Athletic. Raul Fernandez; Ramalho (Iraola, 46. min), Ekiza, San Jose, Aurtenetxe (Susaeta, 46. min.); Ander Herrera, Iñigo Perez, David Lopez (Iturraspe, 46. min.), Gabilondo, Toquero eta Ibai Gomez.
Getafe. Moya; Arroyo, Cata Diaz, Perez, Torres; Sarabia (Hugo Fraile, 77. min.), Rodriguez, Casquero (Lacen, 89. min.), Gavilan (Pedro Leon, 50. min.); Barrada eta Miku.
Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Ekizari; eta Getafeko Rodriguezi, Cata Diazi eta Casquerori.
Bestelakoak. 32.000 ikusle inguru San Mamesen.
Jokoan nagusitasuna erakutsiz, baina golik ezin sartuz. Halaxe aritu zen Athletic atzo Getaferen aurka, San Mamesen. Zuri-gorriak partidaren jabe izan ziren, eta joko ona egin zuten, Europako Ligako finalaren atarian. Aurkariaren ate aurrean, baina, ez ziren fin aritu etxeko aurrelariak, eta puntu bakar batekin konformatu behar izan zuten. Atzoko norgehiagokatik ondorioak ateratzea ez da erraza, ordezko askok ere jokatu zutelako, baina huts egindako aukerak ikusita, Bielsaren taldeak golak Bukaresterako gorde dituela esatea zilegi da.
Jokoan lortutako nagusitasuna ezin erakutsiz. Halaxe aritu ziren zuri-gorriak lehenengo zatian. Bielsak aulkian utzi zituen ohiko hainbat jokalari, eta igarri egin zen. Azken metroetan, bereziki. Zelai erdiari oreka eman zion Ander Herrerak, eta bera bakarrik nahikoa izan zen Getaferi arnasa estutzeko. Sakontasun ezak, baina, ezerezean utzi zuen etxekoen maila. Eskuin hegaletik jokaldi politak osatu zituzten, baina Moya estutasun larrian ipini gabe. Pentsa, lehenengo aukera 26. minutuan izan zuen Athleticek. Ibai Gomezek, zehazki. Gabilondoren erdiraketa bat ez zuen behar bezala errematatu bizkaitarrak.
Getafeko atezainak bezalaxe, Raul Fernandezek ere apenas izan zuen lanik. 39. minutuan Barragak arrisku apur bat sortu zuen bere ate aurrean, baina ez zuen asmatu baloia sareratzen. Gutxitan ikusi ahal izaten da zuri-gorrien ordezko atezaina lanean, eta behin tokatutakoan, ezin izan zuen bere burua luzitu. Aparteko istoriorik gabe heldu ziren bi taldeak atsedenaldira. Bueltatzerakoak, bada, sorpresa handia hartu zuen San Mamesen batek baino gehiagok.
Izan ere, entrenatzaile argentinarrak aldaketa hirukoitza egin zuen. Hain zuzen ere, Iraola, Iturraspe eta Susaeta zelairatu zituen. Datorren asteazkenean hain lehia garrantzitsua edukita, ulertzen zaila da Bielsaren erabakia, baina tira. Egia da aldaketa horiek mesede egin ziotela taldeari jokoan, baina zenbateraino merezi ote zuen atzokoan horrek.
Lehenengo zatiaren ildo beretik jarraitu zuen bigarrenak. Alegia, aukera gutxi izan ziren, eta apur horiek Athleticek izan zituen. Garbiena 76. minutuan iritsi zen. Susaetaren erdiraketa bat Gabilondok errematatu zuen, eta birritan jo zuen baloiak langan. Minutu batera Ibai Gomez ere gola egiteko zorian izan zen, baina atzokoa ez zen eguna.
Kontuak kontu, bihotza eta burua Bukaresten dauzka Athleticek. Eta baita zaleek ere. Ez da gutxiagorako. Ligan egin beharreko lanak eginda daude, ez baitute deus ere jokoa, eta orain ametsak egia bihurtzen hastea tokatzen da. Bi final jokatu behar ditu, eta titulua lehenengoan lortzea hobea izango da, bigarrenerako ezer utzi gabe.
Athletic 0. Getafe 0
Golak Bukaresterako
Athleticek ezin izan dio irabazi Getaferi, baina itxura txukuna eman du Europako Ligako finalaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu