Saskibaloia. Espainiako Superkopa

Goizegi dator

Bilbo Basketek eta Baskoniak jokatuko dute Superkopako lehen finalerdia, oraindik euren sasoi puntu onenetik urrun daudelaBilbo Arena pabiloia bete egingo da denboraldiko lehen txapelketa ikusteko

Andoni Urbistondo.
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Titulu ofizial bat da, baina lagunarteko kutsua daukana». Fotis Katsikaris Bilbo Basketeko entrenatzailearen esana da. Sasoiko titulu merkeena da Espainiako Superkopa, balio gutxien ematen zaiona, eta datak eragin handia dauka izaera horretan. Iraila bukaeran taldeak ondo koipeztatu gabe daudelako, denboraldi-aurreetako akatsetan nahastuta, gihar lesioen ezinean murgilduta. Titulu bat da? Bai. Onenak irabaziko du? Bai. Baina ez du lau taldeen benetako sasoi puntua erakutsiko. Goizegi dator.

Sasoi puntu hori txarra delako. Lehenago itxi ezin izan diren fitxaketak izan edo nazioarteko txapelketengatik izan, Bilbon parte hartuko duten taldeek hamar bat eguneko lan saioak gauzatu ahal izan dituzte jokalari guztiekin. Oztopoak asko izan dira. Honatx Bilbo Basketek eduki dituenak: Axel Hervelle eta Raul Lopezen lesioak, D'Or Fischerren sukarra, Roger Grimauren arazo fisikoak, Kostas Vasileiadis eta Dimitrios Mavroeidisen etorrera berantiarra...

Baskoniak ere dezente eduki ditu: Kevin Seraphin joan den astean iritsi zen Gasteizera, eta Joey Dorsey herenegun. Maciej Lampe ez da ariko, eta Reggie Williams ere ez, gauzak ondo. Thomas Heurtelek hiru aste eman ditu min hartuta, eta, ez oso atzera, jokalari mordoa euren selekzioekin ari ziren: Milko eta Nemanja Bjelica, Mirza Teletovic, Fernando San Emeterio, Pablo Prigioni...

Baldintza horietan, zer? Baskoniak eta Lagun Arok Euskal Kopako finalerdian emandako neurria baliagarria da —83-81 irabazi zuten gasteiztarrek—. Lan bikaina egin zuten donostiarrek lehen erdian, baina eskasa bigarrenean. Kontrako bidea egin zuen Baskoniak. Katsikarisek esan du zaila izango dela 40 minutuko neurketa on bat ikustea: «Ez gurea soilik, lau taldeena baizik. Normalean, bost minutu txar eta bost minutu on tartekatuko dira».

Katsikarisen loreak

Bilbo Basketeko entrenatzaileak atzo egin zuen Superkopako finalerdikoaren lehen balorazioa. Ez zuen bere taldearen hautagaitza baztertu, baina bere hitzetan sumatu zen titulua lortzea oso erronka zaila dela. Hilabete edo hilabete eta erdi beharko omen du taldeak lehiaketari erritmoa hartzeko, eta, Superkopari balioa kendu gabe, euren helburua beste bat dela esan zuen zintzo. «Liga hasteko hamar egun falta zaizkigu, Euroliga hasteko beste hiru aste; bi lehiaketa horiei begira hobetzen saiatuko gara, pausoz pauso».

Katsikarisek loreak bota zizkion Baskoniari: «Nire iritzia da, baina ez nator bat denboraldi honetan aurrekoetan baino okerrago arituko direla dioen iritziarekin. Euskal Kopan ikusi genuen pibot fisiko eta azkarrak dituela, Dorsey ere Seraphinen antzekoa delako. Orain arte pibot garai bat eduki dute, mugimendu onekoa saskipean, baina ez hain azkarra, eta bikote hori azkarra eta indartsua da. Niretzat joan den sasoian baino talde arriskutsuagoa da».

Hasi, hasi zen Katsikaris, eta ez zuen berehalakoan bukatu: «Ribas eta Olesonek urtebete gehiago egin dute, eta Prigioni ere ezagutzen duzue, jokalari ikaragarria da. Zer esan Teletovic eta San Emeteriori buruz. Zaila ikusten dut Baskonia menderatzea, baina saiatu, saiatuko gara».

Pentsatzekoa da bizkaitarrak Miribilla efektua-ri etekina ateratzen ahaleginduko direla. Joan den sasoiko liga bukaeran ernatu zen Miribilla efektua, zaleek taldea hauspotzeko indar erakustaldia eman zutenean, eta Superkopak ekaineko giro haren errepikapena ekarri beharko luke gaur. Baskonia da Bilbon eta Bizkaian kontrako sentimendu gehien eragiten duen taldea, eta harmailak lepo betetzea espero da. Asteazken iluntzean 900 abonu geratzen ziren saltzeko. Miribillak 750 eserleku gehiago izango ditu aurrerantzean, eta 9.650 zale hartu ahal izanen ditu.

Kirol arloari dagokionez, Aaron Jacksonen jardunak erakarriko du arreta handiena. Lan handia egin du udan, eta sasoi betean iritsi da. Prigioni eta Heurtel ez dira hura bezain azkarrak, eta ekuazioa jakina da: Jacksonek ondo jokatzen badu, taldeak ere bai. Hala gertatu zen, behintzat, pasa den denboraldian. Ikustekoak izango dira Seraphin eta D'Or Fischerren arteko bultzadak, edo hiruko lerroko borroka: Pau Ribas eta Nemanja Bjelica bikain aritu ziren Euskal Kopan, baina Janis Blums eta Vasileiadis ere ez dira herrenak.

BILBO BASKET-BASKONIA

Lehiaketa. Espainiako Superkopako finalerdia.

Bizkaia Bilbo Basket. Jackson, Josh Fischer, Blums, Grimau, Vasileiadis, Mumbru, Banic, Mavroeidis eta D'Or Fischer.

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Williams, Nemanja Bjelica, Teletovic, Milko Bjelica, Seraphin eta Dorsey.

Lekua. Bilbo Arena (9.650 ikusle).

Ordua. 19:00 (ETB1 eta Teledeporte).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.