Epailea: Perez Lasa. Txartel horia Osasunako Nekunam eta Cejudori. Bestelakoak: 14.084 ikusle N. Erresuman.
Bi jardunaldiz jarraian bere partida irabaziz gero laugarren posturainoko jauzia emateko aukera zuen atzo Osasunak, baina iragan larunbatean Zaragozan egin bezalaxe, atzo ere kale egin zuten gorritxoek Nafarroako Erresuman Getaferen aurka. Hiru puntuen bila gehien saiatu zen taldea Jose Luis Mendilibarrena izan zen zalantzarik gabe. Lehen ordu laurdena eta azken ordu erdia Getaferen zelai zatian jokatu ziren ia osorik, baina ondo lehiatu arren, gol aukera gutxi sortu zituen Osasunak, eta izandako apurretan bikain aritu zen Moya atezaina
Jardunaldi honen hasieran baino urrunago izango dira laugarren postutik jardunaldiaren amaieran, ziurrenik. Puntuak banaka batzea ez da nahikoa Europako postuetan finkatzeko. Talde asko ari dira lehia horretan eta etxean puntuak hirunaka batzea ezinbestekoa da Osasunarentzat. Baina atzo egindakoa baino askoz gehiago eskatzerik ez dago. Aurkaria ito egin zuten, grina handiarekin aritu ziren eta etengabe aritu ziren golaren bila. Kalitatea falta denean ahalegina soilik ez da nahikoa izaten, ordea.
Osasuna ondo sartu zen norgehiagokan, eta bere ohiko ezaugarriekin Getaferi partida deserosoa eskainiko ziola zirudien lehendabiziko minutuetan. Moya atezaina lanean jartzea asko kostatu zitzaien gorritxoei, dena dela. Geldikako jokaldiei etekinik ateratzen ez zuten asmatzen eta jokoan baloia area ertzeraino soilik eramaten zuten, azken erabakia beti aldrebesa zelarik.
Lehendabiziko minutuetako presioa zertxobait baretu zenean, gainera, Getafek baloiaren jabetza eskuratu zuen eta Luis Garciaren taldeak ezerezean utzi zuen gorritxoen ahalegina minutuak pasa ahala. Kalitatea dute Getafeko zelai erdiko jokalariek baloia oinetan dutenean, eta Michel, Lacen, Castro eta enparaua nagusi izan ziren minutu askotan. Zorionez, espainiarrek ere ez zuten gol aukera argirik sortzen, dena dela.
Manek urrutitik egin erremate batetan soilik jarri zuten lanean Andres Fernandez, eta Cata Diazek falta bat buruz errematatu zuenean soilik lortu ahal izan zuten gola, baina atzelari argentinarrak gehiegi gurutzatu zuen baloia bere errematean. Eta lehen zatia amaitzear, Osasunak hartu ahal izan zuen aurre markagailuan. Puñalek jokoan azkar eta dotore jarritako falta jaurtiketa ezin izan zuen baliatu Ninok Moya gainditzeko, dena dela.
Lekicen itzulera
Bigarren zatiaren lehendabiziko minutuetan ere baloiaren jabetza Getaferena izango zela zirudien, eta Diego Castrok eta Pedro Riosek area barruan jaurtiketa bana egiteko aukera izan zuten. Ikaratu ordez, Osasuna gora etorri zen, ordea. Raul Garciaren kontraeraso bikain batetan, Lamahk baloia Ninori orpoz dotore utzi zion eta aukera ona izan zuen Osasunako aurrelari txikiak. Moya berriz agertu zen. Baina jokaldi haren ostean, eta batik bat Lekic zelaian sartu zenean —eskumuturra hautsi eta hilabetera—, partida erabat aldatu zen.
Jose Luis Mendilibarren mutilek joko zuzena egin beste aukerarik ez zuten askotan, eta aurrean Nino soilik zegoenean ez zen erraza, baina Dejan Lekicen sarrerarekin Getafe kikildu egin zen. Aurrelari serbiarra erreferentzia gisa jarri, eta Nino ezkerrera bidalita, Osasunaren joko zuzena eraginkorragoa izan zen, eta Getafek ez zuen lortzen bere zelai zatitik irteterik. Raul Garcia eta Cejudo eskuin hegaletik min egiten hasi ziren eta Lekicek estu hartu zituen Cata Diaz eta Alexis. Luis Garciaren mutilek partida amaitu baino ordu laurden lehenago amore eman zuten. Irabaztearekin ahaztu eta berdinketa defendatzea soilik jarri zuten helburutzat. Osasuna askoz gehiago zen. Baina tamalez, Getafek bere helburua lortu zuen.
OSASUNA 0. GETAFE 0
Golik gabe, ezin irabazi
Lehen zati orekatuaren ondotik Osasuna jaun eta jabe izan da bigarren zatian, baina gola egiteko aukera argirik sortu gabeMin hartu eta lau astera Lekicek jokatu egin du, eta taldeak hobera egin du harekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu