Golak edo ikatza
Athleticek aho zapore gozoarekin amaitu gura du urtea. Caparrosek «zortea eta golak» falta direla dio
Athleticek aho zapore gozoarekin amaitu gura du urtea. Caparrosek «zortea eta golak» falta direla dio
haritz gallastegi
Bilbo
Elorrio Bizkaiko herri txiki eta politeko herritarrak notizia izan dira azken asteotan. Duela gutxi abiadura handiko trenaren gaineko galdeketa egitea erabaki zuen herritar talde batek Udalaren babesarekin. Botoa eman zutenek ezezko biribila eman zioten proiektuari. Atzo, berriz, Espainiako Loteriak makina bat milioi euro utzi zuen Lagun Toki elkartean. Zortekoak eurak. Bada, gaur atzo baino hobeto bizi diren lagun horietako batzuk San Mamesera begira egongo dira 21:00etan. Bizkaiko herri gehienetan bezala elorriotar askok ere oso gertutik jarraitzen baitute talde zuri-gorria.
Olentzerori beste ahalegin bat ere eskatuko dio batek baino gehiagok. AHTrekin edo trenik barik, baina zakuan Athleticentzat gorde dituen baloiak eta zortea lehenbailehen ailegatu beharko dira Katedralera. Athleticek behar ditu eta. «Golak eta zorte apur bat falta zaizkigu. Golek erabat aldatzen dute partida. Halaber, konfiantza ematen diote taldeari. Zortea ere faltan sumatzen dut. Izan ere, intentsitate eta joko oneko partidak jokatu ditugula uste dut», adierazi zuen Joaquin Caparrosek.
Athleticeko entrenatzaileak Olentzerori zer eskatu dion jakinekoa da. Beharbada Ezquerro, Xabi Alonso, Arteta eta enparauak ere eskatuko zituen, baina jokalari hauek pisu larregi dute Olentzeroren zakuan etortzeko.
Athleticek behar du zerbait, bai. San Mamesen jokatutako zortzi norgehiagoketatik bakarra irabaztea kezkatzeko modukoa baita. Horrelako estatistikekin zorte eza argudio gisa erabiltzea ez da nahikoa. Athleticek oso gutxitan izan baitu zortea izateko aukera. Zortea baloia aurkarien ate inguruan dabilenean izaten da: penalti inozo bat, penaltirik egon ez den jokaldian epaileak huts egitea, aurkariak bere atean sartutako gola, jaurtiketa txar bati esker sartutako gola... hori da zortea izatea. Baina zortea bilatu egin behar da.
Murtziaren aurka aukera ona izango du Athleticek Caparrosek faltan sumatzen duen zortea izateko. Lucas Alcarazek zuzentzen duen taldea zuri-gorrien egoera bertsuan dago. Puntu kopuru berbera du, eta zuri-gorrien antzera gora egin gura du sailkapenean. Hilabete eta erdi irabazi ezinda egon ostean, joan den jardunaldian Racing mendean hartu ostean lasaiago daude orain Espainia hegoaldekoak. Murtziak, Athleticek eta euren antzera dauden beste ia 10 taldek gabezia berberak dituzte. «Hasieran ez genuelako golik sartzen kritikatu gintuzten. Azken partidetan gehiago ari gara asmatzen, baina guri ere sartzen dizkigute», esan zion BERRIAri Iñigo Velez Mendizabal aurrelari gasteiztarrak.
Athleticek lehen minututik erakutsi beharko du Murtziak baino gogo handiagoa duela neurketa irabazteko. Alcarazen taldea ez baita arriskatuko. Bere aukeraren zain egongo da atzean, eta kontraerasoan jokatzeko aukera ikusten duenean bakarrik abiatuko da erasora. Horregatik, garaipen gosearekin ez baizik buruarekin jokatu beharko du Caparrosen taldeak.
BI ALDAKETA HAMAIKAKOAN. Murtziaren armiarma sarea apurtzeko ezinbestekoa izango da euskarrien eta hegalekoen beharra. Yestek eta partida bateko zigorra bete ostean taldera bueltatuko den Orbaizek izan dezakete giltza. Eurak dira Athleticen talentu handien duten jokalariak. Eurak dira baloia oinetan dutenean gainerakoek baino azkarrago pentsatzeko gaitasuna dutenak. Beraz, eurek egiten duten jokoaren araberakoa izango da Athleticek arriskua sortzeko duen gaitasuna.
Dena dela, eta euskarriek ez eze, hegaletako jokalariek eta Etxeberriak ere ardura handia izango dute talde zuri-gorriaren erasoko jokoan. Gabilondo, David Lopez eta elgoibartarra izango dira zuloak aurkitzeko arduradunak. Aspaldian ez dituzte asko aurkitu. Taldearen erreferentzia, berriz, Llorente izango da.
Atzealdean Unai Expositok jokatuko du Iraolaren partez. Denboraldiko hirugarren partida izango da Barakaldoko eskuin hegalekoarentzat. Ligako lehen jardunaldian Osasunaren kontra jokatu zuenetik (orduan ere zigortua zegoen Iraola), 18 minutu besterik ez du jokatu. Denbora gutxi joan den sasoian mailari eusteko garrantzitsua izan zen jokalari batentzat. Are eta mingarriagoa, gainera, bere postuan hegalekoa ez den jokalari baten aldeko apustua egin dutenean. Ea aukera aprobetxatzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu