Osasunak eta Eibarrek denboraldiko lehen derbia jokatu dute gaur Sadarren. Ez da historiara pasatuko, gatzik eta piperrik gabeko norgehiagoka izan baita. Golen eta ikuskizunaren faltan, borroka eta parekotasuna nagusitu dira. Etxeko taldeak izan du partidako aukerarik garbiena, 56. minutuan, baina Marko Dmitrovicek geldiketa bikaina egin dio Ezequiel Avila Chimy-ri. Ezer gutxi gehiago egon da, eta neurketak apenas izan duen erritmorik, epaileak hamaika aldiz eten baitu partida: zortzi txartel hori atera ditu, lau talde bakoitzari.
Gaurko emaitza ona da bi taldeentzat, baina batez ere Osasunarentzat, lehen bi partidak jokatuta jada lau puntu eskuratu baititu. Ez du galdu, eta itxura sendoa eman du, golik ez baitiote sartu. Gaurko emaitzari esker, gainera, eutsi egin dio etxean daraman bolada ikusgarriari: hamasei hilabete pasatxo daramatza Sadarren galdu gabe.
Eibarrek, berriz, estreinakoan Palman (Herrialde Katalanak) baino itxura hobea eman du, batez ere defentsan. Gaur ez du huts larririk egin, eta albiste ona da hori. Hala ere, ezer gutxi egin du erasoan. Argi geratu da asko duela hobetzeko. Lehen puntua lortu du jada, eta horrek mesede egingo dio lanean jarraitzeko.