez zen onena Realean, eta taldea uzteko erabakia hartuta neukan. Niretzat onena Realetik ateratzea zela erabakita neukan, eta Osasunan oso pozik nago, nahiz eta orain jokatzeko aukerarik ez izan. Beste gauza guztiekin oso gustura nago, eta, pazientzia apur batekin, gauzak ondo egitea espero dut.
Etxetik gertu zaude Iruñean, baina hiri berrira ondo egokitu al zara?
Bai, oso lasai bizi naiz, eta nahi dudanean, egun bat jai izan orduko, etxera joateko aukera ere badaukat. Horrek ere lasaitasuna ematen dit.
Zer espero behar dute zaleek Osasunarengandik Kopan?
Kopa lehiaketa polita da; gauzak ondo eginez gero kanporaketa gainditzeko aukerak baditugula uste dut. Lehen partidan etxean abantaila on bat lortzea da asmoa.
Realarekin Kopan poz gutxi izandakoa zara.
Egia da Kopan zorte askorik ez nuela izan Realean, baina aldi berri honetan zorte apur bat gehiago izatea espero dut.
Iruñean oraindik gogoan du jendeak 2005eko Kopako finala; Osasunak 90 urtetan jokatu final bakarra, hain zuzen ere.
Kanporaketak bi partida ditu, baina etxean jokatzen dugun partidan abantaila handia daukagu, zale bikainak baititugu. Kanporaketa bat baino gehiago pasatzea espero dut, eta aukera dezente ditugula uste dut.
Zaleekin giroa nahastuta izan da, baina garaipenekin kritikak samurragoak dira.
Futbolean beti horrela izaten da, emaitza onekin jendea lasaitu egiten da. Jaitsiera postuetan zaudenean zaleek protesta egitea ere normala da, baina horrekin bizitzen ere jakin behar dugu futbolariok.
Kopak ere balio dezake taldearen inguruko batasuna suspertzeko.
Baliteke; partida politak izan ohi dira Kopakoak, eta berotasun berezia izan ohi da askotan.
Ligan orain gutxi baieztatu ahal izan zenuten Deportivo ez dagoela unerik gozoenean.
Bai, egia da. Orain dela bi aste jokatu genuen bere aurka, eta ez dago oso ondo, ez. Lau puntu bakarrik dauzka, eta larri dago Ligan. Halere, seguru nago barruan duten guztia emango dutela Kopan eta ez digutela ezer oparituko. Partida bat irabazi eta arnasa hartzeko itxaropenaz etorriko dira Iruñera. Ez da partida erraza izango.
Miguel Angel Lotina larri dago. Antzeko egoeran ezagutu zenuen zuk hura.
Bai, urte zaila izan zen; uste dut seigarren partidan bota zutela Bakero [Jose Mari Bakero], eta Lotina etorri zen. Guztiontzat izan zen urte zaila.
Deportivon ere lan zaila du.
Erraza ez dela izango argi dago, Liga hasi duten bezala hasita, gauza asko aldatu beharrean dira okerrak zuzentzeko. Halere, Liga oso luzea da, maratoi bat izango da talde askorentzat denboraldia, eta amaieran sailkapenak ez du gezurrik esango; bakoitza bere tokian izango da.
Joanekoan kanporaketa erabakita utz dezakezue?
Hori espero dugu, etxeko partidak oso garrantzitsuak dira, eta batik bat kontrarioari ez diogu utzi behar golik sartzen. Horrez gain, golen bat sartuz gero, Coruñara lasaixeago joango gara.
«Gogotsu nago berriz atepean egoteko; denbora asko daramat jokatu gabe»
Ricardok ez dio aukerarik eman Ligan, baina irrikan da Kopan bere balioa erakusteko. Argi du Deportivok ez diela ezer oparituko. Halere, baikor da. «Kanporaketa bat baino gehiago» gainditzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu