Gol bat sartu, eta aurrera

Athleticek lehenbailehen erabaki gura du gaur Huelvan jokatuko duen Kopako kanporaketa, final-zortzirenetan sartzeko

haritz gallastegi
2008ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Mallorcako mirariari eutsi gura dio gaur Athleticek Colombino Berrian. Huelvan Espainiako Kopako final-zortzirenetarako txartela eskuratzea ez litzateke sinestezina izango, ordea. Derrigorrean eman beharreko pausoa behar luke izan. Izan ere, talde zuri-gorriak gol biko abantaila lortu baitzuen joanekoan. Errenta handia da Lehen Mailako talde bi aurrez aurre daudenean. Egun, parekotasun handia dago taldeen artean. Beraz, huts egiten duenak nekez ematen dio buelta egoerari. Athletic salbuespena ez izatea da helburua.

Recreativo aukera barik lagatzeko lehenbailehen gol bat sartzea da talde bizkaitarraren asmoa, gol horrek aurkaria lau gol sartzera behartuko baitu, arriskatzera alegia. «Garrantzitsuena gola sartzea da», adierazi du Joaquin Caparrosek asteon.

Lucas Alcarazek zuzentzen duen taldeak zein asmo dituen jakitea ez da samurra. Joanekoan, San Mamesen, ligan ohikoak ez diren zazpi jokalari zelairatu zituen. Gaur etxean jokatuko du, zaleen aurrean. Beraz, pentsatzekoa da ez duela kanporaketa galdutzat emango.

Dena dela, Athletic ezin da aurkariak egiten duenari begira egon, zuri-gorrientzat garrantzitsua izango baita hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzea. Gaur egun, Athleticentzat askoz gehiago balio du Kopan aurrera egiteak eman diezaiokeen konfiantzak lehiaketatik kanpo geratu eta Ligan buru-belarri aritzeko aukera izateak baino, orain arte erakutsi duen baino askoz gehiago emateko gai baita Caparrosen taldea.

Bide batez, orain arte jokatzeko aukera gutxi izan duten futbolari interesgarriei jokatzeko aukera emateko balia dezake entrenatzaileak partida. Horrek ez du esan gura Kopa alde batera utzi behar duenik. Aurreko denboraldietan ez bezala, sasoi honetan futbolari onak baitaude zuri-gorrien aulkian.

Colombino Berrian euren maila erakusteko aukera izango dute orain arte ahaztuta egon diren futbolarietako batzuek. Joanekoan egin zuen legez, oraingoan ere ligan ohikoak direnak eta gutxi jokatzen dutenak uztartuko ditu entrenatzaileak. Atzealdean espero da aldaketa gehien izatea. Hegaleko biak berriak izango dira. Ezkerrean Koikili arituko da, Balenziagaren lekuan. Eskuinean, berriz, Gurpegik jokatuko duela dirudi. Gurpegik, bai. Taldea osatzeko orduan egindako akatsen ondorioa da euskarria hegalean ikustea. Zuzendaritzak Athleticeko ateak zabaldu zizkion Expositori, eta Elxeri utzi zion Zubiaurre. Horrenbestez, berezko ordezko barik geratu zen Iraola. Murillo, Gurpegi edo harrobiko jokalariren bat igotzea dira orain dauden aukerak. Gaur Andosillakoak jokatuko duela dirudi. Nafarrak berea emango du. Ez da lotsagarri arituko. Baina ez da erabaki serioa.

Hegalekoetan ez eze, zelai erdian ere egon daiteke berritasunen bat. Izan ere, baliteke Xabier Etxeitak debuta egitea nagusiekin. Zornotzako jokalari gaztea denboraldi hasieratik ari da nagusiekin entrenatzen, baina asteburuan bigarren taldearekin aritzen da. Derbirako Ustaritz eta Ocio baino ez daudela kontuan hartuta, pentsatzekoa da bietako batek atseden hartuko duela.

Aukera, askorentzat

Halaber, zelai erdian eta aurrean aritzen diren jokalari gazteen ekarpenaren zain daude jarraitzaileak. Markel Susaetak horren gutxi jokatzeko arrazoiak ez daude argi. Eibartarrak indartsu ekin zion denboraldiari, baina aspaldian bigarren zatietako azken minutuetan baino ez du jokatzen. Ezker hegalean Joseba Del Olmo aritu daiteke. Futbolari zuzena da, baina zalantza asko eragin ditu. Lehen Mailan lekua duela erakutsi behar du. Baita Ander Iturraspek ere. Baskoniatik, 3. Mailatik, zuzenean eman zuen gorengo mailarako pausoa. Caparrosek deitzen ez dionean 2. B Mailan aritzen da. Bigarren taldean ez da ari espero zena ematen. Hala ere, entrenatzailearen babesa dauka.

Aurrean, agian, Garmendia eta Velez arituko dira. Basauritarra gogotsu dago. Eguneroko lanean jarraikortasuna izan duenez, fisikoki ere aurrerapausoa eman du. Orain zelaian eman behar du pauso hori. Velez ematen ari den pausoa, hain zuzen ere. Jokatzen duenean gauza onak egiteko gai dela erakusten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.