Gonbidatua baino gehiago

David Merinok debuta egin zuenetik jokaturiko binakako 29 partidetatik 19 irabazi ditu, eta txapelketan aurkarien errespetua eta laudorioak iritsi zaizkio.

David Merino, binakako txapelketako partida batean. G. GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Ustekabe goxoa izaten ari da, eta lau aste nahikoa izan ditu binakakoaren aurkezpenean bere inguruan sorturiko zalantzak uxatzeko. David Merino 20 urteko errioxar gaztea da, eta iragan maiatzetik, profesional mailako debuta egin zuenetik, ia astero harritu du pilotazalea. Hasi eta gutxira tokia egin zuen estelarretan, gero udako ferietan, eta azkenik binakako txapelketan. Bilakaera horretan estatistika da haren makulurik sendoena: 29 partida jokatu ditu binaka, eta 19 irabazi, bi herenak baino gehiago. Batez besteko bikaina debutari batentzat. Gaur jokatuko du 30.a, Lizarran, Irujoren alboan eta Berasaluze eta Apraizen aurka (22:00, ETB1).

Binakakoan Irujo Iberokoaren bizkarra zaintzea egokitu zaio, eta haren itzalpean 22-4 galdu zuen lehen partidan. Txapeldunak, baina, eskua mindu zuen, eta Aritz Lasa izan zuen bikote hurrengo bi partidetan. Pisu gutxiagoko aurrelari batekin, Merino azaleratu egin zen. Lehenbizi Titin eta Pascualen aurka irabazi zuen, eta gero lan bikaina egin zuen Olaizola II.a eta Beginoren aurka. Partidaren bukaeran, Auzakoak aurkaria goratu egin zuen. «Ez da lan erraza izan, partidaren hasieran ondo baztertu du pilota, eta asko kostatu zait aurre egitea. Binakakoan tokia baduela erakutsi du».

Aurkariez gain, kideen, edo kidearen, errespetua ere irabazi du.Iragan astean, Irujok bota zizkion lorea. «Nire zalantzak nire eskuen ingurukoak dira, oso argi baitaukat Davidek neurria emango duela». Eta eman zuen, eroso irabazi baitzieten Gonzalez eta Laskuraini. Gaur, berriz, partida zailagoa izango du Lizarran, eta oso garrantzitsua, txapelketako sailkapenean eurekin berdinduta dagoen bikote baten aurka ariko baitira. Biek bina garaipen dituzte, eta irabazleek pauso garrantzitsua emango dute gorako bidean. Herenegun Remontival pilotalekuan eginiko pilota aukeraketan hotz handia egiten zuen, eta gaur aire beroko kanoiak jarri beharko dituzte.

Azkenik, iragan asteko eztabaida eta kexuen ondoren, atzo ez zen inolako arazorik egon Eibarko eta Logroñoko pilota aukeraketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.