Futbolari denek dituzte gustuko postu jakin batzuk. Jokatzen hasi zirenetik leku horretan aritu direlako, edo eurek postu jakin horretan onena eman dezaketela uste dutelako. Kontua da kosta egiten zaiela beste kokapen batera ohitzea. Oscar de Marcosi (Guardia, Araba, 1989), esaterako, sekulako buruko minak eragin zizkion Caparrosek eraso jokalari izan arren atzeko lerrora bidali izanak. Baina are nekezagoa izan zen harentzat partidak harmailetatik ikustea. Horregatik, Bielsak ezker hegaleko atzelari gisa jokatzeko eskatu zionean, aukera baliatzea baino ez zuen izan buruan. Baita baliatu ere. Orain euskarriaren aurretik ari da jokatzen, oso ondo, gainera.
Lasaitu ederra hartu du taldeak ligan lehen garaipena eskuratuta.
Askoz lasaiago gaude, bai. Kemena hartzeko behar genuen garaipena eskuratu genuen derbian.
Futbolean emaitzek agintzen dute, baina ezin da ukatu Athleticek orain lehen jardunaldian baino hobeto jokatzen duela.
Bielsak proposatzen diguna barneratzen ari gara apurka. Jokalariok gauzak ikasi ahala hasi gara funtzionatzen. Hala ere, oraindik asko daukagu hobetu beharra. Athleticek futbolari onak ditu. Beraz, asko ikas dezakegu.
Zein arlo dira gehien landu behar dituzuenak?
Partida guztietan egiten ditugu hutsak. Egin ditugun huts horiek larrutik ordaindu ditugu lehen partidetan. Azken partidetan, berriz, ez dugu huts handirik egin.
Athleticen jokatzeko era goitik behera aldatu da. Hala ere, zaleek uste dute nekez hobetuko duzuela iazko seigarren postua.
Ez dakit zer esan. Goiz da galdera horri erantzuteko. Iaz lortutako emaitzak oso onak izan ziren. Gaur egun eman dezakegun itxurarik onena aurkitu guran ari gara.
Athletic talde ausarta da. Etxean zein kanpoan garaipenaren bila zelairatzen da lehen minututik. Zaleak ilusioz hartu du proposamen hori.
Guretzat berdin-berdinak dira partida guztiak. Etxean zein kanpoan baloiaren jabetza izatea eta arriskuak hartzea da gure asmoa. Nik uste dut bide egokia dela.
Arlo pertsonalean pozik egoteko arrazoiak dituzu. Entrenatzailearen eta zaleen loreak jasotzen ari zara.
Oso pozik nago. Athleticek fitxatu ninduen egunetik gura nuen egoera honetan egotea. Gustura nago egiten ari naizenarekin.
Bistan da entrenatzaile baten apustuak erabat alda dezakeela jokalari baten kirol ibilbidea.
Ez dago dudarik. Bielsak eman didan jarraitutasuna ez dut orain arte izan. Beharbada ez nuelako merezi egon naiz aukera barik. Baina orain gozatzen ari naiz.
Batez ere arlo fisikoan ari zara nabarmentzen. Oso indartsu zaude.
Nik ere nabari dut indarra. Azkar ikusten dut neure burua.
Defentsaren ezker hegalean edo zelai erdian erosoago?
Bi postuetan ari naiz gozatzen. Atzean jokatzea egokitu zitzaidanean, partidak jokatu ahala hasi nintzen gozatzen. Erdilari aurreratu postua ezagunagoa da niretzat, eta gustura aritu naiz.
Athleticen hegalean jokatu duzu beti. Harritu egin zintuen Bielsak erdian jokatzeko eskatu izanak?
Askoz gehiago harritu nintzen aurrelari aritu ondoren atzelari jarri nindutenean. Behin aldaketa hori ezagututa, nekez harrituko nau entrenatzaile baten erabakiak. Ni prest nago edozein postutan aritzeko. Euskarriaren aurretik jokatzea ez da berria niretzat.
Caparrosek zurekin eginiko apustua barneratzea kosta zitzaizun, beraz.
Asko kostatu zitzaidan. Erasoko jokalari bati kosta egiten zaio defendatzea. Buruarentzat aldaketa handia izan zen, baina urtebeteko lanaren ostean zerbait ikasi nuela uste dut.
Zer eskatzen dizu Bielsak?
Gogoa, eta nire onena emateko. Gainerako taldekideei eskatzen dien gauza bera da. Gero bakoitzak berea egin behar du. Arlo fisikoan asko eskatzen du.
Kanpotik begiratuta, Bielsaren metodologiak ez dauka zerikusirik Lezaman azken urteetan ikusi denarekin. Zuek ere ala ikusten duzue?
Ni oso ezberdin entrenatu naiz orain arte. Hasieran harritu egin gintuen, baina dagoeneko ohitu gara. Asko ari gara ikasten.
Zer erakusten dizuete Bielsaren laguntzaileek ordenagailura gerturatzen zaretenean?
Hurrengo ariketa nola egin behar dugun erakusten digute.
Ez dirudi saio dibertigarriak direnik.
Oso ezberdinak dira. Oso kontzentratuta egon behar dugu entrenamendu guztian. Egiten ditugun ariketak azterketak dira. Norgehiagoketan gertatzen diren jokaldiak lantzen ditugu. Ez da ez aspergarria, ez dibertigarria. Partidan egin behar duguna praktikan jartzen dugu, beste barik.
Athleticen jokoak ahalegin fisiko handia eskatzen du. Gai izango al zarete sasoi guztian neurria emateko?
Horretarako ari gara lanean. Nik uste dut lortuko dugula.
Athleticen jokoan pisua galdu du Llorentek. Baina sei jardunalditan hiru gol sartu dituen jokalaria derrigorrean izan behar da garrantzitsua.
Guretzat pieza garrantzitsuenetakoa da. Derbiaren aurretik ere oso lan ona egiten ari zen.
Atzetik ailegatzen zaretenak erabakigarriak zarete Llorenterentzat. Arlo horretan, area inguruan lasaitasun falta kritikatu diote zure jokoari.
Ados nago. Partida guztietan izan ditut aukerak, eta orain arte ez dut asmatu. Beraz, arrazoia izango dute hori esaten dutenek.
Oscar de Marcos. Athleticeko jokalaria
«Goiz da jakiteko iazko emaitzak hobetzeko gai izango garen»
Bielsak gustuko ditu jokalari indartsuak, eta arabarra da sasoi hasierako ezusteetako bat, dohain bat baldin badu hori ahal fisikoa delako. Ondo jokatuz erantzun dio entrenatzaileari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu