Lur Gaineko Munduko Txapelketako bigarren jardunaldia ez da izan lehenengoa bezain oparoa. Estreinakoan, bi urre eta brontze bat eskuratu zituzten euskal tiratzaileek. Gaur, berriz, bakarra lortu dute, brontzezkoa. Goiherri Erandioko (Bizkaia) taldeak bereganatu du, gizonezkoen 23 urtetik beherakoen mailan. Lau talde bakarrik aritu dira lehian, eta hirugarren izan da Goiherri. Dieterbacek (Alemania) irabazi du urrezko domina, eta Powerrangersek zilarrezkoa (Flandria). Errusiako selekzioa, ordea, dominarik gabe geratu da.
Euskal tiratzaileek ez dituzte domina gehiago irabazi eguneko beste hiru mailatan. Bitan lehiatu dira, emakumezkoen 540 kilokoan eta gizonezkoen 640 kilokoan, eta ez dira gai izan finalerdietarako sailkatzeko. Aurrenekoan, Gaztedi aritu da, eta bigarrengoan, Gaztedi, Mutriku, Getxo eta Goiherri A eta B. Shi Da (Taiwan) nagusitu da emakumezkoetan, eta Heure (Herbehereak) gizonezkoetan.
Taldekako lehia amaituta, asteburuan selekzioen txanda izango da. Larunbat goizean gizonezkoen 680 kilokoa eta 580 kiloko mistoa jokatuko dira: aurrenekoan, zazpi selekzio ariko dira, tartean Euskal Herrikoa; bigarrengoan ere euskal tiratzaileak ariko dira, beste 11 herrialdeetakoekin batera. Arratsaldean, berriz, sei selekzio ariko dira gizonezkoen 560 kilokoan, eta bost emakumezkoen 500 kilokoan. Guztietan ariko dira euskal tiratzaileak, eta guztietan daukate aukera dominen bat irabazteko.