SOKATIRA. LAUKO EUSKADIKO TXAPELKETA

Goma gogorretik lur bigunera igarotzeko unea heldu da

Etzi hasiko da Lauko Euskadiko Txapelketa Basaurin, zortzi klubekin

DONOSTIA
2005eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Iaz ere asteburu honetan hasi zen Lauko Euskadiko Txapelketa, Berriatuan. Aurtengoa hirugarren urtea izango da, eta Basaurin (Bizkaia) abiaraziko dute, igandean. Soilik gizonezkoak ariko dira lehian, eta hiru pisutan. Iaz hiru talde lehiatu ziren emakumezkoetan, baina aurtengo goma gainekoa jokatu ondoren, ez dira animatu lurrean tiratzeko.

Zortzi klub ariko dira txapelketan; iaz baino bi gehiago. Areso berriro ariko da, eta, Artzentales eta Bartzun berriak izango dira. Aitzitik, Abadiño izango da hutsunea iazkoarekin alderatuta. Izan ere, aurtengo goma gaineko txapelketak luze jo du, eta, tartean, berek antolaturiko Nazioarteko Txapelketa izan dute. Halere, tiralariren batek jardun dezake beste talderen batekin, Julen Ardanzak, esate baterako, gogoa duela esan baitu.Tiralekuei dagokienez, Zamudio eta Basauri izango dira berrikuntza. Bestalde, 320 kilokoak hartuko ditu talde gehien: hamasei. Pisu horretan Goiherrik lau talderekin jardungo du. Arautegiari dagokionez, lau metrora jokatuko dela da aipagarriena.

Bihar hasiko da Nafarroako goma gainekoa, Sunbillan

Nafarroako Txapelketak ere, antzekotasun handia izango du iazkoarekin, Sunbillan hasiko baita, bihar (18:00). Iaz ez ziren aritu emakumezkoak, baina aurten bai. Bi pisutan ariko dira, 480 eta 520 kilokoetan. Hiru talde lehiatuko dira: Sakana, Burlata eta Bera. Bera lehen aldiz ariko da, eta Burlata taldea herri desberdinetako tiralariek osatuko dute, besteak beste, Burlata, Imotz eta Berriozarkoek.

Gizonezkoetan, berriz, Txantrea, Burlata eta Berriozar ariko dira 580, 600 eta 640 kilokoetan. Iazkoarekin alderatuta, Lesakako Beti Gazte eta Ezkabaondoa izango dira hutsune. Beti Gaztek ozta-ozta osatu zuen taldea Euskadiko Txapelketarako, eta badirudi Nafarroakoak ez duela gehiegi animatu.Biharko lehen saioan, gizonezkoen 640 kilokoak ariko dira. Pisu horretan bi jardunaldi jokatuko dituzte eta lehen sailkatuak jantziko du txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.