Sebastian Gonzalez suhiltzaile lanetan aritu zen atzo. Aurrelariak binakako txapelketatik kanpo gelditu berritan adierazpen gogorrak egin zituen enpresaren aurka, eta astebete geroago, barkamena eskatu zuen. Fernando Bidarte enpresako buruari eskatu zion barkamena bereziki, baita bere adierazpenekin minduta egon zitezkeen enpresako kideei ere. Haserreak eragindako adierazpenak izan zirela argitu zuen, eta hemendik aurrera buruz burukoa ondo prestatzean jarriko duela arreta guztia.
Xalak joan den ekainean buruz buruko finala jokatzeko ahal zuen guztia egingo zuela esatera agertu zen areto berean eman zuen prentsaurrekoa Gonzalezek, Irungo kanpoaldeko hotel batean. Horretan bakarrik etorri ziren bat, baina, bi agerpen publikoak. Urrun zen, halaber, Azkainekoak ostegunean BERRIAri emaniko elkarrizketan erabilitako tonua. Damututa zegoen. «Barkamena eskatu nahi dut, Fernandori [Bidarte] bereziki —badakit adierazpenek min handia egin diotela—, eta, bide batez, enpresako lagunei, nire hitzekin mindu baditut. Ni nire eskubideen alde ari nintzen». Ez zuen beste inor izendatu. Barkamen eskea, dena den, ez zen ezustekoa izan, Aspek berak igorri baitzuen prentsaurrekorako deialdia, eta sua bizitzeko balitz, pilotariak ez zuen erabiliko enpresa. Azalpenak ez ziren luzeak izan, eta prentsaurrekoan bildutakoen artean zalantza gelditu zen barkamen eskaera behartua izan ote zen. Era berean, adierazgarria zen Asperen webgunean lau jaialdi ageri zirela atzo, eta Gonzalez ez zela ezta batean ere agertzen.
Aurrelariak azaldu zuenez, adierazpenak beroaldi baten ondorio izan ziren, oso haserre irten zelako azalpen eske joan zenean Aspeko buruekin egindako bileratik. «Ez nintzen konforme erabakiarekin; oso haserre nengoen. Uda oso gogorra izan zen, eta berriz ere nire maila hartu ondoren bizkarrekoa izan zen kanpoan gelditzea». Haserrearen berotan, besteak beste, Bidartek hanka sartu zuela onartu ziola adierazi zuen, bere ordez pilotalekuak beteko zituen aurrelari gipuzkoar bat sartu zutela, eta Aritz Lasa Errandonearen «babestua» zela.
Ipar Euskal Herrian «olatu» bat sortuko zela aurreratu zuen era berean, Xalarekin gertatu bezala berriz ere Ipar Euskal Herriko pilotarien aurkako erabakia hartu zelako, eta Azkaineko alkateak Asperen jaialdiei boikota egiteko deia ulertzen zuela. Atzoko agerraldian, halere, ez zuen boikot deia gaitzetsi. «Norbera da bere iritziaren jabe da, eta pertsona bakoitzak maite duen horren alde egiten du. Hortik aurrerakoak enpresaren kontua dira».
Binakakoa hasi berri da. Gonzalezek, baina, txapelketan ordezko gisa parte hartzeak ilusiorik ez ziola egiten esan zuen aurreko astean, eta binakakoakez zuela interesik berarentzat. Atzo, berriz, ez zion eragozpenik jarri ordezko postuari, baina saihestu egin zuen gaia. «Momentuz ez dago min hartutakorik, eta pozten naiz. Ea hala jarraitzen duen. Erabaki hori ez dagokit niri; hori enpresak ikusi beharko du». Azkenik, hainbat hedabidek izandako jarrera kritikatu zuen. «Ez zuten nirekin hitz egin. Beste batzuei esandakoen arabera idatzi zuten idatzitakoa, eta bakoitzak bere saltsa eraiki zuen». Agerraldiarekin, sorturiko zalaparta «itxitzat» jo zuen.
Gonzalez, sua itzali beharrean
Aspeko kideei barkamena eskatu die, horko buruari «bereziki», aurreko astean esandakoengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu