REALA

Golak eginda ere, ezin

Realak aurrea hartu du Espanyolen aurka, baina epaileak Rulli kaleratu izanak baldintzatu du lehia, eta azken txanpan irabazi dute kataluniarrek

jon eskudero
2015eko irailaren 20a
09:51
Entzun

Burua altxa ezinda jarraitzen du Realak. Merezimenduak eginda ere, hanka okerrarekin ekin diote ligari txuri-urdinek. Orain arte akaso ez, baina, Espanyolen aurka, hiru puntuak lortzea merezi izan du David Moyesen taldeak. Dudarik gabe, gainera. Reala Espanyol baino askoz gehiago izan da, baina lehen zatiaren amaieran gertatutako jokaldi batek erabat baldintzatu du lehia. Rullik penalti argia egin dio Asensiori, eta kalera joateaz gain, banakoa ezarri du Espanyolek markagailuan. Halere, bigarren zatian gehiago izan dira etxekoak. Azken txanpan bazirudien puntu batekin konformatzeko moduan izango zirela, baina ez. Gaizki hasten dena gaizki bukatzen omen. 90. minutuan 2-3koa egin du Espanyolek, eta Realak olatuaren aurka igeri jarraitu beharko du.  
Ez da gaizki hasi lehen zatia Realarentzat. Puntu premiak behartuta edo, garaipen gosez zelairatu dira txuri-urdinak, intentsitate handiz, eta menpean izan dute lehia. Hastapeneko minutuetan pazientziaz mugitu dute baloia, gol aukerak iritsiko zirela jakinda, eta Illarramendiren zein Canalesen hanketatik igaro dira baloi denak. Lehen aukera halaxe  heldu da. Canalesek  pase zoragarria eman dop Velari, eta hark ozta-ozta ez du gola lortu. Ordea, 19. minutuan merezitako saria jaso dute etxekoek. Berriz ere ezker hegaletik jokaldi ona josi, eta De la Bellaren erdiraketari amaiera paregabea eman dio Agirretxek. Nork bestela. 290 minutuko gol lehortea usurbildarrak amaitu du. Espanyoleko defentsei bizkarra hartuta, azti jokatu du aurrelariak.
Gol horrek lasaitasuna eman dio Realari, eta beste patxada batekin jokatu ditu hurrengo minutuak. Nola ez. Espanyol nahi eta ezin aritu da. Ahalegindu da pauso bat aurrera egiten, baina ezer gutxi erakutsi du Sergioren taldeak. Gabezia asko azaldu ditu. Aparteko misteriorik gabe zihoazen minutuak aurrera, baina 42.ean partida baldintzatuko zuen jokaldia gertatu da. Victor Alvarezek pase ona sartu dio lerroartean Asensiori, eta hark Rulliren kaleratzea eragin du. Argentinarra itsu-itsuan atera da atepetik, eta aurrean eraman du Espanyoleko jokalaria. David Moyesek Bruma atera du zelaitik Oier Olazabal sartzeko, eta irundarrak ezin izan du penaltia geratu bere debutean. Gerard Morenok ez du barkatu.
Gauzak hala, bigarren zatiari hamar jokalarirekin egin beharko zion aurre Realak. Egiari zor, hiru puntuak lortzeko merezimenduak egin ditu. Lehenik, Agirretxe gola egitetik gertu egon da 48. minutuan, eta Illarramendik ere aukera garbia izan du geroago. Ordea, asmatu duena Espanyol izan da. Eta birritan gainera. Izan ere, 86.ean binakoa egin du Jonathasek, baina azken minutuan ihes egin dio garaipenak Realari. Bada zer konpondua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.